Arnas eta bihotz-gelditzeetan lehen sorospenak hobetzeko irtenbideak

EHUko ikerketa

GSCTaldea-2
Ezkerretik eskuinera, Jesús Ruiz Ojeda (UPV/EHUko katedraduna), Elisabete Aramendi Ecenarro, Digna María Gonzalez Otero eta Sofía Ruiz de Gauna Gutierrez

UPV/EHUko ikertzaileak algoritmoak eta metodologiak garatzen ari dira bihotza berpizteko prozedurak hobetzeko eta ebaluatzeko

3 segundoko seinalearekin bakarrik bihotzaren erritmoa diagnostikatzeko gai den algoritmo bat eta diagnostiko hori bihotz-masajea geldiarazi gabe egin daitekeela frogatzea dira Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko (UPV/EHU) Seinale eta Komunikazio Taldeko ikertzaileak garatzen ari diren irtenbideak edo proposamenak.

“Guk ez ditugu bizitzak salbatzen; ikertu egiten dugu, besterik gabe —argitzen du Jesús Ruizek, Seinale eta Komunikazio Taldeko buruak—. Baina frogatuta dago bihotz-masajeak bizitzak salbatzen dituela”. Arnas eta bihotz-gelditze bat gertatzen denean, ezinbestekoa da toraxa lehenbailehen eta etengabe konprimitzea, burmuinera eta bihotzera gutxieneko odol-perfusioa iristen dela bermatzeko. Horretan zeregin garrantzitsua du kanpoko desfibriladore automatikoak (KDA). Aparatu sinpleak dira, eta gutxieneko prestakuntza duen edonork erabil ditzake; ohikoak dira aireportuetan, merkataritza-zentroetan, kiroldegietan… Aparatu horiek pazientearen bihotzaren erritmoa aztertzen dute, eta laguntzaileari adierazten diote urrundu egin behar duen deskarga elektriko bat aplikatzeko, ala bihotz-masajearekin jarraitu behar duen.

Arazoa da torax-konpresioek interferentzia eragiten dutela KDA erregistratzen ari den seinalean. Beraz, geldiarazi egin behar dira konpresioak, ekipoak fidagarritasunez diagnostika dezan erritmoa. Zoritxarrez, konpresioak geldiarazteak murriztu egiten du pazienteak bizirauteko probabilitatea. Hori dela eta, azken 15 urteetan, interferentzia hori kentzeko ari dira lanean. Hala ere, The American Journal of Emergency Medicine aldizkarian argitaratu berri den ikerketa batean UPV/EHUko ikertzaileek erakutsi dutenez, emaitzak, oraingoz, ez dira onak. “Interferentziak kentzeko metodoak oraindik ez dira behar bezain onak”, adierazten du Ruizek, lanaren lehenengo egileak.

Lan horretan sartzen da interferentziak kentzeko sistema bat aplikatzean masajea zenbatean behin geldiarazten den zenbatzeko lehenengo metodologia. Egungo gidek gomendatzen dute konpresioak bi minututik behin geldiaraztea erritmoa fidagarritasunez aztertzeko. Interferentziak kentzen badira, masajea geldiarazi gabe diagnostikatu ahal izango litzateke, “baina aparatuak okerrez esaten badizu gelditzeko, erritmo desfibrilagarri bat hauteman duelako, eta ez bada, baliteke konpresioak gidei jarraituz baino denbora gehiagoan geldiaraztea”, azaltzen du Ruizek. 2003 eta 2005 artean Europako hiru udalerritan erregistratutako berpizte-ekintza osoen atzera begirako azterketa bat egin da ikerketan. Metodologia berria aplikatuz, ondorioztatu zen “interferentziak kentzeko sistemen arte-egoeraren ondorioz gidek ezartzen dutena baino denbora gehiago galtzen dela diagnostikoa gaizki egiteagatik”.

Otsailean Resuscitation aldizkarian argitaratutako beste artikulu batean, Ruizen taldeak interferentziak kentzearen ordezko aukera bat proposatzen du: aireztapen-geldialdiez baliatzea bihotzaren erritmoa diagnostikatzeko. “Gidek proposatzen dute 2 minutuko zikloak egitea 30 konpresioko tarteekin —20 bat segundo— eta 2 aireztapenekin —5 segundo—. Artikuluak lehendabiziko aldiz frogatzen du aireztapen-tarteez balia daitekeela, hor ez baitago interferentziarik, diagnostiko fidagarri bat egiteko. Beraz, diagnostiko fidagarri bat izango genuke 20 segundotik behin; hori arauak ezartzen duena —bi minututik behin— baino askoz eraginkorragoa da”, azaltzen du Ruizek.

5 segundo horietan diagnostikatu ahal izateko, taldeak garatutako algoritmo azkar bat aplikatu dute. “Algoritmo arrunt batek 9 segundoko seinalea behar du diagnostiko bat egiteko; guk, ordea, seinale laburrekin lan eginez oso fidagarria den bat garatu dugu. 3 segundoan nahiko diagnostiko fidagarria egiten dugu”, adierazten du Ruizek.

Algoritmo hori Osatu Koop. E. enpresak (Ermua, Bizkaia) sortutako R800 desfibriladorean inplementatu da, eta jada saltzen ari da. Taldeak 12 urte baino gehiago daramatza enpresa horrekin elkarlanean. Osatu kooperatiba txiki bat da, eta KDAk eta monitore-desfibriladoreak diseinatu, fabrikatu eta merkaturatzen ditu Bexencardio markarekin (www.bexencardio.com). Iraila aldera, algoritmo bera duten beste bi modelo jaurtiko dituzte.

Nazioarteko lankidetzak

Estatu-mailan ikerketa-talde asko egon arren seinale biomedikoen esparruan lan egiten dutenak, UPV/EHUko Seinale eta Komunikazio Taldea da bere jarduera bihotz-berpiztearen arloan garatzen duen talde bakarra. Ondorioz, nazioarteko lankidetza-sare bat eraiki dute ikerketa-taldeekin, baliabideak partekatzean eta lan kooperatiboak egitean oinarritua. Besteak beste, nazioarteko talde nagusi hauekin ari dira lankidetzan: Stavanger-eko (Norvegia) Unibertsitateko Biomedical Data Analysis ikerketa-taldearekin, Osloko (Norvegia) Unibertsitate Ospitaleko Institute for Experimental Medical Research taldearekin, eta Philips Healthcare-rekin (Seattle, EEBB).

Erreferentziak

Ruiz J., Ayala U., Ruiz de Gauna S., Irusta U., González-­Otero D., Aramendi E., Alonso E., Eftestøl T. 2013. Direct evaluation of the effect of filtering the chest compression artifacts on the uninterrupted cardiopulmonary resuscitation time. The American Journal of Emergency Medicine, doi: /10.1016/j.ajem.2013.02.044 http://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S0735675713001496

Ruiz J., Ayala U., Ruiz de Gauna S., Irusta U., González-­Otero D., Alonso E., Eftestøl T., Kramer-Johansen J. 2013. Feasibility of automated rhythm assessment in chest compression pauses during cardiopulmonary resuscitation.Resuscitation, JCR. doi: 10.1016/j.resuscitation.2013.01.034 http://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S030095721300097X

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.