Dinosauroak unerik txarrenean harrapatu zituen meteoritoak

Dibulgazioa

Duela 66 milioi urte meteorito handi batek Lurra jo zuenean, dinosauroen ekosistema egokitzapen fase betean zegoen. Talka beste uneren batean gertatu izan balitz, bizirauteko nahikoa baliabide izango zutela iradoki dute Edinburgoko Unibertsitateak zuzendutako ikerketa batean.

“Eztabaida luze eta bizia izan da dinosauroak desagerrarazi zituen kausaren inguruan. Gure ikerketak iradokitzen duenez, dinosauroen komunitateak bereziki kalteberak ziren asteroideak Lurra jo zuen unean, baina ezerk ez du pentsarazten desagertzera kondenatuta zeudenik. Asteroidearengatik izan ez balitz, dinosauroak oraindik hemen egongo ziren seguruenik, eta gu, ziurrenik, ez”, dio Richard Butler Birminghamgo Unibertsitateko Geografia Fakultateko ikertzaileak.

Askotxo esatea da agian, ez baitago jakiterik dinosauroek zer trantze jasan beharko zituzten hurrengo 66 milioi urteetan, ezta horiei aurre egiteko gai izango ote ziren ere. Baina gaur egungo Yucatango penintsulan erori zen hamar kilometro baino gehiagoko objektuak animalion desagerpenean jokatu zuen ezinbesteko rolaren adierazle dira hitz horiek.

1. irudia: Dinosauroen garezurren eta beste hezurdura batzuen irudikapena, Ipar Amerikan bildutako fosiletatik abiatuta.
1. irudia: Dinosauroen garezurren eta beste hezurdura batzuen irudikapena, Ipar Amerikan bildutako fosiletatik abiatuta.

Izan ere, kultura herrikoian nahiko zabalduta dago meteoritoaren hipotesia, baina orain arte, adituek zalantzak izan dituzte gertaera hark izan zuen garrantziaren inguruan. Askoren ustez, animalion dibertsitatea gainbeheran zegoen ordurako, eta horri egotzi izan zaio desagerpena nagusiki. Edinburgoko Unibertsitateak zuzentzen duen eta Birminghamgoaren parte hartzea duen ikerketa honek, baina, gezurtatu egin du hipotesi hori: dinosauroen biodibertsitatea ez zegoen arriskuan, baina ekosistema aldaketa fase betean zegoen eta meteoritoak ez zien egokitzeko denborarik eman.

Kate trofiko ahula

Ikerketan azaltzen denez, talka gertatu zen unean, dinosauroen kate trofikoa ahulduta zegoen, dibertsitatea txikia baitzen dinosauro belarjaleen artean. Dinosauro mota eta espezie mordoa zegoela kontuan hartuta, gabezia zehatz horrek ez zuen animalia guztien biziraupena arriskuan jartzen berez. Baina kontua da dinosauro belarjaleok ekosistemaren kate-begi garrantzitsuenetarikoa zirela, eta egoera zail horri buelta ematea ez zen egun batetik besterako kontua.

Dinosauroak egokitzen ari ziren, eta une horretan harrapatu zituen meteoritoak. Talka haren erruz, ahulguneak zituen katea hautsi egin zen erabat. Dinosauroen artean, hegalariak besterik ez ziren atera onik: gaur egungo hegaztiak haien oinordeko dira.

Ikerketan adierazitakoaren arabera, meteoritoa milioika urte lehenxeago erori izan balitz, kate trofikoa sendoagoa izango zen, eta dinosauroek asmatuko zuten nola egin aurrera. Geroago izan balitz, bestalde, espezieek eboluzionatzeko eta egoera berrira egokitzeko nahikoa denbora izango zuten, eta beste hainbeste gertatuko zen. Izan ere, hamar kilometroko diametroa duen objektu bat jaustea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, baina animaliok egoera zailen aurrean bizirauteko zuten ahalmena ere ez zen nolanahikoa.

2. irudia: Indiako Deccan Traps ingurunea. (Argazkia: Baajhan@Gmail.com / CC BY 3.0)
2. irudia: Indiako Deccan Traps ingurunea. (Argazkia: Baajhan@Gmail.com / CC BY 3.0)

Baina zergatik zeuden dinosauroak krisialdi txiki batean murgilduta, duela 66 milioi urte? Garai hartan asaldura handia gertatzen ari zen kliman: sumendiak, itsasoaren mailaren aldaketak, tenperatura gorabeheratsuak… Badirudi orduan Indiako Deccan Traps eskualdeko sumendiek izan zituzten erupzioak daudela fenomeno horien atzean. Hain izan ziren handiak eta ugariak, ezen klima globalari eragin baitzioten.

Ikertzaile batzuek uste dute Indiako jarduera bolkaniko izugarri hark ekarri zuela dinosauroen desagerpena zuzenean. Edinburgoko Unibertsitateko ikerketa honek, ordea, arazoaren abiapuntuan kokatzen du Deccan Traps, baina ez besterik: erupzio horiek eragindako klima aldaketaren ondorioz ahuldu zen dinosauroen kate trofikoa, eta horregatik ez zeuden prest meteoritoaren talkari aurre egiteko.

Horren erakusle, ikerketaren berri emateko argitaratutako artikuluan azaldu dutenez, aztertutako fosilek eta aztarnek iradokitzen dute dinosauroen desagerpena zakarra eta bat-batekoa izan zela geologiaren ikuspegitik. Horrenbestez, badirudi tenperaturak eta itsas mailak epe luzean izandako gorabeherak ez zirela kausa nagusia izan. Desagerpenaren zakartasunak meteoritoaren moduko gertaera batekin egiten du bat, gehiago.

Ipar Amerika bakarrik

Dena dela, ikerketa honek badu hutsune nagusi bat: Ipar Amerikan aurkitutako fosilak besterik ez dituzte baliatu lanerako. Izan ere, artikuluan azaldu bezala, Ipar Amerikan besterik ez daude Kretazeo garaiko azken hamabost milioi urteetako (duela 80-65 milioi urte) fosilen bildumak ondo datatuta eta kontserbatuta. Eremua are mugatuagoa da Kretazeoko azken milioi urteari erreparatzen bazaio: AEBetako ipar mendebaldean dagoen Hell Creek formazioko fosilak izan dituzte informazio iturri.

Emaitzek ahulezia hori dutela onartuta, munduko beste toki batzuetan Kretazeoko garai horretarako dauden dinosauroen fosil urriagoak aztertzea dute helburu ikertzaileok, ikerketa osatzeko eta gertatu zena hobeto ulertzeko. Hain zuzen, Txinan eta Katalunian (Lleidako Pirinioetan dagoen Tremp arroan) egingo dituzte azterketa osagarri horiek.

Erreferentzia bibliografikoa

Brusatte, S. L., Butler, R. J., Barrett, P. M., Carrano, M. T., Evans, D. C., Lloyd, G. T., Mannion, P. D., Norell, M. A., Peppe, D. J., Upchurch, P. and Williamson, T. E. (2014), The extinction of the dinosaurs. Biological Reviews. doi: 10.1111/brv.12128


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.