Eta, agian, COVIDak minbizia sendatu zion…

COVID19 · Kolaborazioak

Sarritan birusak, eta bereziki SARS-CoV-2a maltzurtzat hartzen ditugun arren, ez ginateke bizirik egongo Lurrean birusak ez baleude. Naturaren bideak ezin asmatuzkoak dira eta, kasu batzuetan, birusen ezaugarriak gure alde erabili ditzakegu. Birusak minbizien aurka eraginkorrak izan daitezkeela aspalditik dakigu eta birus onkolitikoak erabiltzen dira zenbait kasutan minbizien aurkako tratamenduan. Oraingoan, baina, SARS-CoV-2arekin gertatutako kasu baten berri eman dute Erresuma Batuan.

COVIDak
Irudia: Ikerketa batek ohartarazi duenez, baliteke zenbait kasu zehatzetan SARS-CoV-2ak minbiziaren aurkako erantzuna aktibatzea. (Argazkia: Anastasia Gepp – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

British Journal of Haemathology aldizkarian kasu berezi baten berri eman zuten urtarrilaren hasieran. 61 urteko gizon batek pisu galera nabarena eta gongoilen hantura zuen. Arrakastarik izan ez zuen giltzurruneko transplante baten kausaz hemodialisia jasotzen zuen eta hiru urtez terapia immunodepresiboa izan zuen. Frogen ostean, III. faseko Hodgkinen linfoma diagnostikatu zitzaion, ehun linfatikoen minbizi mota bat. Diagnostikoa PCR proba bati esker egin zen, Hodgkinen linfoma sortzeko erantzulea den Epstein-Barr birusean positibo izan baitzen. Oraindik ez dago guztiz argi Hodgkinen linfoma zerk sortzen duen, baina, arrazoi arruntenen artean aipatutako birusaren infekzioa dago.

Gizonaren lehen diagnostiko horren ostean, epe labur batean, arnasteko zailtasunaren kausaz ospitaleratu zuten eta hortik gutxira SARS-CoV-2 positibo eman zuen PCR proban eta birusak eragindako pneumonia diagnostikatu zioten. Hamaika egun beranduago gaixotasunak hobera egin zuen eta etxera bidali zuten. Ospitaleratuta egon zen bitartean ez zuen ez kortikosteroiderik ezta immunokimioterapiarik jaso. Orain arte, gizonaren zorte txarraz aparte, ez dago ezer aipagarririk.

Hala ere, lau hilabete geroago linfomaren jarraipenerako probetan ikusi zenez, gongoilen hantura murriztu egin zen, linfomaren murrizketa orokorra gertatu zen eta Epstein-Barren birusaren PCR bidezko kontaketa 4800 kopia/ml-tik 413 kopia/ml-ra jaitsi zen. British Journal of Haemathology aldizkarian argitaratutako lanaren egileen arabera, SARS-CoV-2 birusaren infekzioak minbiziaren aurkako erantzun immunitarioa eragin zuen. Azaldu dutenez, litekeena da infekzioaren erantzun gisa ekoiztutako zitokinek minbiziaren aurkako T zelula espezifikoak eta beste zelula hiltzaile batzuk aktibatu izana.

Gertatutakoak miraria dirudien arren, horrelako kasuak lehenago ere deskribatu izan dira eta, hain zuzen ere, biroterapia onkolitikoaren jatorria horixe da: minbizia duten zenbait gaixok hobekuntzak izaten dituzte infekzio birikoen ondorioz. Jakina, hori ez da arruntena, baina, kasuak egon badaude. Pneumonia infekziosoen ondoren beste linfoma mota batzuk murriztu egin direla dokumentatu da eta Clostridium difficile bakterioak eragindako kolitisaren kasuan ere tumoreen aurkako erantzunak ikusi dira -azken kasu honetan bakterio bat litzateke eragilea eta ez birusa-.

Erresuma Batuko gizonari gertatutakoa gertakari garrantzitsua izan den arren, zientzian ez da hain arrotza. Mikroorganismoek minbizia eragin dezakete, baina, sendaketan ere lagundu dezakete. Wiliam Coleyk egindako aurkikuntzei esker, XIX. mende amaieratik ezaguna da minbizi kasu batzuetan mikroorganismo infekziosoek eragin positiboa izan dezaketela. Kimioterapia eta erradioterapiari esker, tratamendu mota horrek ez zuen arrakasta handirik izan, baina, egungo ingeniaritza genetikoak ematen dituen aukerei esker, lehen birus onkolitikoak diseinatu ahal izan dira.

Birus onkolitikoak genetikoki eraldatutako birusak dira, minbizi-zelulei modu selektiboan aurre egiteko diseinatutakoak, zelula osasuntsuei kalterik sortu gabe. Zentzu horretan, kimioterapia edo erradioterapia baino tratamendu selektiboagoa izan daiteke. Geroago ikusi denez, birus onkolitikoek bi funtzio betetzen dituzte: alde batetik, minbizi-zelulak suntsitzen dituzte, baina, beste aldetik, organismoaren immunitate-sistema aktibatzeko gaitasuna dute gorputzak bere kabuz minbiziari aurre egiteko. Litekeena da, hortaz, bigarren hori izatea Erresuma Batuko 61 urteko gizonari gertatutakoa.

Gaur egun birus onkolitikoak ikertzen ari dira eta hainbat ikerketa-lerro interesgarri daude martxan. Adibide bat Celyvir delakoa da, eta 2010. urtean argitaratu zen lehen sendagai horri buruzko lehen ikerketa-lana. Ikuspuntu klinikotik birus onkolitikoek ez dituzte albo ondorio kaltegarriak sortzen -horretarako diseinatuta daude- eta etorkizuneko medikuntzaren esparru interesgarria izan daiteke. SARS-CoV-2aren kasuan, jakina, Hodgkinen linfomaren murrizketa zorizko gertakaria izan da -birus onkolitiko gehienak ingeniaritza genetikoz diseinatzen dira-, baina, batek daki hainbeste kalte ekarri digun birusak zerbait ona ere utziko ote digun. Momentuz, gertatutakoa anekdota bat da zientziaren ikuspuntutik; izan ere, kasu bakar batean oinarritutako hipotesia besterik ez da, baina, era berean zentzua du argudiaketa zientifikoari dagokionez.

Eta Naturaren bideak ezin asmatuzkoak dira…

Informazio gehiago:

López-Goñi, Ignacio (2021). El extraño caso del hombre al que la Covid-19 le curó un linfoma de Hodgkin, El Español, 2021eko urtarrilaren 28a.

Erreferentzia bibliografikoa:

Challenor, S., Tucker, D. (2021). SARS-CoV-2-induced remission of Hodgkin lymphoma. British Journal of Haematology, 192 (3), 415. DOI: 10.1111/bjh.17116


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

1 iruzkina

  • […] SARS-COV-2 birusaren gertatutako kasu berezi bat ekarri digu Josu Lopez Gazpiok. Gizon bati ehun linfatikoen minbizi mota bat diagnostikatu zitzaion. Hortik gutxira, PCR proba egin eta SARS-CoV-2 positibo eman zuen. Lau hilabete geroago, gongoilen hantura murriztu egin zen, linfomaren […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.