Landare eta animalia espezie urrienak elkarteetan antolatzen dira bizirauteko

UPV/EHUko ikertzaileek ingurune lehiakorretako biodibertsitateari buruzko nazioarteko ikerketa batean parte hartu dute. Ikerketak mundu osoko hirurehun komunitate ekologikotik gora aztertu ditu eta Nature Ecology & Evolution aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Ikusi dutenez patroi ekologiko bat jarraitzen dute animalia eta landare gutxi dituzten espezieek: ghettoetan antolatzen dira bizirik irauteko.

Hirien antolaketaren antzera, animalia eta landare espezie urrienak elkartu egiten dira espezie lehiakorrenen aurrean biziraupena bermatzeko. UPV/EHUko adituak dituen nazioarteko ikertalde batek egiaztatu du aztertutako animalia eta landare espezie arraroen (oso kide gutxi dituztenak edo ale bakanez osatuta daudenak) % 90ean elkarte modukoak eratzen dituztela aurrera egiteko.

Irudia: Aztertutako komunitateen artean, besteak beste, koralak daude. (Argazkia: Marcelo Kato – Iturria: Pixabay.com)

Ikertzaileek zehaztu dutenez, animalia- eta landare-komunitateak hirietan, ghettoetan edo auzo etnikoetan egiten dugun moduan antolatzen dira eta antolatzeko modu hori espezie arraroen iraupenaren baitan egon liteke. Izan ere, espezie ugarienen lehia-presioa saihets baitezakete modu honetan, haien artean lankidetzan aritzeko aukera ematen dielako egitura honek eta mikrohabitat zehatzak sortzen dituztelako.

Nature Ecology & Evolution aldizkarian argitaratutako emaitzek lehiakortasun-giroetan biodibertsitatea mantentzeko azalpen orokorra ematen dute, eta, hala, lehiakortasun-bazterketaren printzipioari buelta bat ematen zaio. Printzipio horren arabera, lehiarako gaitasun eskasak dituzten espezieak baztertuak izango lirateke lehiakide eraginkorrenen aurrean. Ikerketan parte hartu duten biologoen esanetan, eredu horrek azaltzen du baliabide berberen alde lehiatzen diren espezieak elkarrekin bizitzeko gai direla.

Ikerketaren oinarria, zenbakizko simulazioak

Azterketa egiteko, goroldio, belar, zuhaitz, intsektu, araknido eta koralen hirurehun komunitate ekologiko baino gehiago aztertu dituzte, mundu osoan banatuak.

Ikertzaileek azaldu dutenez, ghettoak edo taldeak atzemateko sareen teoria erabili dute, eta sareen mekanismoak aztertzeko, berriz, zenbakizko simulazioak aplikatu dituzte. Simulazio horien emaitzen arabera, oso ugariak ez diren espezieen arteko elkarketa beharrezkoa da mundu mailan behatutako koexistentzia-ereduak azaltzeko. Elkarketa hauek ezagutzea lagungarria izan daiteke, adituen ustez, kontserbazioaren plangintza edo hesteetako mikrobiomarekin zerikusia duten giza gaixotasunak aztertzeko.

Hala ere, ikertzaileek aitortu dute oraindik ez direla ezagutzen espezie arraroen elkarketak ahalbidetzen dituzten elkarrekintza eta mekanismo espezifikoak, eta horrek, ikerlerro berriak sustatu beharko lituzkeela bizitzaren zientzietako hainbat arlotan.

Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Animalia eta landare gutxi dituzten espezieak ghettoetan antolatzen dira bizirik irauteko.

Erreferentzia bibliografikoa:

Calatayud, J., Andivia, E., Escudero, A. et al. (2019). Positive associations among rare species and their persistence in ecological assemblages. Nature & Ecology Evolution, 4, 40–45 (2020). DOI:10.1038/s41559-019-1053-5.

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #284 - Zientzia Kaiera

[…] ikertzaileek ingurune lehiakorretako biodibertsitateari buruzko nazioarteko ikerketa batean parte hartu dute. Ikerketan frogatu dute aztertutako animalia eta landare espezie urrien kasuan […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>