UPV/EHUko ikertzaile batek, Mexikoko Nayarit-eko Unibertsitate Autonomoaren lankidetzarekin, zuzendutako aurretiazko azterlan batek adierazten du asteburuetan alkohola edateak DNAri eragin diezaiokeela
Mexikon egin ziren ikerketa honen lehen urratsak, unibertsitateko ikasleen laguntzarekin, eta aztertu zen zer eragin izan zezakeen asteburuetan alkohola edateak zelularen mintza eratzen duten lipidoetan eta zelulen material genetikoan, hau da, DNAn. Orain arte inork ez zuen kalterik hauteman nukleoko materialaren bilgarrian alkoholismo-fase goiztiarretan, agian azterketa gehienak geroagoko faseetan egiten direlako, alkohola mendetasun-egoeran edaten urte asko daramaten pertsonekin. Alcohol aldizkarian argitaratu dira emaitzak.
Edari alkoholdunen kontsumo kaltegarria mundu osoko arazoa da, eta osasunean, gizartean eta ekonomian eragiten du. Munduko Osasun Erakundeak argitaratutako datuen arabera, 2,5 milioi pertsona hiltzen dira urtean alkoholaren ondorioz -horietatik 320.000, 19 eta 25 urte bitarteko gazteak dira-, eta edalearen osasun fisiko eta mentaletik haragoko kalteak eragiten ditu alkoholak. Alkoholismoaren eragina denbora luzez alkohola kontsumitu duten pertsonetan aztertu izan da nagusiki; eta, beraz, horien koadro klinikoa kalte hepatikotik hainbat minbizi-motatara doan gaixotasun bat, depresioa eta nerbio-sistemako arazoak izaten da. Horregatik da aitzindaria alkoholaren eragina pertsona gazte eta osasuntsuetan aztertzen duen lan hau.
Adela Rendón ikertzaileak Mexikoko Institutu Politekniko Nazionalean biokimika klinikoko eskolak ematen zituenean sortu zitzaion asteburuetan alkohola edateak izan zezakeen oxidazio-eragina ikertzeko ideia. Astelehen-goizetan lehen orduan eskolara joaten ziren ikasle askori arreta falta eta ondoez orokorra antzematen zitzaien, biak ala biak asteburuan alkohola edan izanaren eraginak. Ikertzaileak proposatu zien aztertzea nola eragiten zion organismoari ikasleen ustez minik egiten ez zuen asteburuko kontsumo horrek. Ikasleak proiektuan sartu ziren, eta baita Jesús Velázquez ikertzailea ere (Mexikoko Nayarit-eko Unibertsitate Autonomoa). Bete beharreko eskakizun administratiboak egin ondoren, eta inkesten eta azterketen alorreko adituen lankidetza lortutakoan, azterlanaren xedea zehaztu zuten: edari alkoholdunak edateak gazteetan eragin dezakeen oxidazio-kaltea.
Bi taldetan banatu ziren ikasleak: kontrol-taldea alkoholik edaten ez zuten gazteek eratu zuten; azterketa-taldea, asteburuetan edaten zutenek. Pertsona osasuntsuak zirela egiaztatzeko, hau da, azterketaren emaitza alda zezakeen inolako gaixotasun edo mendekotasunik gabeko pertsonak zirela ziurtatzeko, odol-analisiak egin ziren. 18-23 urteko gazteak ziren, eta, batez beste, 118 g alkohol -adibidez, litro eta erdi garagardo- edaten zuten.
Deshidrogenasa alkohol entzimaren jarduera neurtu zen, horrek metabolizatzen baitu etanola eta azetaldehidoa, azetoazetatoa eta azetona eman. Oxidazio-kaltea TBARen (azido barbiturikoarekin erreakzionatzen duten motak) saiakuntza biokimiko baten bidez ebaluatzen da, eta horrek islatzen du mintzak jasaten duen lipoperoxidazioa, bai odoleko etanolaren ondorioz, bai entzimak etanolaren gain eragiteagatik sortzen den azetaldehidoaren ondorioz. Horrenbestez, gutxienez bi modu daude zelula-mintza honda dezaketen erradikal askeak sortzeko.
Ikertzaileek oxidazio-kaltea aurkitzea espero zuten, baina emaitzak atentzioa eman zien, Adela Rendónen arabera. “Ikusi genuen edaten zutenek edaten ez zutenek baino bi aldiz oxidazio-kalte handiagoa zutela”, eta aurrera jarraitzea erabaki zuten, DNAri ere eragiten zion ebaluatzeko: kometa saiakuntza. Odoleko zelula linfozitikoen nukleoa erauzi zuten, eta elektroforesiaren eraginpean jarri zuten. “Izan ere, kromatina ez badago ondo trinkotua, DNAn kaltea badago, elektroforesian halo bat uzten du”; horri “kometa-adats” deritzo. Eta, hain zuzen ere, alkohola edaten zutenen taldekoen kromatinak halo txiki bat uzten zuen, kontrol-taldekoena baino handiagoa. Zehazki, emaitzen arabera, zelulen % 8k zuen kaltea kontrol-taldean; eta edaten zutenen taldean, berriz, % 44k. Hala, bada, edaten zutenen taldeak 5,3 aldiz zelula gehiago zituen kaltetuta.
DNAn kalte esanguratsu bat dagoela esan ahal izateko, kometa-adatsak 20 nm baino handiagoa izan behar du; eta ez zen horrela, kasu horretan. “Zorionez”, dio ikertzaileak; “baina ez lukete inolako kalterik izan behar, oso denbora gutxi daramatelako alkohola edaten, ez direlako edaten aritu modu kronikoan”. Oraindik ez dakite nola asaldatzen duen alkoholak DNA. Hurrengo urratsa izango da hori: kromatina nola biltzen den berriro eta histonen moduko mekanismo konplexuen portaera gizabanako horietan.
“Gazteen alkoholismoaz ari garenean, mendekotasunik izan gabe alkohola edaten duten gazteei buruz ari gara. Mendekotasunak ondorio sozial eta psikologiko konplexuago bat dakar berarekin. Alkoholismo soziala da hori”, azaldu du ikertzaileak, “baina epe luzean kaltea eragin dezake, eta hori jakin egin behar dugu”.
Erreferentzia
Rendón-Ramírez A., Cortés-Couto M., Martínez-Rizo A.B., Muñiz-Hernández S., Velázquez-Fernández J.B. (2013): “Oxidative damage in young alcohol drinkers: A preliminar study.” Alcohol doi:pii: 934 13 00114 -6.