Serengetiko belarjale handien migrazioak

Animalien aferak · Dibulgazioa

Ura


Afrikan, iraganean, ugariak ziren herbiboro handien migrazio luzeak; orain, berriz, oso herbiboro gutxi gelditzen dira eta, gelditzen direnak Serengetin eta antzeko beste zenbait ekosistematan bizi dira. Serengetin ugaztun belarjale asko daude oraindik, eta horietako batzuek migratu egiten dute.

gnu-1632266_1280
1. irudia: Ñu urdinak, Connochaetes taurinus.

Urteko migrazio handi bat gertatzen da Serengetin. Migrazio horretan esku hartzen duten belarjaleak hego-ekialdetik ipar-mendebalera joaten dira, toki lehorretatik leku hezeetara. Euri-sasoian nahiko ur dago txoko guztietan eta belarra ondo hazten da. Sasoi lehorra (ekaina-azaroa) heltzen denean, berriz, errekak lehenengo eta ibaiak gero, denak lehortzen dira. Putzu txiki batzuk baino ez dira gelditzen. Ur-ingestioaren menpeko ez diren belarjaleek ez dute migratzen, bertan gelditzen dira. Besteek, ordea, bai, migratu egiten dute. Gero, sasoi hezea itzultzen denean hego-ekialdera bueltatzen dira.

Ur-beharren araberakoak dira, beraz, Serengetin gertatzen diren migrazioak. Ñu urdinek eta zebrek migratzen dute. Ura edan behar dute; uraren menpekoak dira eta horregatik migratzen dute. Sasoi beroan, egunero edo gutxienez bi egunetik behin edan behar dute ura. Hori dela eta, ezin daitezke 25 km baino gehiago urrundu uretatik.

madoqua_kirkii_-_male_namutoni
2. irudia: Damara dik-dika Namibiako Etosha Parke Nazionalean. (Argazkia: Wikipedia, CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Egilea: Yathin S Krishnappa)

Grant gazela eta antilope ipotxa (dik-dik) ez daude ura edatera behartuta eta, beraz, ez dute ur bila migratu beharrik. Ur-ekonomiari dagokionez, desberdintasun nabariak daude ñu urdinaren eta Grant gazelaren artean. Ñu urdinak gerizpeak bilatzen ditu berorik egiten ez duenean ere, baina Grant gazelak ez du zertan bilatu, ez baitu gerizperik behar. Batak gerizpea bilatzean ur-lurruntzeari aurre egin nahi dio; besteari, berriz, berdin dio horrek. Grant gazela ez da uraren menpeko; horri esker ur-iturrietatik asko urrun daiteke eta, horrela, beste belarjaleek ustia ezin ditzaketen baliabideetara irits daiteke.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.