2003an Giza Genoma izeneko egitasmoak erabat zehaztu zituen giza DNAren oinarri kimikoak eta DNA hori osatzen duten 3.000 geneak. Ordutik hona, genetikan egin izan diren aurrerakuntzek zientzia-iraultza oso handia ekarri diote gure gizarteari.
Oraindik hainbat urteko ibilbide luzea egin behar da datu guztiak ondo ulertzeko, baina azkenean finkatu ahal izango da zein diren Alzheimer edo minbizia bezalako gaixotasunak garatzeko probabilitateak. Izan ere, neurri handi batean herentzia dago gaixotasun hauen eragileen artean. Halaber, oso fase goiztiarretan antzeman ahal izango dira gaixotasunak eta hori oso lagungarria izango da, gaixotasuna gertatu aurretiko tratamenduetan, tratamendu goiztiarretan edo jaio aurreko tratamenduetan. Areago, in vitro ernalketan ere, tratamendu bat garatu ahal izango da, enbrioia amaren uteroan finkatu baino lehen.
Giza genoma ezagutzeak beste aurrerapen batzuk ekarriko ditu. Horra hor adibidez gene-terapiaren aukera, hau da, gene gaixotasun-eragileen ordez “gene osasuntsuak” jartzeko aukera. Zer esanik ez, horrela saihestu egingo da gaixotasun jakin batzuk garatzea, edo zehazkiago, kaltegarriak izan litezkeen gene batzuk adieraztea. Beste alde batetik, banakoen genoma ezagutzea oso lagungarria izan daiteke, gizaki bakoitzarentzat farmakologia-tratamendu bana diseinatu egin ahal izateko. Izan ere, gutariko bakoitzak erantzun desberdina ematen die tratamenduei.
Hala ere, kontu guztiak ez dira abantailatsuak. Ez dago DNA baino pertsonalizatuagoa den gauzarik. Bakarra eta saihestezina gizaki bakoitzarentzat.
Biki monozigotikoek %100ean dituzte gene komunak (denbora igaro ahala inguruneak eragina badu ere), baina edonola, gene-informazioa arriskutsua izan daiteke hainbaten esku uzten bada. Zer gertatuko ote litzateke aseguru-etxe batek jakingo balu diabetesa pairatzeko probabilitate handiak ditugula? Gehiago ordainaraziko liguke? Eta lan bila enpresa batera joanda, kontratatuko ote gintuzkete jakingo balute minbizi bat gara dezakegula? Garbi dago hor badagoela bide bat gizarte-bazterkeriarako.
Berez, post hau idazten ari naiz oso iragarki asaldagarria irakurri nuelako duela hainbat aste:
Jakina, berehala galdetuko dugu zer ote dagoen aseguru-etxe horren sariaren azpian. Ustez, zure seme-alaben ahalmenak ezagutzeko oparitzen dizute, baina esana dugu ahalmenak ez direla DNAn kodetuta dagoen gauza bakarra: “bizi-marka” dugu gure DNA hau.
Gordeko ote ditu aseguru-etxeak umeen datuak, agian gero beraiek aseguru bat egiteko unean kontuan izateko? Erabiliko ote dituzte datu horiek gurasoen zehaztapenak ere gene-testik egin gabe lortzeko? Milaka galdera dabiltza nire buruan.
Nik uste dut antzerako zerbait gertatuko balitz, aukera egongo litzatekeela beti ere UNESCOko Giza Genoma eta Giza Eskubideen Adierazpenera jotzeko, baina noski, pentsatzekoa da bide hori galarazita egongo dela, test horiek egin baino lehen gurasoei zerbait sinaraziko zaielako. Batek daki zer sinatu beharko duten, eta zein arrisku eragingo duen sinatu izanak.
Ez dut aseguru-etxe jakin horren aurka joan nahi, zeren eta interneten berehala ikus baitaiteke enpresa ugarik eskaintzen dutela zerbitzu hori. Jakin nahi nuke ordea zein iritzi duzuen kontu honetan. Ba ote daude hiritarrak arrisku hauen jakitun, alegia beren informazio pertsonala ezezagunen esku uztearen balizko ondorioen jakitun? Azpijokoan hasiko ote dira aseguru-etxeak? Jendearen jakinduria ezaz baliatzen ote dira aseguru-etxeak?
Beste alde batetik, izugarri ugaritu dira azken bolada honetan gene-azterketak egiten dituzten enpresak. Azterketen salneurriak behera egin du, eta erraztasun handiak eskaintzen dira: listu-lagin bat posta bidez bidali eta egun gutxiren barru bidaltzen dizute erantzuna.
Berriz ere, jakinduria ezak bidea egin diezaieke iruzurrei. Areago, gure osasuna arriskupean jar dezakegu, baldin eta behar bezalako profesional batengana jotzen ez badugu. Izan ere, datu fidagarriak lortu behar ditugu gure osasunari buruz, zeren eta esaten badigute arrisku handia dugula gaixotasun bat garatzeko, erabat baldintzatuko baita gure bizimodua. Inoiz, norbaitek hainbat enpresetara jo du, eta bakoitzean ondorio desberdin bat eman zaio.
Beti bezala, zentzuz jokatu behar dugu enpresa egokia aukeratzeko: erreferentziak eskatu, profesionalak behar bezalako formazioa duela egiaztatu eta laginketa zuzen egiten dela egiaztatu ere. Profesional taldeak izaten dira ondo aritzen direnak, eta laginketak ez dira inola ere posta bidez egiten.
Laburbilduz, badakigu noren esku utziko dugun gure genoma?
Egileaz: Maria José Moreno (@mariajo_moreno) kazetaria da.
Juan Carlos Odriozolak (@Txankar2) euskaratu du artikulua.