Landare exotikoen jatorriak badu zer esana ahalmen inbaditzailean

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Panpako luma-erratza (Cortaderia selloana), banbu japoniarra (Fallopia japonica) eta kanabera arrunta (Arundo donax) gure lurraldean ikusten diren landare inbaditzaileak dira. Lehena, esaterako, Hego Amerikatik ekarri zen eta, batez ere, lorategiak apaintzeko erabili izan da baina egun hainbat tokitan ikus daitezke.

Landare exotiko inbaditzaileak asko ugaritu dira eta espezie autoktonoekin lehiatzen dira. Horrela, bide bazterretako ezpondetan edo ibaiertzetan ikusten dugu Panpako luma-erratza, bertako landareei aurrea hartu eta hauek baztertu baititu.

Landare inbaditzaileak gurera noiz heldu ziren eta beraien jatorria zein den erregistratzeak lagun dezake horien ugaritasuna, hedapena eta anplitude ekologikoaren ezagutzan. Izan ere, hiru ezaugarriak (ugaritasuna, hedapena eta anplitude ekologikoa) funtsezkoak dira espezie inbaditzaileen ahalmena ulertzeko.

luma-erratza
1. irudia: Cortaderia selloana edo Panpako luma-erratza XX. mendearen erdialdean ekarri zuten Europara lorategietan apaingarri gisa erabiltzeko. Lorategietatik ihes egin eta bertakotu egin zen 80. eta 90. hamarkadetan eta izugarri hedatu da Euskal Herrian. (Argazkia: JackieLou DL – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Idoia Biurrun UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikertzailea da eta Europan dauden espezie exotikoen ahalmen eta baldintza inbaditzaileak identifikatzen dituen nazioarteko ikerketa baten parte hartu du (Dimensions of invasiveness: links between local abundance, geographic range size, and habitat breadth in Europe’s alien and native floras).

Biurrunek, besteak beste, ikerketan Iberiar penintsularen iparraldeko landare komunitateetan dauden landare exotikoei buruzko datuak bildu ditu, eta azterlanaren emaitzak interpretatzen lagundu du. Datu horiek, Europa osoko datuekin batera, ezinbestekoak izan dira espezie exotiko bakoitzak hiru alderdietan duen ahalmena kalkulatzeko: tokiko ugaritasuna, hedapen geografikoa eta anplitude ekologikoa. Hiru alderdiko esparru horrek landareen banaketaren dinamikari buruzko ezagutzak hobetuko ditu, eta, beraz, egon daitezkeen inbasioak aurreikusten eta kudeatzen lagunduko du.

Espezie exotikoen ahalmen inbaditzailea

Ekologiaren arloko adituek gero eta hobeto dakite “inbaditzaile” terminoak ez duela ezaugarri bakarra deskribatzen. Hain zuzen ere, espezieen banaketa motek inbaditzaile izan daitezkeela adieraz diezagukete. Espezieek inbaditzaile bihurtzeko dituzten moduak hobeto ezagutzeko, egileek bi datu-base handi nahastu dituzte: alde batetik, naturalizatutako flora exotikoari buruzko datu-basea (Global Naturalized Alien Flora –GloNAF–), eta, bestetik, landareei buruzko Europako datu-basea (European Vegetation Archive –EVA–).

Landare inbaditzaileen
2. irudia: Reynoutria japonica Houtt. Zuhaixka itxurako belar erraldoi honek lurpeko errizomen bidez hedatzeko eta ugaltzeko izugarrizko gaitasuna du. Jatorriz Asia ekialdekoa da eta apaingarri bezala erabiltzeko ekarri zen Europara XIX. mendean. Ordutik hona ia Europa osoa inbaditzen joan da, batez ere ibai, errepide eta trenbideak kolonizatuz. (Argazkia: Juan Antonio Campos. Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)

Jatorrizko landareek eta landare exotikoek antzeko lotura ereduak dituzten arren, alde erabakigarria dago bi taldeen artean: bertako landareek ez bezala, inbaditzaileek ez dute eboluzionatu berriki sartu diren habitat inbadituetan. Hori dela eta, landareen ahalmen inbaditzailea izateko funtsezko baldintzak edo faktoreak identifikatzea izan dute helburu ere.

Ikusi zuten balio altuak dituzten landareak, oro har, beste kontinente batzuetatik datozenak direla; adibidez, Asiatik edo Amerikatik. Europako beste toki batzuetatik sartu diren landare inbaditzaileek, aldiz, ez dute ahalmen inbaditzaile handirik. Gainera, Europatik kanpoko “superinbaditzaileek”, askotan, azkar hazten laguntzen dieten propietate biologikoak dituzte, baina euren defentsa mekanismoak ez daude hain garatuak. Emaitza horiek Enemy release hypothesis edo “etsaiengandik ihes egitearen hipotesia” babesten dute. Hau da, espezie inbaditzaileek gure lurraldeak hartzen dituztenean, alde batera uzten dituzte beren habitatetan berekin eboluzionatu duten patogeno, herbiboro eta aurkari asko. Horri esker, “kontrolik gabe haz” daitezke, eta ondorio hori are nabarmenagoa izan daiteke inbasio prozesuan kontinenteen arteko mugak igaro badira, hala nola ozeanoak edo mendikate handiak.

Arauaren salbuespenak

Alderdi batean ahalmen inbaditzailea duten landareek beste alderdietan ere badutela dioen arauaren salbuespenak ere aurkitu zituzten zientzialariek, eta salbuespen horien kausa posible batzuk identifikatu zituzten. Adibidez, sarrera data duela gutxikoa bada, litekeena da landare inbaditzaileak arau hori ez betetzea. Izan ere, landare horiek berriak dira lurraldean, eta oraindik ez dute beren ahalmena garatu. Horrek esan nahi du sartu berri diren eta ahalmen inbaditzailea alderdi bakarrean duten landareez arduratu behar dugula, litekeena baita beste alderdietara ere zabaltzea. Horrenbestez, “ahalmen inbaditzailearen alderdien” esparrua tresna eraginkor bat da naturalizazioaren egungo ereduak azaltzeko eta espezieen banaketaren dinamikari buruz dugun ulermena hobetzeko. Horrez gain, lagungarria izan daiteke gerta daitezkeen inbasioak aurreikusteko eta banakako kudeaketa estrategiak prestatzeko, landare inbaditzaileak hobeto kontrolatze aldera.

Iturria:

UPV/EHUko prentsa bulegoa: Europako landare espezieen inbasioaren gakoak argitu dira

Erreferentzia bibliografikoa:

Fristoe, T.S., Chytrý, M., Dawson, W., Essl, F., Heleno, R., Kreft, H., Maurel, N., Pergl, J., Pyšek, P., Seebens, H., Weigelt, P., Vargas, P., Yang, Q., Attorre, F., Bergmeier, E., Bernhardt-Römermann, M., Biurrun, I. et al (2021). Dimensions of invasiveness: Links between local abundance, geographic range size, and habitat breadth in Europe’s alien and native floras. PNAS, 118, e2021173118. DOI: 10.1073/pnas.2021173118

1 iruzkina

  • […] Landare exotiko inbaditzaileak asko ugaritu dira bai gure lurraldean, baita beste herrialdetan ere, eta espezie autoktonoekin lehiatzen dira. Arazo honi aurre egiteko nazioarteko ikerketa bat bultzatu da Europa mailan, kontinentean dauden espezie exotikoen ahalmen eta baldintza inbaditzaileak identifikatzeko asmoz […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude