2013 Estatistikaren Nazioarteko Urtea: ospakizuna ala erronka-iturri?

Kolaborazioak

IYSTAT_Basque_ParticipatingOrg

Inmaculada Arostegui

Statistics 2013 mundu osoko ekimenak nabarmen utzi ditu erronka globalei konponbideak aurkitzeko estatistikak egindako ekarpenak. Nazioarteko estatistikako elkarte ospetsuenak dira Statistics2013 ekimenaren erakunde sortzaileak, eta partaideak 128 herrialde inguruko 2250 baino erakunde gehiago.

Nik hemen azalduko dudana web orrialde ofizialean agertzen dena baino ez da. Zergatik orduan aipamen hau? Web horretan hainbat eta hainbat informazioa dagoenez, hautatze lan txiki bat egin eta nire ikuspegiaren berri ematea pentsatu dut. Horretarako arrazoiak, batez ere, bi dira: batetik, web orrialde osoa miatu barik irakurlearen jakin-mina sustatzea; eta bestetik, neure iritzia bertan agertzen den informazioarekin batera eskaini ahal izatea.

Informazio formala emate aldera, esan dezakegu Statistics2013 ekimenak helburu gisa hartu dituela estatistikak gizarte-eremu guztietan dituen botere eta eragina ezagutaraztea eta estatistika lanbide moduan zabaltzea goi mailako ikasleen artean. Partaideen artean daude nazioarteko eta nazio mailako lanbide-elkarteak, unibertsitateak, goi eskolak, enpresak, estatistika-bulego ofizialak eta ikerketa-institutuak. Erakunde hauek milioika laguni ematen diete estatistika-zientzien ekarpenen berri, mintegien, topaketen eta komunikabideetarako dibulgazio-lanen bidez. Dibulgazio mailan zertzelada gisa aipatuko dugu bertan agertzen den “Giza ongizatea hobetzeko 2013 Estatistikako Nazioarteko Urtea” deritzon bideoa; bideo honek azpitituluak daramatza euskaraz eta beste hainbat hizkuntzatan.

Ekimen honek galdera bat dakarkigu burura. Zergatik ospatu Estatistikaren Nazioarteko Urtea? Estatistikari baten erantzun dotorea, seguruenik, ondoko esaldietatik gertu egongo litzateke: Azkenean, mundu osoa ohartzen ari da estatistikaren beharraz, beren eguneroko bizitzan eta lanetan. Estatistikak izugarri eragiten digu, jaten ditugunetan zein hartzen ditugun botiketan. Izan ere, estatistikak gure eguneroko bizitza hobetzen laguntzen du. Hau hainbat estatistikarik lanbidea promozionatzen egindako lan gogor eta sendoaren ondorioa da. Eta nola ez, baita, egun datuak bildu eta gordetzeko dagoen erraztasunaren ondorioa ere. Iturri hori guztia informazio baliagarri bihurtzeko garaia iritsi da. Estatistikariok halabeharrez egin behar dugun lana da hori. Baina ez al du honek harrokeria itxurarik? Erantzun bila arlotik kanpo ateratzen bagara, azken urteotan, hainbat tokitan azpimarratu da estatistikariak gero eta beharrezkoagoak direla mundu osoan zehar, eta adibideak erraz aurki ditzakegu World Street Journal edo The New York Times bezalako argitalpenetan. Hauetariko bat aipatzearren, Hal Varian, Googleko ekonomialari nagusiak hauxe dio: “Ezker zapatak (datuak) ugari eta merke badaude nonahi, eta zuk eskuin zapatak fabrikatzeko monopolioa baduzu (datuak analizatzeko gaitasuna duen norbait bazara, hain zuzen estatistikaria bazara), egoera onean zaude zinez”. Nire ustez, galdera honi eman dakiokeen erantzunik argiena da American Statistical Association delakoaren zuzendari exekutiboa eta Statistics 2013 ekimenaren batzorde sortzailearen kidea den Ronald A. Wasserstein jaunak ematen duena bideoaren azken zatian. Berak lau arrazoi azpimarratzen ditu Estatistikaren Nazioarteko Urtearen beharrizana aldarrikatzeko, eta erantzuna aurrekoak bezain dotorea izateaz gain, nire ustez edukia gehitzen dio arrazoietariko bakoitzari. Hauek dira, laburbilduz Wasserstein jaunak esaten dituenak:

