Setioa tumoreen kimiorresistentziari

EHUko ikerketa

800px-Blausen_0626_lymphoma
Irudia: Blausen Medical Communications / Wikimedia Commons

Terapia konbentzionalekin erresistenteak diren linfoma-mota batzuk modu eraginkorragoan trata litezke tumore horren berariazko alterazio molekularra eragiteko botikak erabiliz

Oraingoz, zeluletan bakarrik egin da proba, baina UPV/EHUko Medikuntza Fakultateko ikerketa-talde batek MD Andersonekin eta CNIOrekin lankidetzan egin duen ikerketa batek biziraupen-tasarik txikiena dakarten linfoma-motak tratatzeko bidea zabaldu du. Tumoreen ezaugarri molekularren ikerketak aukera emango luke berariaz aldatuta dauden molekulak identifikatzeko. Linfoma kimiorresistenteak dituzten pazienteen pronostikoa hobetuko luketen diana terapeutiko berri bihurtzen dira molekula horiek.

Egin beharreko bidea luzea da oraindik. Lan esperimentalak zeluletan egin dira; ez arratoiekin, eta are gutxiago gizakiekin. Hala ere, linfoma kimiorresistenteen espresio genikoa aztertzeak balizko diana terapeutikoak identifikatzen eta tratamendu-bide berriak irekitzen lagundu dezake. Horixe izan da, behintzat, UPV/EHUk, MD Anderson Cancer Center Madrid-ek —Houstongo (Texas) MD Anderson Cancer Center-en Espainiako filialak— eta Ikerketa Onkologikoen Zentro Nazionalak (CNIO) elkarrekin egin duten ikerketa baten ondorioa.

Gaur egun, badira oraindik aukera terapeutiko urriak dituzten gaixotasun linfoproliferatiboak, batez ere terapia zuzendurik ez dagoelako. Beraz, nahiz eta Hodgkinen linfoma klasikoak (LH) % 70-80an erantzuten dion antraziklinetan oinarritutako terapia konbentzionalari (ABVD motakoa), paziente-talde batek ez du erantzuten, eta % 30 hil egiten da gaixotasun horrengatik. Bestalde, talde heterogeneoa da T zelulen linfoma periferikoena (LPCT), oso oldarkorra, eta harentzat ez dago gaur egun terapia eraginkorrik. Paziente horiek antraziklinetan oinarritutako terapiekin ere tratatzen dira (CHOP motakoak), baina haien erantzuna oso kaskarra da: biziraupen orokorra LPCT azpimotaren araberakoa da, baina, batez beste, paziente horien % 70 hil egiten da. Beraz, LH errefraktarioetan eta LPCTetan diana terapeutiko berriak identifikatuko dituzten ikerketak behar dira linfoma kimiorresistenteak dituzten paziente horien pronostikoa hobetzeko.

Botiken dianak izan daitezkeen tumoreen alterazioak hautematea izan da ikerketaren helburua. Potenciales nuevas dianas terapéuticas en linfomas resistentes a la terapia convencional izenburuko tesian aurkeztu dira ikerketa horren lehenengo ondorioak. Esperanza Martín izan da doktoregaia eta África García-Oradek eta Juan Fernando García Garcíak zuzendu dute.

Minbizi bakoitzean aldatzen dira geneak, haien egitura edo haien erregulazioa. Aldaketa horien ondorioz, proteina jakin batzuen egitura edo kopurua ere aldatzen da. Minbizi-mota jakin baten proteinetan gertatzen diren berariazko aldaketa horiei sinadura molekular deitzen zaie. Gaixotasunaren mutazio jakina edo haren sinadura molekularra identifikatu ondoren, aldaketa horien aurkako berariazko botika bat diseina daiteke. Tratamendu-mota horietako lehena Imatinib izan zen. Botika hori leuzemia mieloide kronikoari aurre egiteko erabiltzen da. Proteina baten zentro aktiboa -kinasa- blokeatzen du; proteina horrek bere egitura aldatua du, eta, horren ondorioz, ziklo zelularraren gehiegizko aktibazioa eragiten du. LH kimiorresistenteen kasuan, ikusi da histonen deazetilasen inhibitzaileek sinadura molekular hori leheneratu lezaketela. Horrez gain, aurkitu da beste aldaketa molekular batzuei ekinez eragina sustatuko litzatekeela, eta, horrenbestez, zehaztu ahal izango litzatekeela zer konbinazio den egokiena kimioterapia konbentzionalarekin erresistenteak diren linfoma horiek tratatzeko.

Medikuntza pertsonalizaturanzko bidean

Esperimentu-fasean egon arren, ikerketa horren aurretiko emaitzak aurrerapauso bat dira medikuntza pertsonalizatuaren eremuan. Farmakogenetikaren eta farmakogenomikaren helburu nagusiak dira gaixotasunen tratamendua pertsona bakoitzean optimizatzea eta terapia pertsonalizatu seguruago eta eraginkorrago bat bilatzea. Genetika eta biologia molekularrean egin berri diren aurrerapenek izugarri zabaldu dute biologian tumore-mota batzuen ezagutza, eta horrek aukera eman du paziente horien aukera terapeutikoak eta itxaropenak hobetzeko. Horixe lortu du Imatinib botikak —ikerketa genetikoetan oinarrituta diseinatutako lehenengo botiketako bat— leuzemia mieloide kronikoan. Tratamendu pertsonalizatuen eraginkortasunean egindako aurrerapenen beste adibide bat bularreko minbizia da. Hazkunde epidermikoaren 2 faktorearen gainespresioa —diagnostikatutako kasuen % 20— eragiten duen aldaketa genetikoa hautemateak aukera ematen du jada berariazko tratamendu bat agintzeko.

Farmakogenetikak eta farmakogenomikak emandako ezagutzari esker, tratamenduari erantzungo dioten pazienteak hautatu ahal izango dira, eta horrek aukera emango du paziente bakoitzarentzat egokiena den medikazioa eta/edo dosia hautatzeko. Hau da, pazientearentzat egokienak diren botikak eta dosiak hautatu ahal izango dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.