Itsasoko mikrobiomak koralen osasun egoerari buruzko informazioa ematen du
Harrizko koralen ehun galera eragiten duen gaixotasunaren agerraldiekin batera, taxon adierazgarriak agertzen dira koralen inguruko uretako mikrobioman. Mikroorganismo multzo hori aztertzea neurri baliagarria izan daiteke eriaren hedapena mugatzeko.
Izaki bizidunak ez dira sekula bakarrik bizi. Edozein ingurutan egonda ere, makina bat organismok egingo diete konpainia, hala begi bistakoek, nola mikroskopikoek. Eta, gainera, inguruko aldagaiek ere baldintzatuko dute haien bizitza eta jarduera. Aniztasun eta elkarreragin horren adibide paradigmatiko bat dira koral arrezifeak: ekosistema oparoak sortzen dira kilometroak eta kilometroak hedatzen diren egitura horien zirrikituetan. Eta, hain justu, koralen gaixotasunek eragina daukate haien inguruko izaki bizidun horiengan. Ikertzaile talde batek ondorioztatu duenez, koralen inguruko itsas mikrobioma ikertzea modu eraginkor bat izan daiteke haien eriak monitorizatzeko eta ulertzeko.
Cell Reports Sustainability aldizkarian plazaratu dituzte azterketaren nondik norakoak. Zehazki, harrizko koralen ehun galera eragiten duen gaixotasunean ipini dute arreta —stony coral tissue loss disease bezala ezaguna da ingelesez (SCTLD)—. Eskleraktinioei deritze harrizko koralak, kaltzio karbonatozko geruza bat ekoizten baitute gorputz biguna babesteko; arrezifeen oinarrizko egiturak dira. SCTLD gaixotasunak 22 eskleraktinio espezieri erasaten die, guztira, eta askotariko lesioak eragiten dizkie: kolorea galtzen dute, anomaloki hazten dira, ehunak galtzen dituzte eta eskeletoan ere kalteak izan ditzakete. Antibiotikoak lesioen garapena eteteko gai direnez, ikertzaileek uste dute bakterioek eragiten dutela eria; baina, hala eta guztiz ere, oraindik ez dute erabat argitu zein patogeno edo patogeno multzo diren erantzuleak.

2014an atzeman zen lehen aldiz, Floridan; ordutik, Karibearen luze-zabalera hedatu da, eta hamazortzi lurraldetako arrezifeetan aurki daiteke gaur egun. Oso hilkortasun altua dauka: % 66tik gorakoa. Eta erraz kutsatzen da, korronteen eta lasta uraren bidez —itsasontziak egonkortzeko erabiltzen dute lasta ura—. Eria azkar hedatzen da koralean, eta, aste gutxiren buruan, kolonia osoa erabat deuseztatu dezake. Ezaugarriok kontuan hartuta, AEBetako Koralen Gaixotasunen eta Osasunaren Patzuergoak uste du gaixotasun horren eragin ekologikoek ez daukatela aurrekaririk. «Baliteke inoizko koral eri agerraldirik hilkorrena izatea».
Fenomenoaren ondorioak nabarmenak dira, eta kezkagarriak: batetik, ekosistema horietako bioaniztasuna galtzen delako; eta, bestetik, eragin ekonomikoak ere badituelako, arrezifeek janaria eta beharra ematen baitiete milioika laguni. Hortaz, ahaleginak egiten ari dira eria kontrolatzeko, edo, behintzat, haren hedapena nola edo hala mugatzeko, kolonia osoak erasan ez ditzan. Zein izan daiteke horretarako heldulekurik efikazena? Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, koralaren mikrobioma ez da adierazlerik egokiena haren osasun egoeraren berri izateko, disbiosi nabarmena izaten baitu beti, koralaren osasun egoera edozein izanda ere.
Askotariko izaki bizidunek osatzen dituzte koral mikrobiomak: bakterioek, arkeoek, onddoek, birusek, protozoek, eta algek. Horiek guztiek berebiziko zeresana daukate koralaren nutrizioan, fisiologian eta patogenoen aurkako babesean. SCTLD eriak eragina dauka mikrobioma horretan, hain justu, eta gaixotasunaren adierazle biologiko espezifikoak lagatzen ditu han: Rhodobacteraceae, Arcobacteraceae, Rhizobiaceae eta Vibrio motatako bakterioak topatu izan dituzte aurretik egindako laginketetan.
Koral ehunetan, aldakortasun handia
AEBetako Birjina Uharteetako Fish Bay eta Coral Bay arrezifeetako Colpophyllia natans koralak aztertu dituzte ikertzaileek. SCTLDk gehien erasaten dituen espezietako bat da hori, AEBetako Koralen Gaixotasunen eta Osasunaren Patzuergoak ezarritako sailkapenaren arabera. Koralen eta inguruko uraren azterketa longitudinala egin dute: denbora tarte batez subjektu edo iturri berberen laginak hartzean datza azterketa longitudinala, eta bilakaera behatzeko balio du. Ikerketa honetan, konkretuki, hamabi Colpophyllia natans koloniaren laginak hartu zituzten 2020tik 2024ra bitartean, baita koralen gainazaletik 2-5 zentimetrora zegoen itsasoko urarenak ere. Gaixotasunaren etapa ezberdinetan mikrobiomek izandako bilakaera ikusi ahal izan dute horrela: koralak osasuntsu zeudela ekin zioten laginketari, agerraldi bat egon zen ondoren, eta gaitza epidemiko eta endemiko bilakatu zen azkenerako.

Koral ehunen mikrobioma ez da argigarria izan. Izan ere, oso aldakorra da lagin batetik bestera, eta ez soilik kolonia ezberdinen artean: kolonia berekoen ezaugarriek ere ez zuten bat egiten. Aldakortasun hori antzeman dute hala koral osasuntsuen laginetan, nola gaixoenetan, eta ezin izan dituzte taxon zehatzak kolonien egoera bakoitzarekin lotu —hau da, koral osasuntsua, gaixoa eta sendatua—. Kontrara, inguruko uraren laginak argigarriagoak izan dira. Itsas mikrobiomaren laginek bat egin dute gertuko koral kolonia osasuntsu edo sendatua egon den kasuetan, eta, SCTLDaren fase epidemikoan, gaixotasunaren adierazle izan daitezkeen taxonak atzeman dituzte. Fase endemikoan, ordea, ez dute itsas mikrobioman aldaketarik igarri, koralaren osasun egoera gorabehera.
Hori horrela, zera ondorioztatu dute ikertzaileek: koralen osasun egoeraren adierazgarri zorrotzagoa dela haien inguruko itsas mikrobioma, koralaren beraren mikrobioma baino. Badute hori azal dezakeen hipotesi bat: «Nahiz eta koralaren koloniak eragin nabarmena eduki haren gertuko mikrobioman, inguruko eremuak ere bustitzen du itsas mikrobioma hori, eta horrek erresistenteago bihur lezake egoera disbiotikoen aurrean». Arrazoiak arrazoi, itsas mikrobioma tresna erabilgarria izan daiteke SCTLD gaixotasunaren hedapenari aurrea hartzeko eta kalteak murrizteko.
Erreferentzia bibliografikoa:
Bloomberg, Jeanne; Hutchinson, Sarai; Becker, Cunthia; Meiling, Sonora; Bloomberg, Mikaela; Brandt, Marilyn; Apprill, Amy (2026). Longitudinal microbiomes of coral and near-coral seawater are influenced by disease phase. Cell Reports Sustainability, 3(3), 100606. DOI: 10.1016/j.crsus.2025.100606
Egileaz:
Amaia Igartua Aristondo kazetaria da.