Asteon zientzia begi-bistan #264

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Osasuna

Eusko Jaurlaritzak ohartarazi duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %44 areagotu dira sexu transmisiozko infekzio kasuak eta %25 GIBarenak. Iaz, GIBaren 169 infekzio kasu detektatu zituzten; 2017an baino 34 kasu gehiago, eta 2016an baino 11 gehiago. Gorakada hori ikusita, kontzientziazio kanpaina bat abiaraziko du Osasun Sailak. Informazio guztia Berrian.

Txinako bi lekutan tigre eltxoa ia desagerraraztea lortu dute, bakterio bat eta emeak antzutzeko teknika bat erabilita. Tigre eltxoak arriskutsuak izan daitezke hainbat birus transmiti ditzaketelako: Dengea, Chikungunya eta Zika, besteak beste. Birus horiek eragiten dituzten gaixotasunek ez dutenez txertorik, eltxoen populazioak kontrolatzea da gelditzen den aukera, Elhuyar aldizkarian azaltzen dutenez.

Biologia

Koldo Garciaren eskutik bakailaoa gertutik ezagutzeko aukera izan dugu honetan. Ternua izan da arrantzarako gune nagusiena eta Kanadak bakailaoaren arrantza debekatu bazuen ere, ez da berreskuratu bakailaoaren kopurua Ternua aldean. Horren harira, orain dela gutxi ikertzaile talde batek bakailaoaren gene-egitura aztertu du bakailaoaren kudeaketa hobetzeko eta bakailaoaren berreskurapenean laguntzeko. Ikertzaileek ondorioztatu dute Ternua aldean gertatu den bakailaoaren gehiegizko arrantzak bakailaoaren gene-egituran eragina izan duela.

Fisika

Zientzialariak hegazkinek sortzen dituzten kondentsazio-lorratzak kezkatuta daude. Ondorioztatu dutenez, lorratza horiek dira planeta bereziki berotzen dutenak, hegazkinetako erregai bera baino. Kalkulatu dute, gainera, hodei artifizialen inpaktua hiru aldiz handiagoa izango dela 2050ean. Horretaz gain, kliman ere eragina dutela uste dute, baina klima-sistema oso konplexua denez, zaila da neurtzea norainoko inpaktua sortzen duten. Informazio gehiago Juanma Gallegoren eskutik.

Matematika

Matematikak behin baino gehiagotan izan dira protagonistak Oscar sarietan. Aleka McAdamsek, adibidez, efektu bereziei buruz idatzi zuen bere tesia eta horren ondotik, Walt Disney estudioetan eman zioten lana. McAdams eta bere tesi-zuzendaria daude Frozen eta Moana bezalako filmen arrakastaren atzean. Animaziozko film onenaren Oscar saria lortu zuen Frozen filmak 2014an. Izotza eta elurra ziren protagonista eta haien diseinu egokia lortzea, ahalik eta irudi errealena ematea, nahi izan zuten zuzendari artistikoek. Eredu matematiko berri bat proposatu zuen elurraren mugimenduen simulaziorako eta hori erabili zuten filmean. Honi buruz gehiago jakiteko, irakur ezazue osorik artikulu interesgarri hau!

Emakumeak zientzian

Marie Curiek bi aldiz irabazi zuen Nobel saria: lehenengoa, Fisikako Nobel saria izan zen (1903), bere senar Pierre Curie eta Henri Becquerelekin batera erradiazioaren fenomenoa ikertzeagatik, eta, zortzi urte geroago, berak bakarrik, Kimikako Nobel saria lortu zuen, radioa eta polonioa aurkitzeagatik. 1893an Fisikako ikasketak bukatu zituen eta urtebete geroago, Matematika Zientzietan lizentziatu zen. Lehen Mundu Gerran parte hartu zuen ere. Erabilpen militarrerako lehen zentro erradiologiko mugikorrak sortu zituen berak; Petite Curie gisa ezagunak. Datu gehiago artikuluan.

Biokimika

Antibiotikoekiko erresistentziaz mintzatu da Itziar Alkorta UPV/EHUren ikastaroetan, Berrian irakur daitekeenez. Bertan, ohartarazi du botika horien erabilera demasak handitu egin duela egoera “apokaliptiko” baten arriskua. “Antibiotikoak medikuntzan sartu ahala, demasa izan dela horien erabilera. Eta, testuinguru horretan, bakterioek erresistentzia metodo berriak garatu dituzte, edota metodo horiek partekatu egin dituzte beren artean”, azaldu du elkarrizketa honetan. Egoera kezkatzekoa dela azpimarratu du: “Bakterioek jarraitzen badute multierresistentziak garatzen, antibiotikorik gabe gera gaitezke”.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.