Bakailaoa bere gene-saltsan

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Pil-pilean, ajoarriero, bizkaitar erara, tortillan, piper beteak,… hamaika modu daude bakailaoa kozinatzeko. Euskal kulturaren, ekonomiaren eta historiaren osagai garrantzitsua dugu arrain hau. Ezaguna da arrantzale asko joan zirela Ternua aldera bakailaoa arrantzatzera, munduko beste arrantzale askok bezala. Izan ere, arrain hau ugaria baitzen paraje horietan. Gehiegizko arrantzak ordea ondorioak ekarri zituen eta 1970.eko hamarkadan bakailao-populazioaren jaitsiera oso nabarmena gertatu zen, eta ondorioz bakailaoaren arrantzaren debekua egin zen. Gehiegizko arrantza horrek bakailaoaren gene-egituran ere ondorioak ekarri zituen.

1. irudia: Amaren bakailaoa, pil-pilean. (Argazkia: Koldo Garcia)

Bakailaoa (Gadus morhua) Ozeano Atlantikoaren iparraldean bizi da. Arrantzarako bi gune nagusi izan ditu: Ipar-mendebaldea, Ternua inguruan (Kanada eta Groenlandia); eta ipar-ekialdea, Svalbard inguruan (Norvegia). Lehenbizikoak 1970.eko hamarkadan bakailao-populazioaren kolapsoa izan zuen eta jada ez dago ia arrantzarik; azkenekoak osasun ona du eta arrantza-gune nagusia da orain. Ternuan gertatutako kolapsoa azaldu izan da gehiegizko arrantzaren eta klima-aldaketaren ondorio bezala. Bakailaoaren ugaritasunaren gainbeheraz gain ipar-mendebaldeko bakailaoak ere tamainan eta heldutasun-adinean gainbehera izan du, arrantzaren menpeko hautespenaren ondorioz. Kolapsoa gertatu ostean Kanadak bakailaoaren arrantza debekatu bazuen ere, ez da berreskuratu bakailaoaren kopurua Ternua aldean. Orain dela gutxi ikertzaile talde batek bakailaoaren gene-egitura aztertu du bakailaoaren kudeaketa hobetzeko eta bakailaoaren berreskurapenean laguntzeko.

Ternuako bakailaoaren gene-egitura ezagutzeko aztertu dituzte bostehun bakailao baino gehiago. Bakailao horiek 2001 eta 2015 urteen artean jaso ziren ipar-mendebaldeko Atlantikoko hamazortzi tokitan: hamahiru Ternua eta Labrador penintsularen inguruetan; hiru Kanadako hegoaldean; eta bana Gilbert badian eta San Laurendi golkoaren hegoaldean. Azterketa egiteko bakailao horien ia zazpi mila gene-aldaera erabili dituzte, mota honetako azterketak egiteko informazio gehien ematen dituzten gene-aldaerak hain zuzen ere.

2. irudia: Gehiegizko arrantzak eragin zuen bakailaoaren populazioaren gainbehera ikaragarria Ternuan. (Argazkia: kazuphotos – Pixabay lizentzia. Iturria: pixabay.com)

Ikertzaileek ikusi zuten bakailaoak hiru taldetan banatzen zirela. Banaketa horren oinarria da lehenengo kromosoman gertatu den berrantolaketa bat; eta bakailaoak kromosoma bakoitzaren bi kopia dituenez, konbinaketa ezberdinetatik defini daitezke hiru taldeak:

  • talde bat osatzen zuten berrantolaketarik ez duten bi kopien eramaileek;
  • beste talde bat berrantolaketa duten bi kopien eramaileek;
  • eta hirugarren taldea heterozigotoak ziren, hau da, lehenengo kromosomaren kopia batean berrantolaketa zuten eta bestean ez.

Aurretik ezaguna zen kromosoma-berrantolaketa hau ekialdeko Atlantikoko bakailaoetan. Kromosoma-berrantolaketa horretan alboan dauden bi genoma-eskualde atzekoz aurrera agertzen dira, kromosomaren egitura aldatuz. Berrantolaketa horrek eragin du bertan kokatzen diren geneak supergene bakar bat bailiran bezala heredatzea eta eragina izatea bakailao-populazioaren egituran, zailagoa baita gurutzatzea berrantolaketa duten bakailaoak eta ez dutenak. Izan ere, uste da kromosoma-berrantolaketa hori ekialdeko Atlantikoko bakailaoetan gertatu zela orain dela 1,6 eta bi milioi urte artean eta eragin zuela ipar-mendebaldeko bakailaoan aldakortasuna emendatzea.

