Sei zentimetroko harrixka batean dago hamar mila espezieren jatorria

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Orain arte topatutako muskerrik zaharrenaren berri eman dute zientzialariek, eta horrek narrastien zuhaitz ebolutiboaren berrantolaketa ekarri du.

Taberna batera sartu eta barra-barra entzuten dira eztabaidak. Politika dela, futbola dela… edota beste ezein konturi buruzkoa izan daiteke ezbaia. Arrautza ala oiloa, zein izan zen lehena. Taberna horretan paleontologo bikotea txikito baten inguruan topatuz gero, lasai asko egon daitezke ezbaian ea zein izan zen lehena, gekoa ala iguana. Seigarren txikitoa atera orduko eztabaida are sutsuagoa bihur daiteke, baina, batek daki, besarkada batean ere amaitu daiteke kontua, fakultate garaiko txangoetan abesten zen kantu eder horietako batekin lagunduta.

Biharamunean jasoko lukete albistea: haien eztabaida ebatzita dago. Gekoak iguanak baino lehenago agertu ziren. Kito. Hori adierazten du, bederen, paleontologo talde batek osatu duten zuhaitz ebolutibo berriak.

1. irudia: Pangeako paisaia irudikatua, duela 240 urtekoa, Megachirella wachtleri espezieko kide bat duena. (Irudia: Davide Bonadonna)

Errua sei zentimetro eskaseko harri koskor batena da. Ia duela bi hamarkada aurkitutakoa izan zen, baina orain eman du ezustekoa. Baina gekoen eta iguanen agerpenari buruzko eztabaida baino harago doa kontua: ia 75 milioi urteko hutsune bat bete da orain, eta iraungipen masibo bat sartuta dago istorioan. Baina, hobe, goazen atalez atal.

Duela 240 milioi urte abiatzen da istorioa, Triasiko Ertainean. Garai horretako une jakin batean ekaitz batek Pangeako kostaldea astindu zuen, eta itsasora bota zituen bidean harrapatutako hainbat bizidun. Tartean, lurreko landare batzuk eta sugandila baten antza zuen animalia txikia. 240 milioi urte geroago zaletu batek Alpe mendietan aurkitu zuen gertakari txiki horren aztarna, aspaldian harriztatutako argazki baten gisa.

Eskerrak ez zuen etxeko ganbaran gorde. Eskerrak museo batera eraman zuen. Zenbaitetan, ezagutzaren bideak motelak dira, baina, lehenago edo beranduago, gauzak bere onera datoz. Hainbat urtez ahazturik egon zen arren, fosilak ikertzaileen arreta erakarri du, eta sakonki aztertua izan da. Naturen argitaratu dute orain azterketa horren emaitza.

Ondorioztatu dute Megachirella wachtleri izeneko “sugandila” hori muskerrik zaharrena dela, eta Squamata ordenaren lehen ordezkaritzat jo dute. Ezkatadunen ordena hori talde zabalenetakoa da lurreko ornodunen artean. 10.000 bat espezie dira. Bertan muskerrak, sugeak eta Amphisbaenia azpi-ordenako animaliak biltzen dira.

2 irudia: Megachirella wachtleri espeziearen fosila. Berez sei zentimetro luze duen fosila da, baina jatorrizko animalia 25-30 zentimetroko luzera zuela kalkulatu dute. (Argazkia: MUSE – Science Museum, Trento, Italy)

Albertako (Kanada) Unibertsitateko Michael Caldwell ikertzailearen esanetan, “iragan urrunari irekita dugun ate bakarra suposatzen dute fosilek. Megachirellari esker eskuratu ahal izan dugun ulermena antzinatean dagoen puntu bat besterik ez da. Baina informazioa ematen digu, gaur egun bizi diren 10.000 musker eta suge espezieak ikertze soilarekin eskuratu ezin dugun informazioa, alegia”.

Fosil horretan buru-hezurraren zati bat, saihetsak, bizkarrezurra eta aurreko gorputz adarrak kontserbatzen dira. Txiki-txikia da aztarna; sei zentimetro inguru luzeran. Muturretik buztanera jatorrizko animaliak 25-30 zentimetro inguru izango zituela kalkulatu dute paleontologoek. Klasifikatzeko zaila zen, eta orain arte lepidosauria taldean sartuta zegoen. Azterketa sakonak erakutsi du, ordea, lehenengo “ezkataduna” izan zela.

Azterketa egiteko ordenagailu bidezko mikrotomografia erabili dute. Teknologia horrek hiru dimentsioko ikuspegia ematen du. Modu horretan, ikertzaileak gai izan dira behatzeko arrokan txertatuta dauden fosilaren hainbat zati. Adibidez, ukondoan dagoen errotula bat -ezkatadunetan baino ez omen dagoena- edota klabikulako hainbat forma berezi.

Jakina da paleontologian konparaketak egitea funtsezkoa dela, eta kasu honetan ere hala izan da. Ikertzaileek 400 egun inguru eman dituzte, munduan zehar barreiatutako bildumetan sugandila itxurako fosilak aztertzen.

Bideoa: Megachirella, musker guztien ama.

Baina genetikari ere heldu diote, eta animalia ordena horretan DNAn izaten diren mutazio tasak berriro kalkulatu dituzte, data zehatzagoak eskuratu aldera. Modu horretan jakin dute noiz bereizi ziren, zuhaitz filogenetikoan, Megachirella eta ezkatadun modernoak.

Horrela zehaztu dute fosilaren datazio berria: 240 milioi urte. Horrek ezkatadunen existentzia 75 milioi urte atzeratu du, baina beste ondorio garrantzitsua izan du. Kontuan izan behar da duela 252 milioi urte planetak inoiz jasan duen iraungipen masiborik latzena nozitu zuela. Ez dago argi sumendien jarduera, supernoba bat edo asteroide bat horren atzean egon ote zen. Arrazoia edozein izanda ere, Permiarraren eta Triasikoaren arteko mugan izan zen hondamendi horretan itsas espezie gehienak desagertu ziren, eta lur ornodunen %70ek patu berdina izan zuten.

Ezkatadunen datazio berria jakinda, gauzak aldatzen dira. Orain arte uste zen ezkatadunak iraungipenaren ostean agertu zirela, baina orain eskuratutako datuek ideia horri baztertzeko arrazoi nahikoa dagoela erakusten dute. Ikertzaileek proposatu dute agian hondamendi horrek ahalbidetu zuela, hain zuzen, narrasti-leinu ezberdinen dibertsifikazioa. Datu berrien arabera, beraz, ezkatadunak gai izan ziren hondamendia gainditzeko, eta gaur egun mundua betetzen duten 10.000 espezie dira horren isla.

Erreferentzia bibliografikoa

Simões T. et al (2018). The origin of squamates revealed by a Middle Triassic lizard from the Italian Alps. Nature, Volume 557, pages 706–709. DOI: 10.1038/s41586-018-0093-3


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.