  1. Zer irudi daukate besteok gutaz, estatistikarioz? Batzuentzat, bai zientzialariak bai enpresa edo gobernuetako kideak, Estatistika tresna poltsa bat baino ez da. Pentsatzen dute egun, estatistikako analisiak egiteko dauden tresnen eskuragarritasuna dela eta, lan hori edozeinek egin dezakeela eta areago edozein izan daitekeela esparru horretan aditua. Honek pentsatzera garamatza estatistikariok ez garela beharrezkoak edo zaharkituak gaudela. Beraz, lehenengo eta behin argitu egin nahi du gaizkiulertu hau.
  2. Estatistika delako terminoan nahasita erabiltzen dira jakintzagaiaren izena eta kontzeptua. Izan ere, ingelesari erreparatzen badiogu, Statistics deritzona zientzia arlo bat den bitartean, statistic deritzona zenbaki multzo bat da. Nik dakidanez behintzat, gure hizkuntzan eta inguruan bi hitzak ez ditugu bereizi ere egiten, eta estatistika erabiltzen dugu bietarako.
  3. Nahiko ikusezinak gara zientzialari eta langile gisa, eta are eta okerrago, ez dakigu zein ikuspen izan nahi dugun. Gazteek ibilbidea aukeratu behar duten une horri erreparatuko beharko genuke hain zuzen gure zereginean. Lor dezakegu jendeak zenbakien bildumazale zaharkituak baino zerbait gehiago garela ikustea?
  4. Lan esparru honetara erakarri behar dugu jende gaztearen jakin-mina.

Wasserstein jaunaren hitzetan, Estatistika arlo bikaina da eta estatistikaria izateko ere garai bikaina da. Beraz, pentsa dezagun dagoeneko joana dela estatistikari buruz txantxa gaiztoak egiteko garaia eta, ordea, estatistikan oinarritutako erabaki garrantzizkoen garaia iristen ari dela. Nire iritziz, Wasserstein jaunak, ospakizunaren arrazoiak eman baino gehiago, erronka potoloak jartzen ditu mahai gainean.

STAT2013-Languages-Poster

Ospakizun honek eskaintzen digun aukera honetaz baliatu beharko ginateke erronka horiek guretzat hartu eta unibertsitatean oso ondo ezagutzen ditugun hiru esparrutan lan egiteko. Lehena formazioa litzateke, goi mailako ikasleei estatistikan formazio espezializatua izateko aukerak eskaini behar baitizkiegu, lanbidea ezagutarazi eta erakargarria egiteko. Bigarrena ikerkuntza da, estatistikan ikerkuntza sendotu eta horretarako baliabideak aurkitu behar ditugu, mundu errealeko arazoei erantzun ahal izateko. Eta azkena, transferentzia da, baina seguruenik garrantzitsuena eta zailena, aurreko biak uztartzen dituelako. Ikerkuntza baliagarria egiteko eta formazioa gizartearen beharrizanei zuzendu ahal izateko, benetako arazoak aurkitu behar ditugu eta hori beste arlo batzuetako ikerketa taldeekin lanean arituz soilik lor dezakegu.

Esan bezala, Statistics2013 ekimenerako sortutako web orrialde ofizialean, hemen aipatzen dudanaz gain beste gauza asko aurki ditzakegu, besteak beste irakurleok askotan gustuko ditugun hainbat bitxikeria ere. Gaiaren inguruko xelebrekeriak aurkitzen ditugu bertan, esate baterako “Eguneko estatistika”, “Estatistikarik gabeko mundua”, “Estatistikariak komunikabideetan” edo “Asteko aipamena” bezalakoak. Nik hemen eskaintzen dizuedan informazio laburbildua nonbait alboratua egon daiteke, nola ez, nik aukeratu eta komentatua baita. Ni estatistikaria izanik, horretaz jakitun eta arduratua azaltzen naiz, baina ez al da hori denok egiten duguna zerbaitetaz idazten dugunean?


Egileaz: Inmaculada Arostegui EHUko Matematika Aplikatua, Estatistika eta Ikerkuntza Operatibo Saileko irakaslea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.