UPV/EHUko Kimika Analitikoko Saileko Josu Trebolazabala irakasleak elikagaiak ondo eta azkar aztertzeko metodo berriak garatu ditu bere doktorego-tesirako lanean. “Development of new processes and analytical methodologies for efficient and fast analysis of foodstuffs focused on the culinary field” (Ikerketa metodoak eta metodologia berriak garatzea, elikadura produktuak azkar eta eraginkortasunez ikertu ahal izateko) da tesiaren izenburua eta elikagaiekin eta sukaldaritzarekin zerikusia duten esparru desberdinetan erabiltzeko metodoen garapena izan da bere emaitza nagusia. Esparru horietako biri buruz arituko gara hemen.
Lurrin sorgailu bat eta barreiatzaile bat patentatu dituzte
Josu Trebolazabala irakasleak eta Eneko Atxaren Azurmendi jatetxeak naturako zenbait elikagairen eta elementuren lurrinak eta zaporeak aztertu dituzte, eta, ikerketa horien ondorioz, bi prototipo sortu dituzte. Horiek Espainiako Patenteetako eta Marketako Bulegoak patentatu berri ditu.
Prototipo horietako bat lurrin-sorgailu bat da, eta Naturan deitu diote. Prototipo horren helburua ingurumeneko zenbait elementu erabili eta esentzia naturalak sortzea da, betiere, jatorrizko elikagaien eta elementuen molekulak eraldatu gabe. “Esaterako, lortu ditugun lurrin berezienetako bat atertu berri deneko usaina da. Horretarako, hostoak, zuhaitz-adarrak eta baso bateko lurra bi ontzitan jarri genituen. Gero, korronte bat sortu genuen ontzi batetik bestera, elementu bakoitzaren usain-molekulak eraman zitzan. Horregatik, azkenean, molekula guztiak harrapatuta geratzen ziren ibilbidearen amaieran jarritako ur-kopuruan”, azaldu du Josu Trebolazabalak.
Prototipo horrekin batera, beste bat ere egin dute. Bigarren prototipo horretan, uretan harrapatuta dauden molekulak, arestian aipatuak, izotz lehorren bidez lurruntzen dira eta, hori egin eta gero, edonon erabil daitezke: adibidez, janari plater batean. “Horrela, usain-molekula gaseosoak barreiatzen dira, ingurunea inbaditzen dute, eta atmosfera zehatz bat birsortu daiteke”.
Kutsatzaile metalikoak
Barazkietan metatzen diren kutstzaileei ere erreparatu die Trebolazabala irakasleak; izan ere, zenbait landaretan gertatzen den kutsatzaile metalikoen metaketa aztertu du bere doktorego-tesian, baita landare horiek hazten diren lursailetan ere, eta, bereziki, tomatean.
Egunez egun, kontsumitzaileek gero eta arreta handiagoz aukeratzen dute zer elikagai sartu erosketa-saskian. Elikagaien kalitatea eta osasungarritasuna gero eta garrantzitsuagoak dira, eta, hala eta guztiz ere, ez daude beti bermatuta. Askotan, trafikoaren, industria-jardueraren eta fumigazio-prozesuen ondorioz sortzen diren jarduera kutsatzaileek elikagaiak kutsatu ditzakete, inor ohartu gabe.
UPV/EHUko ikertzaile honek landare baten ataletan (sustraietan, zurtoinean, hostoetan eta fruituetan) meta daitezkeen metalak aztertu ditu. Horretarako, metalen metaketari buruzko azterketak egin ditu EAEko zenbait eskualdetako 13 ortutik hartu diren landaretan. Emaitzen analisiak erakutsi du metalen metaketa fruitu jangarriak dituzten landareetan (mugurdietan, tomateetan) baino handiagoa dela hosto jangarriak dituzten landareetan (orburuetan, zerbetan). “Aurkitutako kopuruak ez dira batere arriskutsuak gizakien kontsumorako”, azaldu zuen ikertzaileak, entzuleak lasaitzeko asmoz.
Bestalde, tomate-landarea zehaztapen handiagoz ikertu zenean ondorioztatu zen sustraietan, zurtoinetan edo hostoetan baino kutsatzaile gutxiago metatzen direla fruituan. “Lursailean metal astunen metaketa handia egon arren, ez dira fruitura heltzen, landarearen ataletan zehar banatzen baitira. Horregatik, pentsa daiteke landareak berak kutsatzaileak arazten dituela, fruitura heldu baino lehen. Dena den, hori berretsi baino lehen, askoz ere ikerketa gehiago egin behar izango dira”.
Josu Trebolazabala: UPV/EHUko Biologian eta Ingurumen Zientzietan lizentziaduna da, eta Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioari buruzko Masterra egin du. 2009. urtetik, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoko Saileko IBeA (Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa) ikerketa-taldeko kide da.
1 iruzkina
Itxura goxoa du, ezta? 🙂