Dromedarioen ur-biltegiaren kondaira

Animalien aferak · Dibulgazioa

Ura


Plinio Zaharrak, bere Naturalis Historia liburuaren VIII. liburukian honakoa zioen: «Egarriari eusten diote, bai eta lau egunetan zehar ere, eta edateko aukerarik dagoenean, iraganetik eta etorkizunetik hartzen dute ura; hori bai, ostiko eginez ura uhertu ondoren, bestela ez baitute urik edan nahi.» Plinio Zaharraren eta, seguru asko, haren garaikideen ustetan, dromedarioek ur-biltegi bat zeukaten beren baitan. Mendeetan zehar bilatu izan dute biltegi hori, eta naturazaleek hainbat organo proposatu izan dituzte zeregin horretarako. Batzuek, esaterako, errumena zela uste zuten. Gero, ura metabolismotik lor zitekeela jakin zenean, konkorrean gordetzen ziren lipidoetatik atera zezaketela proposatu zuten beste batzuek.

1. irudia:
1. irudia: Dromedarioek edaten duten ur-bolumen handia lehenago galdu duten ura berreskuratzeko da eta ez ura pilatu eta gordetzeko.

Horrelako ustekizunak ziren nagusi Schmidt-Nielsen fisiologo handiak kontua aztertu zuen arte. Bazituen kanguru-arratoiari buruz egindako beste zenbait lan eta bazekien kanguru-arratoia urik edan gabe bizirik manten zitekeela. Baina dromedarioak desberdinak dira: aski ezaguna zen ura edan behar dutela, nahiz eta ur-eskasia ongi baino hobeki jasan. Bada, Schmidt-Nielseni jakin-mina piztu zitzaion eta Algeriako basamortu sakonean dagoen oasi batera jo zuen emaztearekin eta hiru seme-alabekin urte oso baterako. Sahararen erdian zegoen oasi hori; han, udan, 43 °C-tik gora igo daiteke tenperatura. Bere autobiografian (The camel’s nose, 139 or.) oasi horretan udan egiten zuen beroaz idatzi zuen:

Lagrib could again buy eggs, but it was so hot we had to eat them immediately; if we kept them for a day, a chick promptly started developing. Lagrib had an ingenious approach to the problem of getting fresh eggs: if a woman had more than two eggs for sale, he didn’t buy any, but if she had only one or two, he felt reasonably certain that they had been laid the same day. Usually he was right.

«Lagrib-ek arrautzak eros zitzakeen berriro, baina hain zen bero, berehala jan behar genituen; egun oso baterako gordetzen bagenituen, berehala garatzen zen txita bat. Lagribek bazuen arrautza freskoak lortzeko modu azkarra: emakume batek bi arrautza baino gehiago bazituen salgai, ez zion erosten, baina arrautza bat edo bi baino ez bazituen, egun berean errunak zirela pentsa zezakeela uste zuen. Gehienetan asmatu egiten zuen.»

Schmidt-Nielsen berehala konturatu zen gameluek ez zutela ur-biltegi berezirik; izan ere, gameluen gorputzaren ur-edukia eta gainerako hausnarkariena oso antzekoak dira. Konkorrean dituzten lipidoak ez dira, inondik ere, ur-iturri egokia. Lipidoen katabolismoaren ondorioz ura sortzen da, bai, baina lipido horiek oxidatzeko beste substratuak katabolizatzeko baino oxigeno gehiago behar da, eta oxigeno hori arnas eginez eskuratu behar denez, arnas azaleretatik ur gehiago galtzen dute arnasa hartzen metabolikoki lortzen dutena baino. Schmidt-Nielsenek argi utzi zuen dromedarioek edaten duten ur-bolumen handia lehenago galdutakoa berreskuratzeko dela, ez ur gehiago gordetzeko.

2. irudia:
2. irudia: Gameluek duten ilajeari esker isolatze egokia lortzen dute eta eguzkiari so esertzen dira eguzkiaren irradiazioaren intentsitatea gutxitu nahian.

Gameluen jasankortasun handia, beraz, beste ezaugarri batzuei zor zaie. Hasteko, gorputzaren bero-irabaziak mugatu egiten dituzte. Errepara diezaiogun ilajeari, esaterako; oso trinkoa da, eta, horri esker, isolatze egokia lortzen dute. Gainera, distiratsua da, eta horrela eguzki-irradiazioaren zati bat islatzen da. Jokabidea ere garrantzitsua da: eguzkiari so esertzen dira, irradiazioaren intentsitatea murriztuaz.

Moldaerarik eraginkorrenak, baina, fisiologiari dagozkio. Oso zorrotzak dira ura aurrezten eta ez dute erraz galtzen. Hortaz, gernu gutxi ekoizten dute, eta gernu-ekoizpena areago murrizten dute urik edan ezin dezaketenean. Hori dela eta, kontzentrazio altuko gernua sortzen dute: odolarena baino 8 aldiz altuagoa da gameluen gernuaren kontzentrazio osmotikoa[1]. Azkenik, gorotzetan ere ur gutxi galtzen dute (% 45eko ur-edukia dute bakarrik).

Animalia askok arnas azaleretatik galtzen dute urik gehiena (horixe gertatzen zaio kanguru-arratoiari, esaterako). Gameluek, baina, oso gutxi galtzen dute horrela, biriketan lurruntzen den uraren zati handi bat arnas aparatuaren goi-bideetan eta sudurrean berreskuratzen dutelako. Botatzen duten airearen hezetasun erlatiboa % 50eraino hel daiteke. Sudurraren ohiko jariakinak eta epitelio-zelula hilak lehortu egiten dira, eta epitelioaren gainean geratzen den geruza hori oso higroskopikoa da, hau da, ur-lurruna xurgatzeko ahalmen handia du; gauza bera gertatzen zaie, adibidez, gailetei giro hezean gordetzen direnean, bigundu egiten dira airearen hezetasuna xurgatu egiten dutelako.

