Marmoka ‘hilezkorraren’ sekretuak azaleratu dituzte

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Bere bizi zikloan atzera egiteko gaitasuna duen marmoka baten genoma sekuentziatu dute zientzialariek, prozesuaren atzean dauden mekanismoak hobeto ezagutuz. Azken helburua zahartzeari lotutako gaitzen tratamenduan aurrera egitea da.

Jaio, hazi, ugaldu eta hil. Ezaguna da animalia gehien-gehienen patua. Erdian, noski, gauza asko daude. Animalia askorentzat mugarri horien artean dagoen bizitza biziraupen latza da. Tamalez, baita gizaki askorentzat ere. Beste hainbatek, berrik, bizitzaren bidezidorrean bestelako gauza politak egiteko pribilegioa dute. Pribilegioa dugu. Eskerrak.

Hori da naturan dagoen eskemarik zabalduena, baina badira animalia batzuk bestelako bideak urratzen dituztenak. Nolabait esatearren, beren egutegi biologikoan atzera egiteko gai dira, hilezkortasunera asko hurbiltzen den eredu batean.

Turritopsis dohrnii marmokaren kasua da. Munduan zehar dezente zabaldu den marmoka da, espezie inbaditzaile gisa. Itsasoan bizi diren antzeko beste bizidun txikiekin gertatzen den moduan, itsasontziek lasta gisa eraman ohi duten uraren mugimenduaren ondorioz sortu da hedapen hori. Heldutasunera iritsita lau milimetroko tamaina baino ez duen marmoka baten kasuan, errazagoa da itsasontzien bidez hedatzea.

Hasiera batean, halako organismo batek ez luke zertan atentzio gehiegi eman behar, eta hala izan da urte askoan. Baina 1988an gauzak aldatzen hasi ziren. Urte horretan Christian Sommer izeneko itsas biologiako ikasle batek polipo batzuk hartu zituen Italiako urtetan, eta laborategira eraman zituen, bertan ikertzeko. Handik egun batzuetara konturatu zen marmokak sortzen zirela haietatik. Horraino, dena normala zen. Izan ere, marmoken bizitza horrelakoa da: polipo gisa hasten da haien bizi zikloa, itsasoaren hondora itsatsita, normalean kolonietan. Egoera horretan daudenean, modu asexualen ugaltzeko gai dira: polipo horietatik zatiak askatzen dira, efirula gisa ezagutzen diren marmoka berriak sortzen direlarik. Horiek ar edo eme gisa heldutasun sexualera iristen direnean ugaltzeko gai dira, eta ugaltze horren ondorioz polipo berriak sortzen dira.

Marmoka
1. irudia: Italiako uretan jaso dituzten polipoetatik jaiotako marmoka gaztea. (Argazkia: Maria Pascual-Torner)

Alabaina, handik gutxira Sommerrek oso gauza bitxia ikusi zuen: artean marmokak sexualki helduak ez zirela, polipo berriak sortu ziren laborategian. Irakasleekin batera egiaztatu zuen marmoka horiek estresatuta zeudenean hondoa jotzen zutela, berriro polipo bihurtzeko. Logikoa zenez, emaitzek harridura eta sinesgaiztasuna sorrarazi zituzten halako bizidunak ikertzen zituztenen artean, baina 1996an argitaratutako zientzia artikulu batean soberan dokumentatu zuten prozesu guztia.

Biologoen interesaz gain, bestelako adituei atentzioa eman die hain ez ohikoa den prozesuak, agerikoa delako medikuntzaren alorrean irakaspen garrantzitsuak atera daitezkeela. Izan ere, prozesuaren abiapuntuan dago marmoka horrek zelula normal direnak zelula ama bihurtzeko gaitasuna duela. Naturan oso ezohikoa den miraria da hau, azken urteotan gizakiok laborategian hori egitea lortu badugu ere.

