Marie Curie (1867-1934): Mitoaren azpian dagoen zientzialaria

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Marie Curie gertuago dago kondairatik mundu errealetik baino. Edonon aurki ditzakegu bere bizitza txatalak; historian zehar ezagutu ditugun datuekin bertsio ezberdinak sortu ditugu eta Tangram bateko piezak izango balira bezala, denak batu eta bere mitoa sortu dugu. Oso zaila da guztiok ezagutzen dugun pertsonaz idaztea. Batzuetan hainbeste dakigu gauza baten inguruan, non ematen duen ezer ez dakigula.

1. irudia: Fisikako Nobel saria irabazi eta zortzi urtera Kimikako Nobel saria eskuratu zuen Marie Curiek.

Marie Curiek bi aldiz irabazi zuen Nobel saria erradioaktibitateari lotutako lanengatik eta modu berean, hori lortzen lehen emakumea izan zen ere. 1903an, Fisikako Nobel saria irabazi zuen bere senar Pierre Curie eta Henri Becquerelekin batera erradiazioaren fenomenoa ikertzeagatik, eta, zortzi urte geroago, berak bakarrik, Kimikako Nobel saria lortu zuen, radioa eta polonioa aurkitzeagatik.

Marie Curie (jatorriz Marie Sklodowska) Varsovian jaio zen, 1867an. Etxea izan zuen eskola; bere aita, Władysław Skłodowska, fisikako eta matematikako irakaslea zen eta bere ama, Bronisława Boguska, nesken eskola bateko zuzendaria. Hala, etxean ikasi zituen fisika eta kimika arloetako oinarrizko kontzeptuak goi-mailako ikasketak egin ahal izan zituen arte. Bere ahizpa Bronislawarekin batera, emakumeak onartzen zituen unibertsitate polako batean hasi zen ikasten. Mariek beti izan zuen amets Parisera joatea, Sorbona Unibertsitatean ikasi nahi zuen. Lortu zuen, baina sakrifizio handia eginez, jakina. Matrikula ordaintzeko dirua lortu behar zuenez, irakasle gisa aritu zen. Gainera, jada Sorbonan zegoela, kasik ez zuen jaten gehiago ikastearren eta behin baino gehiagotan klasean zorabiatu omen zen. Halere, 1893an Fisikako ikasketak bukatu zituen eta urtebete geroago, Matematika Zientzietan lizentziatu zen. Gizonezkoen munduan gailendu zen fisikaria historia idazten hasia zen.

Erradioaktibitatearen lehen urratsak

Wilhelm Roentgen eta Henri Becquerel fisikariak X izpiak eta uranioaren erradiazioak aurkitu zituzten eta Mariek bide hori jarraitzea erabaki zuen tesia egiteko: argi zeukan substantzia erradioaktiboen inguruko ikerketak abiatuko zituela. Uranioaren mea desberdinen erradioaktibitatea neurtzen ari zela ikusi zuen horietako batzuk beste batzuk baino erradioaktiboagoak zirela. Bere senar Pierre Curie liluratuta zegoen Mariek egindako aurrerapausoekin eta, hortaz, magnetismoari buruzko ikerketak alboratu eta bere emaztea laguntzea erabaki zuen. Hala, senar-emazteek erradioelementu batekin egin zuten topo, uranioa baino erradioaktiboagoa zena: Polonioa –izen hori ipini zioten Marieren jaioterriaren omenez–. Urte berean, torioaren erradioaktibitatea zehaztu zuen. Eta urtebete geroago, radioa aurkitu zuten. Aurkikuntzek ez zuten etenik.

2. irudia: Hasiera batean, Becquerelek eta Pierre Curiek baino ez zuten jaso Fisikako Nobel sariak, baina Pierrek bere emaztea sarituen artean agertzea nahi zuen. (Argazkia: Wikipedia – domeinu publikoko argazkia)

1903an Curiek bere tesia aurkeztu zuen Sorbonan eta zientzian doktore bihurtu zen. Urte horretan, Fisikako Nobel saria jaso zuen. Hasiera batean, Becquerel eta Pierre Curie izan ziren sarituak bakarrik baina Pierrek bere emaztea sarituen artean agertzea nahi zuen. Horretarako, hainbat gutun bidali zituen eta azkenean, bere helburua lortu zuen. 1906 urteaz geroztik, Sorbonako Unibertsitateko fisika laborategiko zuzendaria izan zen Marie eta bertan aritu zen irakasle –hori lortzen lehen emakumea izan zen!–; Frantziako Akademiak, ordea, ez zuen onartu emakumea zelako. Halere, urte hura ez zen onena izan Marierentzat, bere senarra hil baitzen istripu baten ondorioz eta horrek Marieri depresioa eragin zion. Dena dela, aurrera jarraitu zuen, ez zuen beste irtenbiderik. Gauzak horrela, Sorbonako Unibertsitateko lehen emakume katedraduna bilakatu zen eta horren ondotik, 1911n, jaso zuen Kimikako Nobel saria polonioa eta radioa aurkitu eta azken hori isolatzeagatik.

Lehen Mundu Gerrak aldatu zuen Marie

Lehen Mundu Gerrak ikerketak uztera behartu zuen fisikaria. Hala, buruan zituen nozio guztiak praktikan jartzeko aukera izan zuen. Ez zuen txarto egin: milaka bizitza salbatzen lagundu zuen. Erabilpen militarrerako lehen zentro erradiologiko mugikorrak sortu zituen; Petite Curie gisa ezagunak. Horretaz gain, ospitaleetan soldaduei erradiografiak egin zizkien eta medikuen lana erraztu zuen horrela, horiei esker soldaduen gorputzetan balak aurkitzea errazagoa baitzen. Gainera, erizainei makina horiek nola erabiltzen ziren irakasten aritu zen. Bere laguntza ikaragarria izan zen baina ez soilik gerran. Izan ere, Curiek berak sortu zuen Radioaren Institutuan minbiziaren aurkako tratamenduak ikertu zituen. Bere alaba, Irene-Joliot Curie, bertan aritu zen ere, bere amaren laguntzaile gisa.

Erradioaktibitateak eman zion bere bizitzako arrakasta baina modu berean kondena izan zen harentzat. Izan ere, leuzemiaz hil zen 1934an, ziurrenik bere bizitzan zehar jasotako erradiazioarengatik.

Marie Curie ez da soilik tentuz ahoskatzen duzun izen bat, ezta kondaira baten pertsonaia bat ere. Jakina da Marie Curie biltzen duen arrakasta-geruza lodia dela baina azken batean, zientzian gauza bikainak egin zituen emakume zientzialari bat da: mitoaren azpian dagoen fisikari aparta, haren lana betierekoa izango dena.

Iturriak


Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

5 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.