Kreatina, minbiziari aurre egiteko tresna
Kaliforniako Los Angeles Unibertsitateko (UCLA) ikertalde batek saguetan eragindako melanomaren aurkako tratamendu moduan erabili du kreatina, eta horien erantzun immunologikoa hobetzeko gai izan dira.
Kreatina da arginina, glizina eta metionina aminoazidoetatik sortzen den azido organiko nitrogenatu bat. Gibelak, pankreak eta giltzurrunek sortzen dute modu naturalean, eta haragitan eta arrainetan agertzen da. Azkenaldian oso ezaguna egin da kirol-errendimendua hobetzeko gehigarri gisa. Muskuluan pilatzen da, eta ezinbestekoa da energia azkarra lortzeko. Batez ere indarra lantzen duten kirolariek kontsumitzen dute. Baina, oraingoan, beste kontu batengatik egin da ezaguna. Kaliforniako Los Angeles Unibertsitateko (UCLA) ikertalde batek saguetan eragindako melanomaren aurkako tratamendu moduan erabili du, eta horien erantzun immunologikoa hobetzeko gai izan dira.
Gure sistema immunologikoa modu askotan ahalegintzen da minbiziari aurre egiten, eta, guda horretan, T linfozitoak dira zelula garrantzitsuenetakoak. Zelula horiek hezur-muinean sortzen dira, eta timoan heldu ondoren gorputzean zehar barreiatzen dira kanpoko eta barneko erasoei aurre egiteko. Barne-eraso horien artean dago minbizia. Gure gorputzeko zelula bat gaiztotzean, gure defentsaz arduratzen den sare konplexua gai da zelula horiek identifikatu eta suntsitzeko. Baina kasu batzuetan ez da horrela gertatzen; tumore-zelulak gai direlako iskin egiteko edo sistema immunologikoak ez duelako behar den moduan funtzionatzen; eta tumoreak aurrera egiteko gaitasuna izaten du. T linfozito horiek eraginkorrak izateko, aurrez zelula dendritiko izeneko bitartekari batzuek aktibatu behar dituzte. Zelula dendritikoek, tumoreak dituen antigeno izeneko proteina pusketa bereizgarriak jaso ondoren, bere kanpoaldean agerian jartzen dituzte MHC izeneko proteina baten baitan eta linfozitoei erakusten diete. Modu horretan linfozitoak aktibatu egiten dira, eta gai dira antigeno zehatz horiek dituzten zelulak ezagutu eta haien aurka egiteko (Irudia).

Ikertzaileek ikusi zuten tumorearen inguruan zeuden zelula dendritikoek SLC6A8 proteina gehiago zutela sagu osasuntsuetan zeuden zelula dendritikoek baino. SLC6A8 proteinak kreatina hartzen du zelulen kanpoaldetik, eta zelula barruan sartzen du. Proteina hori blokeatzean, zelula dendritikoak ahuldu eta hil egiten ziren, ezin zutelako kreatina barneratu, eta ez ziren eraginkorrak linfozitoak aktibatzen. Ikuspegi metaboliko batetik, ikusi zuten SLC6A8 proteinak kreatina sartzen zuela zelula dendritikoetan eta, horri esker, zelula dendritikoek energia gehiago zutela. Zelula dendritikoek energia gehiago zutenean, eraginkorragoak ziren minbizi-zelulen antigenoak berenganatu eta linfozitoei erakusteko, eta linfozito gehiago ari ziren minbiziari eraso egiten.
Baina ikertzaileek zuhurtzia eskatu dute haien emaitzak aurkeztean. Momentuz, saguetan bakarrik egin da ikerketa hori, eta ezin da baieztatu kirol gehigarri bezala hartzen den kreatina komertziala hartzeak tratamendu onkologikoak hobetu ditzakeenik. Hori baieztatzeko, entsegu klinikoak egin beharko dira gizakietan gehigarri horren eraginkortasuna frogatzeko.
Erreferentzia bibliografikoa:
Kang, Elliot; Elsten-Brown, James; Wang, Yu-Chen; Lam, Ashley; Sanchez, Elise; Wen, Renee; Wang, Tiffany; Chiang, Jennifer; Scarborough, Quentin; Li, Yan-Ruide; Zhu, Yichen; Huang, Jie; Williams, Matthew; Eckl, Sarah; Li, Bo; Yang, Lili (2026). Creatine uptake promotes dendritic cell activation and enhances antitumor immunity. iScience. DOI: 10.1016/j.isci.2026.115436. eCollection 2026 Apr 17. PMID: 42006288
Egileaz:
Iker Badiola Etxaburu (@ikerbadiola.bsky.social) EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria da.