Schmidt-Nielsen izan zen hori guztia frogatu zuena. Berak proposatu zuen gorago esan dugun azalbidea basamortuko ikerketak egin ostean. Gameluak kanporatutako airearen hezetasuna neurtu eta % 50ekoa zela ondorioztatu zuen, baina ez zekien biriketatik ote zekarren hezetasun hori ala lurrun-edukia arnasbideetan aldatzen ote zen. Uste zuen biriketako albeoloetatik irtendako airea % 100eko hezetasun-mailatik gertu zebilela, baina, gero, arnasbideetatik, aireari ur pixka bat kentzen zitzaiola. Hipotesi hori frogatu ahal izateko, sudur artifizial bat sortu zuen laborategian; sudur horretan, geruza higroskopiko artifiziala erabili zuen. Lorturiko emaitzek bat egin zuten basamortuan gamelu deshidratatuei egindako esperimentuetatik erdietsitako emaitzekin.

3. irudia: Gamelu bat Gobiko basamortuan.
3. irudia: Gamelu bat Gobiko basamortuan. Beste edozein animaliak ezingo luke gameluek eta dromedarioek edaten duten beste ur edan. Izan ere, urez pozoituko litzateke.

Ura berreskuratzeak, baina, badu alde txar nabarmen bat: sudurra berotu egiten da, eta sudurrarekin batera gorputza. Hau da, airea sartzean ura lurrunduz beroa galtzen den bezalaxe, alderantziz gertatzen da airea irtetean, ur-lurruna kondentsatzean beroa irabazten baita. Hori dela eta, deshidrataturik badaude, gameluek ez dute gorputz-tenperatura guztiz konstante mantentzen. Izan ere, 6 °C-ko tenperatura-aldaketa jasan dezakete deshidrataturik daudenean (41 °C-raino). Artean, garuna babestuta dago, arteria karotidaren rete mirabile delakoak hotzago mantentzen duelako.

Ur-galera ikaragarriki jasaten dute dromedarioek. Txakurrek edo zaldiek, esaterako, ezin dute uraren % 15 baino gehiagoko galerarik onartu. Dromedarioei buruz, berriz, badakigu % 25eko ur-galerak paira ditzaketela, baina askoz galera handiagoak ere jasan ditzakete, nahiz hori jakin ahal izateko inork ez duen dromedario bat hiltzen utzi. Janaritik ere, noski, ur apur bat lortzen dute, orixek edo basamortuetako beste animaliek bezala. Nolanahi ere, zenbait egun (udan) edo zenbait aste (sasoi hotzetan) egon daitezke urik edan gabe. Egia da gero ur-bolumen handia edaten dutela. Beren masaren % 33 edaten ikusi zituen Knut Scmidt-Nielsen-ek deshidrataturik zeudenean. Beste edozein animalia, horrenbeste edanez gero, urez pozoituko litzateke. Honek guztiak ez du esan nahi gameluek gorputzean ur-biltegi bat dutenik; bolumen hori edanaz berrezarri egiten dute lehenago galdutako ura, ez besterik.

Sudurraren zereginari buruzko lana Proceedings of the Royal Society aldizkari ospetsura bidali zuen Schmidt-Nielsenek argitara emateko, baina ezusteko handia hartu zuen artikulua argitaratu aurretik, Peanuts komiki-bineta ezagunean sudurraren zeregin horren aipamena ikusi zuenean. Honela kontatzen digu autobiografian:

In the first panel Charlie Brown says to Lucy: “I just found out why camels can go so long without water. It has something to do with their big noses.” In the next panel Lucy turns to the dog Snoopy and suggests that with his large nose he could go for years without a drink. We had been scooped! I wrote to Charles Schulz, the artist, to ask how he had learned of our unpublished work. A secretary replied that Mr. Schulz couldn’t remember. At any rate, in the scientific literature we retained our priority.

«Lehenbiziko binetan, Charlie Brown-ek honakoa esaten dio Lucy-ri: “Jakin berri dut nolatan egon daitezkeen gameluak hain denbora luzean urik edan gabe. Haien sudur handiekin omen du zerikusia.” Hurrengo binetan, Lucyk Snoopy txakurrari begira iradokitzen du duen sudur luzeaz urteetan egon litekeela ezer edan gabe. Aurkikuntza berria lapurtu ziguten! Charles Shultz margolariari idatzi nion gure lan argitaratu gabearen berri nola izan zuen galdetzeko. Idazkari batek erantzun zigun esanez Schultz jaunak ezin zezakeela gogoratu. Nolanahi ere, zientzia-argitalpenean lehentasuna bermatu genuen.»

3. irudia:
4. irudia:Schmidt-Nielsen fisiologoak ustekabe handia hartu zuen, gamelu eta dromedarioei buruzko ikerketaren ondorioetako nagusia Peanuts komikian plazaratu zenean, aldizkari zientifikoetan baino arinago.

Oharra

[1] Gernu-kontzentrazioaren eta odol-kontzentrazioaren arteko aldea handia bada ere, badira alde hori baino alde handiagorik duten ugaztunak ere; honetan, dromedarioa ez da punta-puntako adibidea.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.