Prozesuan parte hartzen duten faktoreak hobeto ulertzeko, Oviedoko Unibertsitateko ikertzaile talde batek marmoka horren genoma sekuentziatu du. Horrez gain, oso antzekoa den baina hilezkorra ez den beste marmoka espezie baten genoma sekuentziatu du Turritopsis rubra espeziea—, horien bien artean dauden aldeak ikusi eta prozesuaren gako genetikoak eskuratu aldera.

Arlo desberdinetako adituek parte hartu duten arren, onkologia sail bat da ikerketa abiatu duena. Hortaz, argi dago ezagutza soilean ez baizik eta gaitzei aurre egiteko gakoen bila abiatu dutela ikerketa. Oviedoko Unibertsitateak kaleratutako prentsa ohar batean Carlos Lopez-Otrin biologoak ohartarazi du ikertzaileen helburua ez dela gizakiontzako hilezkortasuna bilatzea, zahartzeari lotuta dauden zenbait gaitzei aurre egiteko estrategiak aurkitzea baizik. Zehazki, zenbait animaliatako zelulek erakusten duten plastikotasuna gehiago ezagutu nahi dute haien taldean.

Sekuentziazio eta alderaketa horren ondorioz, haren longebitatearen arrakastako gako diren geneak identifikatu dituzte, eta horien berri eman dute PNAS aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean. Gene horiek lotura dute zenbait gai garrantzitsurekin: DNAren erreplikazioa eta konponketa, telomeroen mantentzea, zelula amen sorrera, zelulen arteko komunikazioa eta zelulak kaltetzen dituen oxidazioaren gutxitzea.

Marmoka
2. irudia: Bizi zikloan atzera egin duen marmoka batetik sortutako polipoa. (Argazkia: Maria Pascual-Torner)

Modu berean, aurkitu dute gaztetze prozesua ematen den bitartean zenbait gene isiltzen direla, eta zelulen pluripotentziari lotutako beste zenbait generen espresioa handitzen dela; horrela, zelula horiek beste edozein zelula bihurtzeko aukera izango dute. Bi prozesu horiek beharrezkoak dira zelula amak sortu ahal izateko.

Turritopsis dohrnii-k egindako bidaia kitzikagarrietatik ikasi dugu zeintzuk diren zelulen plastikotasunaren gakoak eta mugak; ezagutza honetan abiatuta, eta horiekiko kezka dugulako, gaur egun zahartzeari lotura agertzen diren gaitzei aurre egiteko erantzun hobeak aurkitu nahi ditugu”, azaldu dute egileek The Conversation atarian argitaratutako dibulgazio artikulu batean.

Marmoka honen zeluletan gertatzen diren aldaketak sarritan transdiferentziazio izeneko prozesu biologiko baten bitartez azaldu dira. Horren arabera, zelula batek zuzenean beste zelula mota bat bihurtzeko gaitasuna izango luke, aurretik zelula ama fasetik igaro gabe. Marmoka espezie honi ahalmen hori egotzi zaio behin baino gehiagotan. Gaiari buruz galdetuta, Maria Pascual-Torner ikertzaileak ohartarazi du azterketan ez dutela aukera zuzena izan horrela ote den jakiteko, baina blog honi argitu dio uste dutela zelula ama fasetik igarotzen direla marmokaren zelulak.

Bai modu batean zein bestean izan, ikertzaileek argi dute ezagutza berria lagungarria izango dela zenbait gaitzi aurre egiteko, baina berretsi dute hasierako ideia: “hilezkortasun biologikoa gizakien artean oraindik amets bat baino ez da”.

Gainera, gizakiak, bere modu berezian, jakin badaki amets hori lortzen, egileek nahiko era poetikoan nabarmendu dutenez. “Gizakiak aspaldi ikasi du nola izan hilezkorra: artearen eta ezagutzaren bidez historian egiten duen ekarpen txikiaren bitartez egiten du”.

Ez da, ez, ideia hutsala.

Erreferentzia bibliografikoa:

Lopez-Otin, C. et al. (2022) Comparative genomics of mortal and immortal cnidarians unveil novel keys behind rejuvenation. Proceedings of the National Academy of Sciences. 119 (36) e2118763119 https://doi.org/10.1073/pnas.2118763119


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.