Bikiak: genetikako laborategi naturala

Maria José Moreno

Zigoto bakarretiko bikiek ez dituzte beti gene berdin-berdinak, eta hori lagungarria da zientziarentzat. Izan ere, obulu eta espermatozoide berberek sortuak izan arren gene-ezaugarri desberdinak erakusten dituzten anaia-arrebek aukera ematen dute bestelako banakoen kasuan etikak ezarriko lizkigukeen mugak gainditu gabe aritzeko.
Egun, oso eztabaida sutsua dago giza klonazioaren inguruan, eta bikiek ederki uxatzen dituzte zalantzak, lotsak eta beldurrak. Horrela, bikien arteko aldeak eta antzekotasunak aztertuta, emaitza liluragarriak lortu dira genetikaren esparru loratuan.

bikiaktwins_06

Oraindik ez dugu sakonean Down sindromea ezagutzen. Ildo horretan, duela bi urte Nature aldizkariak plazaratu zuen ikerketa oso interesgarria da: transkriptomak erkatu ziren, hau da, geneak adierazten diren erak alderatu zituzten, baina oso egoera garrantzitsuan: zigoto bakarretiko bietatik batek baizik ez zuelarik sindromea.

Egoera hau oso gutxitan gertatzen da (385.000 kasuetan behin), eta honetan ikerlariek aukera izan zuten sindromedun fetuan genoma osoaren adierazpenaren “leuntze” bat ikusteko. Hots, kromosoma guztiak zeuden eraldatuta, ez bakarrik 21. kromosoma. Ikerlariek uste dute edozein kromosomatako aldaketak eragin dezakeela sindromea, eta zer esanik ez, hirugarren kromosoma-kopia bat egoteak ere eragin handia du.

Ikerketa hau funts-funtsezkoa izan zen, zeren eta genoma bera ez duten bi gizakiren kasuan ezin baitira bi gene-adierazpenak elkarrekin erkatu. Bi biki zigotobakarren artean aldiz, trisomia da alde bakarra (alegia, bi pare homologo egon beharrean, hiru kromosoma daude).

Gainera, biki monozigotikoak ere oso egokiak dira, kate luzea ekarri duen eragin ezgenetikoaren auzia aztertzeko: lagunak, senitartea, jaiotza-eskualdea…eragileak ote dira? Hala ere, tankera honetako bikien kasuak ere ez dira guztiz argigarriak izan, eta %50a baizik ez baitagokio eragin ezgenetiko horri.

Esate baterako, Edinburgoko Unibertsitateko zientzialariek eta Londresko King Collegeko zientzialariek (Britainia Handia) ikusi zuten garai goiztiarretan irakurtzen jakiteak on egin diezaiokeela geroagoko gaitasun intelektualen jabekuntza prozesuari. Agerian utzi zuten genetikak zein inguruak eragiten duela baina hala ere, ez zuten modurik izan eragile ezgenetikoen mekanismoak zehazteko.

Izan ere, zigoto bakarretiko bikietan probatu zuten hori, eta hizkuntza-adimenarekin zein hizkuntzatik kanpoko trebeziekin ere uztartu dute irakurketa. Berez, hizkuntza-adimen handiago dutenek hiztegi handiago baten jabekuntza gauzatzen dute, eta hizkuntzatik kanpoko adimena bere aldetik arrazonamendu-ahalmenarekin lotuta doa.

Ez dago esan beharrik lehenago zigoto bakarretiko bikiak aurkitu eta beraiei laguntza eskatu behar zaiela. Horretarako, biki-erregistro bat egin da eta bertan bikoteek boluntarioki izena eman dezakete, ikerketa-eredu gisa erabiliak izateko. Murtzian dago Espainiako erregistro bakarra, Juan Ramón Ordoñana psikobiologoak koordinatua. 2007.ean sortu zen, eta bertan aztertzen ari dira ingurumen eta genetika-eragileek nola eragiten dieten batera osasunari eta osasunari lotura doazen portaerei. Gaixotasunen garapenak zein prebentzioak aztertzen ari dira, begi-bistakoa baita horrek gizakion ongizatean duen garrantzia.

Hasiera batean, emakume helduak aztertu zituzten, askoz ere gehiago zirelako, baina geroago gizonezkoetara hedatu zen ikerketa esparrua, eta aurreikusita dago bestelako adinen taldeetara ere hedatzea. Berez, Espainiako populazio talde osatuena da erregistro hau.

Horrela, informazioa biltzen da erditze anizkoitzeko indibiduoez edota zonalde jakin batean edo ezaugarri bereziak dituzten indibiduoez. Zigoto bakarretiko eta bi zigotoetatiko indibiduoak erkatzen dira. Esan bezala, lehenengo taldekoek genoma berbera dute, eta bigarren taldekoek, beraien arteko erkaketak aukera ematen dute faktore moten arteko elkarrekintza aztertzeko. Elkarrekintza hauek, ezaugarri konplexuak eragiten dituzte, gaixotasunak eta bestelako eraldaketak kasu. Horrela ba, osasun arloko ikerkuntza oso garrantzitsua da.

Informazio gehiago lortu nahi izatekotan, edo egitasmoan parte hartu nahi izatekotan, jo bedi Registro de Gemelos de Murcia gunera.

——————————————–

Egileaz: Maria José Moreno (@mariajo_moreno) kazetaria da.

Juan Carlos Odriozolak euskaratu du artikulua.

——————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>