Petra: Geologiak historia zizelkatu duen tokia
Indiana Jones Grial Santuaren bila ari zela, Jordaniako basamortuan barrena zaldiz ibili zen, harik eta haitzarte estu bat zeharkatu eta benetako harribitxi arkeologiko baten oinetara iritsi zen arte: Al Khaznehen aurrealdera, Petrako “Altxorra” izenez ezagunagoa den horretara.
Jordaniako hego-mendebaldean dago Petra hiria. Duela 2.000 urte baino gehiago sortu zuen nabatear erresumak, eta hiriburu bihurtu zuen, kokaleku estrategiko aparta baitzen, garai hartan Ekialde Hurbileko merkataritza karabana ugari elkartzen zirelako bertan. Baina Petraren ezaugarririk nabarmenena da nabateoek eraikinak egiteko basamortuko bailara hori inguratzen duten harkaitzak zuzenean induskatzea erabaki zutela da, paraje horretako edertasun natural izugarria aprobetxatuz. Eta, beti bezala, horren guztiaren atzean geologia dago.

Arroka horiek duela 540 eta 480 milioi urte bitartean sortu ziren, Kanbriarra eta Ordoviziarra izeneko periodo geologikoetan. Garai hartan, eremu hori ibai erraldoiek zeharkatzen zuten. Ibai horiek braided edo txirikordatu motakoak dira: kanal ugari dituzte, sakonera txikikoak eta nahiko zuzenak, elkarren artean gurutzatzen direnak. Ibai mota horiek energetika nahiko handiko ura eramaten dute, eta hondar ale oso handiak herrestan eramateko gai dira. Baita 1 mm-ko diametroa baino handiagokoak ere. Materialak kanalen ertzetan pilatzen dira, barra izeneko egitura luzangak osatuz. Egitura horiek, ordea, badute berezitasun bat: denborarekin, forma aldatzen dute, ur kantitatearen eta energiaren arabera; izan ere, urak hondar aleak nahi bezala mugiaraz ditzake. Aldaketa horiek barren barneko egituran geratzen dira markatuta, laminazio, uhindura eta banda moduan.

Milioika urte igaro zirenean, harea horiek lurperatuta geratu eta trinkotu egin ziren, hareharri izeneko arroka bihurtu arte (bai, arroka baten izenak haren jatorriari buruzko arrastoa ematen duen horietako bat da). Eta beste milioika urte batzuk igaro ondoren, arroka horiek lurrazalera azaleratu ziren, Lurraren lurrazalaren barne mugimenduen ondorioz. Zehazki, Petra Arabiako plakaren eta Sinaiko plakaren arteko mugatik oso gertu dago. Plaka horiek oso astiro ari dira elkarrengandik bereizten, baina nahikoa denbora eta pazientzia izan dute hareharrietan igoerak, okerdurak eta haustura ugari eragiteko.

Baina tektonika ez da izan paisaia eratzen lagundu duen faktore bakarra. Azken ehunka mila urteetan, noizean behin arroilak zeharkatzen dituzten euri erauntsiek (bidean harrapatzen duten dena arrastaka eramaten duten erreka erraldoien moduan), arrokak etengabe jotzen dituen haizeak eta hareharrien haustura txikien barruan sortu eta urtzen den izotzak ingurua modelatu dute, nabateoen herriak berak bezain zehaztasun handiz. Zehazki, meteorizazio agenteek higadura diferentziala eragin dute eremu horretan: material geologiko erresistenteenak irtengune gisa geratu dira; horren trinkoak ez direnak, berriz, jatorrizko lekutik eraman ditu higadurak, arroken artean sakonuneak eta barrunbeak sortuz.
Amaierarako utzi dut Petrako hareharriaren ezaugarririk deigarrienaren azalpena: haren koloreena. Eta hor sartzen da jokoan konposizio minerala. Arroka hori kuartzo alez osatuta dago gehienbat, eta horrek kolore zurixka edo grisaxka ematen dio. Baina geruza askotan burdin oxido ugari ageri dira, eta horiek tonu gorrixkak, laranjak, arrosak eta horiak dituzte. Manganeso oxidoek, berriz, kolore beltzak eta moreak dituzte. Mineral horiek arroketan banatuta dauden moduaren arabera, hareharrietan banda eta tartekatzeak ager daitezke, harrizko ortzadar bitxiak gogorarazten dituztenak.
Nabateoek ez zekiten arren, geologiak eraman zituen beren erresumaren hiriburua leku horretan eraikitzera. Lurraren arrakalak aprobetxatu zituzten eraikinen kokapena diseinatzeko; arroken gogortasun desberdinak erabili zituzten monumentuak zehaztasunez zizelkatzeko; eta materialen koloreekin jolastu zuten hormetako distira eta kolore aldaketei ia ukitu mistikoa emateko. Baina geologiak badu zerikusirik UNESCOren Gizateriaren Ondare izendatutako aztarnategi arkeologiko honen desagerpenarekin ere. Izan ere, tektonikak eta meteorizazio agenteek sortutako higadurak lanean jarraituko dute, poliki-poliki, baina etenik gabe, ehunka edo milaka urte barru arroka horietan gizakiaren eraldaketaren aztarna guztiak desagerrarazi arte. Ordura arte, benetako mirari natural honetaz gozatzen jarraitu ahal izango dugu, lehen aldiz ikusten dugunean harri eta zur geratuz, Indiana Jonesi filmean gertatu zitzaion moduan.
Egileaz:
Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2026ko otsailaren 26an: “La geología de Petra“.
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.