XXI. mendeko klima simulatzen duten Zirkulazio Orokorraren Eredu Klimatikoak eta, beraz, gerta litezkeen klima-aldaketak aztertu ditu Iñigo Errastik bere doktorego tesian. Azterketarekin batera, eredu horien balidazio estatistikoa egin du, kontuan izanik berotegi efektuko zenbat gas igorriko litzatekeen atmosferara egoera desberdinetan, gizarteak izan ditzakeen garapen teknologiko eta industrial desberdinen arabera.
Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolako Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika Saileko kidea da Iñigo Errasti irakaslea eta defenditu duen tesiak nazioarteko aipamena izan du. Doktorego idazlanak ‘Evaluation and diagnosis of coupled climate models included in the UN IPCC Fourth Assessment Report‘ izenburua du (NBEko IPCCren laugarren ebaluazio-txostenean jasotako eredu klimatiko uztartuen ebaluazioa eta diagnostikoa) eta Agustín Ezcurra eta Jon Sáenz doktoreek zuzendu dute.
Zirkulazio Orokorraren Eredu Klimatikoen (ZOE) simulazioek egungo klimaren erreprodukzioan duten kalitatea ebaluatzeko hainbat metodologia garatu, egiaztatu, doitu eta erabiltzea izan da tesiaren helburu nagusia. Nazio Batuetako Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu arteko Taldearen (IPCC) laugarren ebaluazio-txostenean (AR4) jaso diren ereduak ebaluatzeko eta elkarrekin erkatzeko azterketen esparruan hiru ikerketa egin dira Zirkulazio Orokorraren Eredu Klimatikoak balidatzeko, eskala desberdinetako hainbat eremu geografiko aztertuz, hala nola Iberiar Penintsula, Ipar Atlantikoa eta, azkenik, Lur osoa.
Behaketen emaitzak ondoen islatzen dituzten ereduak zeintzuk diren jakiteko -lehenengo urrats hori egin behar baita Euskal Herria bezalako eskualde batean etorkizunean eskala-murrizketa edo downscaling ariketak egin aurretik-, simulatutako urtaroen zikloak, itsas mailako presioaren probabilitate-dentsitatearen funtzioak (PDFak), gainazaleko airearen tenperaturak eta prezipitazioak erkatu egin dira 1979-1998 eta 1961-1998 aldietan behatutako balioekin, hainbat indize eta metodologia erabiliz, espazio-eskala desberdinetan, hileko eta eguneko oinarrien gainean.
Lortutako emaitzek erakusten dute laugarren ebaluazio-txostenean jaso diren eta IPCCren datu biltegietan eskuragarri dauden eredu klimatiko guztietatik gutxi batzuk gai direla klima besteek baino hobeto erreproduzitzeko, aztertutako aldagaien eta denbora-tartearen, erabilitako metodologiaren eta aztergai diren hiru eremu geografikoetarako kalkulatutako metriken arabera. Íñigo Errastik dioenez, “XX. mendea ondo simulatzen duten ereduek bakarrik balioko dute XXI. mendeko klima-aldaketak hobeto iragartzeko”.
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Klima, Meteorologia eta Ingurumen Taldeko (EOLO) kidea da Errasti irakaslea. UPV/EHUko ikerketa talde finkatu horren helburua da eredu klimatikorik onenak bilatzea, gero, bigarren fasean, Euskal Herriko klima-aldaketari buruzko iragarpenak egin ahal izateko.
Talde horrek hainbat arlotako ikerketak egin izan ditu; esate baterako klima-aldakortasuna aztertu du, eta bereziki prezipitazioaren eta tenperaturaren aldakortasunaren kausa fisikoak identifikatzen saiatu da zenbait eremutan, besteak beste Kantauri itsasoko ertzean, Iberiar Penintsula osoan edo eremu mediterraneoan. Azken urteotan esperientzia handiagoa hartu du denbora-eskala askotan klimaren simulazioak egiten, zenbakizko modelizazioko sistema aurreratuak erabiliz.