Aurretik ezaguna zen ere kromosoma-berrantolaketa horrek lotura zuela bakailaoaren migratzeko gaitasunarekin eta ikerketa honetan berretsi dute lotura hori. Oro har, berrantolaketa ez duten bakailaoak ez dira migratzaileak, kostaldekoak dira; berrantolaketa dutenek, aldiz, joera handiagoa dute migratzeko. Kromosoma-berrantolaketa gertatu den eskualdean kokatzen dira igeri-maskuriarekin eta muskuluen errendimenduarekin lotutako geneak; eta iradoki da horrek migrazioak egiteko gaitasunean eragina izan duela. Ideia honen alde, azken lan honetan ikusi dute hautespenak modu ezberdinean jokatu duela berrantolaketa izatearen arabera: migrazioa hobetzen duten gene-aldaeren aldeko hautespen naturala gertatu da kromosoma-berrantolaketa duten bakailaoetan.

3. irudia: irudia: Bakailaoaren gene-egituraren aldaketak Ternuako ekosisteman eragina izan dezake (Argazkia: jzabloski – Pixabay lizentzia. Iturria: pixabay.com)

Baita ere, gene-datuetan oinarrituta eta simulazioak erabilita, aztertu dute talde bakoitzaren kopuruaren bilakaera. 1860. urtean talde bakoitzak antzeko tamaina bazuen ere, kromosoma-berrantolaketarik ez zuen taldean eta heterozigotoak ziren taldean populazioa nabarmen hazi zen 1970. urtera arte, hau da, populazio oso emankorrak izan ziren. Kromosoma-berrantolaketa zuen taldean, ordea, ez zen halakorik ikusi, populazioaren jaitsiera txiki bat baizik. 1970. urtetik aurrera hiru taldeetan populazioaren kopuruak nabarmen behera egin zuen eta horrek eragin du orain talde bakoitzaren kopurua ezberdina izatea: kromosoma-berrantolaketa duen taldea oso urria da eta talderik handiena kromosoma-berrantolaketarik ez duena da. Gainera, tokian toki, ikusi da talde bakoitzaren proportzioa aldatu dela eta horrek iradoki dezake hautespenaren intentsitatea, edo arrantzaren eragina, lekuaren araberakoa izan dela.

Egileen ustez argi dago gehiegizko arrantzak batez ere kromosoma-berrantolaketa duen populazioan eragina izan duela, hau da, migrazioak egiten dituzten bakailaoetan. Egileen aburuz, populazio mota ezberdinen proportzio aldaketak eragin du kostako ekosistemaren berrantolaketa eta, gehiegizko arrantzak jarraituko balu, migratzen duen bakailao-taldea guztiz desagertuko litzateke. Ondorioz, bakailaoaren bioaniztasuna, banaketa eta iraunkortasuna aldatuko litzateke eta horrek aldaketak sortuko lituzke ipar-mendebaldeko Atlantikoko ekosistemen funtzioan eta osaketan. Hortaz, bakailaoaren kudeaketa egiterako orduan aholkatzen dute genoma-egitura kontutan hartzea, bioaniztasuna mantentzeko eta, horrela, etorkizunean bakailaoaren populazioaren beste kolapso bat ekidin.

Laburbilduz, badirudi Ternua aldean gertatu den bakailaoaren gehiegizko arrantzak bakailaoaren gene-egituran eragina izan duela eta, horrek, Ternuako ekosisteman eragina izan dezakeela. Horrela, uda honetan egingo diren bakailao-lehiaketa batean parte hartzen baduzu edo kuxkuxeatzen baldin bazaude, zure kideei eta lehiakideei azal ahal diezu nola gure zaletasun horrek bakailaoaren gene-egitura aldatu duen.

Erreferentzia bibliografikoa

Kess et al. (2019). A migration-associated supergene reveals loss of biocomplexity in Atlantic cod. Science Advances, 5(6), eaav2461. DOI: 10.1126/sciadv.aav2461


Egileaz: Koldo Garcia (@koldotxu) Biodonostia OIIko ikertzailea da. Biologian lizentziatua eta genetikan doktorea da eta Edonola gunean genetika eta genomika jorratzen ditu.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.