Ur hotzeko koralak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Australiako, Indonesiako edo Karibeko koralak oso ezagunak dira. Ur epeleko koralak dira horiek, eta munduko koral-espezieen erdia osatzen dute. Eta beste erdia? Bada, ur hotzeko koralak ere badaude, eta horiek osatzen dute koral-espezieen beste erdia. Euskal kostaldean ere baditugu koralak.

ur hotzeko koralak
Irudia: Ur hotzeko koralen zelaia. Ez du kolorerik galdu eta ez dago hilik; koral hauek ez dute alga sinbionterik, eta horregatik dira zuriak. (Iturria: NOAA).

Ur epeleko koral-arrezifeak dira agian irudikatu ditzakegun ekosistema koloretsuenak: koralen berezko koloreak, milaka arrain bueltaka kolore-paleta eta forma ezberdinekin, sakonera txikiko itsasoaren urdin argia… Zoragarria. Ez da bidezkoa, ordea, koralak eta koloreak beti eskutik helduta imajinatzea, koral guztiak ez baitira koloretsuak. Are gehiago, munduko koral-arrezifeen erdia zuri eta gris tonalitatekoa da gehienbat, eta asko erabateko iluntasunean bizi dira; horregatik falta dute kolorea, hain zuzen ere. Ur hotzeko koralak dira horiek, eta izenak dioen bezala, 4-12ºC bitarteko uretan bizi dira.

Ur epeleko koralek bereganatu dute animalia talde horretan arreta osoa, baina egia da ur hotzekoak ez direla ezagutzen errazak. XVIII. mendeaz geroztik izan dugu koral mota horren berri. Goi-latitudeetan, 50 metroko sakoneran aurki daitezke, baina tropikorantz gerturatzen joan ahala, sakonago kokatzen dira ozeanoan, 6. 000 metrora iritsi arte. Euskal kostaldean ere badaude ur hotzeko koralak, baina eremu babesetan “ezkutaturik” daude, gehienbat itsaspeko arroiletan.

Koraletako polipoak klonak dira

Cnidaria filumeko animaliak dira koralak (bai ur hotzekoak eta baita ur epelekoak ere), marmokak, polipoak, anemonak eta hidrak bezalaxe. Koralek kaltzio karbonatozko edo proteinazko eskeletoak sortzen dituzte, eta milaka eta milaka indibiduo edo polipo bizi dira eskeleto horietan itsatsita. Polipo bat buruz behera jarritako marmoka bat bezala irudikatu daiteke, garroak gora begira dituela. Marmokek bezalaxe, polipoek ere zelula erresumingarriak dituzte garroetan, eta uretan dabilen planktona harrapatzeko erabiltzen dituzte. Indibiduo edo polipo horietako bakoitza animalia bat da bere horretan, baina genetikoki berdin-berdinak dira; hau da, klonak dira. Nahiko animalia primitiboak dirudite koralek, eta halaxe dira: Lurreko animalia zaharrenetakoak dira, eta urtean milimetro batzuk baino hazten ez badira ere, milaka urte bizi daitezke. Ur hotzeko koral batzuek 10.000 urte izan ditzakete.

Ur hotzeko koralak XIX. mendean aurkitu ziren lehen aldiz Bizkaiko Golkoan. Eta hurrengo mendean animalia horien banaketa-mapak irudikatzen hasi ziren, arrantzaleak ohartu baitziren arraste-arrantzako sareak hondatzen zituztela. Gaur egun, oraindik ere oso gutxi ikertu dira Bizkaiko Golkoko koralak, baina ikerketek iradoki dute arrezife gehienak itsaspeko arroiletan daudela. Arroila horiek plataforma kontinentalak amaitzen diren lekuan hasten dira, eta izugarrizko maldak izaten dituzte, itsas hondoraino. Bizkaiko Golkoan (Bretainiako Ouessant uhartetik Iberiar penintsulako Ortegal lurmuturrera) 100 itsaspeko arroila baino gehiago daude, eta euskal kostaldean horietako bat dugu: Capbretoneko arroila. Izen bereko Landetako portuaren aurrean hasten da, eta ekialdetik mendebaldera zabaltzen da, euskal kostaldea jarraituz, Laredo pareraino (Kantabria). Guztira, 150 km-ko luzera du eta 2.100 metroko sakonerara iristen da.

Arraste-sareen mehatsua

Bizkaiko Golkoko koralen inguruan egin diren ikerketa urriek iradoki dutenez, koralak hain eremu mugatuetan soilik egotearen eragilea izan liteke animalia horien kokalekua lehen aldiz zehaztu zuen berbera: arraste-arrantza, hain zuzen ere. Koralek arraste-sareak hondatzen zituzten bezalaxe, sareek ere koralak hondatu zitzaketen (eta ditzakete). Hala, sare horiek iristen ez ziren eremuetan geratuko ziratekeen koralak, arroilak eremu nahiko iritsezinak baitira. Alabaina, adituen ustez zergati naturalengatik ere babestu daitezke koralak hain leku gordeetan, zergati horiek oso ongi ezagutzen ez badira ere.

Nahiko desberdinak dira, beraz, ur hotzeko eta epeleko koralak. Batzuk koloretsuak alga sinbionteei esker, besteak zurixkak argi faltagatik; batzuk itsaso epeletan, besteak ozeano sakonean; batzuk hotz, besteak bero. Badute, ordea, batzen dituen ezaugarri bat: espezie estrukturalak dira. Sortzen dituzten egiturei esker, bizileku eta babesgune dira beste espezie batzuentzat. Itsasoa oso zabala da, eta harrapariengandik ihes dabilen edonorentzat ongi etorria da itsas hondo lautik gailentzen den edozein estruktura. Hala, uste da 1.300 espezie bizikide direla ur hotzeko koralek sortzen dituzten ekosistemetan; tropikoetako koraletan haina.

Erreferentzia bibliografikoak:

van den Beld, Inge M. J.; Bourillet, Jean-François; Arnaud-Haond, Sophie; de Chambure, Laurent; Davies, Jaime S.; Guillaumont, Brigitte; Olu, Karine; Menot, Lénaïck (2017). Cold-Water Coral Habitats in Submarine Canyons of the Bay of Biscay. Frontiers in Marine Science, 4:118. DOI: 10.3389/fmars.2017.00118

Piffer, Ágara; Mattiuzzo, Beatriz; Oliveira, Samara (2020ko irailak 29). Not all corals want sun and warm water! Bate-Papo com Neptuno.


Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.