Arrazoi dute: zeruan ikusten diren lorratzak kezkagarriak dira

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Hegazkinek sortzen dituzten kondentsazio-lorratzak kezka iturri izan daitezke, baina ez konspirazioari lotutako teoriek esaten dutenagatik. Zientzialariek ondorioztatu dutenez, abiazioari dagokionez, zeruan sortzen diren lorratzak dira planeta bereziki berotzen dutenak, hegazkinetako erregai bera baino. Kalkulatu dute, gainera, hodei artifizialen inpaktua hiru aldiz handiagoa izango dela 2050ean.

The Cloudspotter’a Guide liburuan, CAS Hodeiak Estimatzeko Elkarteko presidente Gavin Pretor-Pinneyk “hodeien familiako sasikume” berritzat hartzen ditu kondentsazio-lorratzak. “Gaur egun, agian hobe da mugatzea esatera haien ez direla sortuak izan haien anai-arrebak sortuak izan diren modu berean”, gaineratzen du, iseka puntu batekin. Egileak argitzen duenez, bi hodei mota horien artean dagoen desberdintasun bakarra da, hain zuzen, batzuk modu naturalean sortzen direla, eta besteak giza jardunaren ondorio direla.

1. irudia: Denbora askoan ez da kontuan hartu kondentsazio-lorratzen eragina klima aldaketan, baina orain ikerketa batek azaleratu du eragin esanguratsua izan dezaketela. (Argazkia: William Hook/Unplash)

Hegazkin komertzialek eragiten dituzten lorratz horiek 8.000-12.000 metroko altueran sortu ohi dira; horixe baita, hain zuzen, hegazkin gehienen gurutzaldi-abiadurarako altituderik hoberena. Baina bertan dagoen tenperatura oso baxua da, 30-60 gradu zero azpitik, eta hegazkinen motorretatik ateratzen diren gas heze eta beroak atmosferan dagoen aire hotzarekin nahastean ur-tanta txikiak eragin daitezke, modu horretan izotz-kristal txikiak sortzen direlarik. Kristalen eraketa horretan motorretik ateratzen diren partikulak ere lagungarri dira, horien inguruan biltzen baita hezetasuna. Alabaina, ez dira beti lorratzak sortzen: airean hoztasun eta hezetasun nahikoa egon ezean, kristal horiek ia berehala sublimatzen dira. Horregatik, eguraldia iragartzen trebezia nahikoa dutenentzat, zeruan marraztutako marra horiek troposferaren goiko aldearen tenperaturaren adierazle izan daitezke.

Eguraldian ez ezik, hodei artifizial horiek kliman ere eragina dutela uste dute zientzialariek, baina klima-sistema hain konplexua denez, askotan zaila izan da neurtzea norainoko inpaktua duten. Batetik, lorratz hauek eta bestelako partikulek iluntze efektu bat sortzen dutela proposatu da behin baino gehiagotan, eguzkiaren energiaren zati bat islatzen dutelako. Hau da, planeta berotu beharrean, planeta hozten lagunduko lukete. Efektu bera dute ere hodei gehienek, baina hodei artifizialen kasuan efektua kontrakoa dela uste dute zientzialariek, haien tamainagatik eta dauden altitudeagatik energia kopuru bat igarotzen uzten dutelako; baina, aldi berean, bertan dauden izotz kristalek energia kopuru bat ere metatzen dutelako.

Orain, aurrenekoz, ikerketa batek zehaztu du lorratz horiek klima aldaketan daukaten eragina, mundu mailan. DLR Alemaniako Zentro Aeroespazialeko bi ikertzailek egin dute kalkulua. Gaur egungo egoera kontuan hartzeaz gain (berez, 2006. urtea hartu dute erreferentzia modura), eta klimatologian egin ohi den moduan, 2050. urterako aurreikuspenak ere egin dituzte. EGU Europako Geozientzien Batasuna elkarteak argitaratzen duen Atmospheric Chemistry and Physics aldizkarian zabaldu dituzte emaitzak.

2. irudia: Mapetan azaltzen da hegazkinetako lorratzek sortzen duten beroketa, metro koadroko miliwattetan neurtuta. 2006ko datuak (a), eta 2050erako aurreikuspenak (b). Erakusten dira ere berotegi efektuak eragindako berotze erantsia (c), eta motorren efizientzian aurreikusitako hobespenak (d). (Grafika: EGU)

Egileek proposatu dute beroketa globalean orain arte behar bezala kontuan hartu ez den eragina badutela hodei artifizial hauek. Bi dira atera dituzten ondorio nagusiak. Batetik, ikusi dute kondentsazio lorratzen bitartez kliman sortzen den eragina hegazkinetan erabilitako erregai fosilen errekuntzagatik sortzen dena baino handiagoa dela. Bestetik, egin dituzten kalkuluen arabera, hodei artifizial horien eragina hiru aldiz handiagoa izango da 2050ean. Zehaztu dutenez, hodei artifizialen eragina abiazioaren hasieratik egindako CO2 isuriak baino zertxobait handiagoa izan da. Kalkulatu dutenez, hegazkinen inpaktua 2006an metro koadroko 49 miliwattekoa izan zen, baina 2050ean eragin hori 159 mW/m2 izango dela aurreikusi dute. Izan ere, eta Europako Batzordeak egin dituen aurreikuspenak kontuan hartuta, aireko zirkulazioa 3-7 aldiz handiagoa izango da data horren bueltan. Hemendik 30 urtera bitarteko egoera kalkulatzeko, egileek azaldu dute haien ikerketan ere kontuan hartu dutela hegazkintzaren industriak motorretan hobekuntzak garatuko dituela.

Argitu dute abiazioak erradiazio bidezko indartze antropogenikoaren %5 sortzen duela, hau da, planetak jasotzen duen erradiazioak eta giza jardueraren ondorioz espaziora bueltatzen den erradiazioaren arteko aldean eragina baduela.

Munduaren tokiaren arabera, ezberdina da hodei artifizial hauen presentzia. Hala, aurretik egindako ikerketa batek zehaztu zuen batez bestean zeruen %0,61 okupatzen dutela hodei artifizial hauek, baina kopurua handitzen da noski populazio gehien duten guneetara hurbildu ahala. Modu horretan, Europan %2 da batez bestekoa, baina kontinente zaharreko erdigunean zein Ameriketako Estatu Batuetako hainbat eremutan portzentajea %10era iristen da.

Toki hauetan ez ezik, eta gaur egun ekonomiari lotuta egiten diren aurreikuspenak kontuan izanda, egileek ondorioztatu dute datozen urteetan bereziki Asiaren ekialdean eta hegoaldean handituko dela lorratzek sorraraziko erradiazio bidezko indartzea.

Erreferentzia bibliografikoa

Bockand, Lisa; Burkhardt, Ulrike (2019). Contrail cirrus radiative forcing for future air traffic. Atmospheric Chemistry and Physics, 19, 8163-8174. DOI: https://doi.org/10.5194/acp-19-8163-2019


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.