Immunitate-sistemako zelulak lagungarriak izan daitezke ariketa fisikoa egiteko

Dibulgazioa · Kolaborazioak

2 min

Immunitate-sistemako zelulak lagungarriak izan daitezke ariketa fisikoa egiteko

Immunitate-sistema osatzen duten zelula mota desberdinek kanpotik datorkigun erasoen aurka edo gure zelula akastunak suntsitzeko bakarrik balio dutela uste izan da. Baina, oraingoan, Beijineko Tsinghua Unibertsitateko ikertalde bat harago joan da, eta immunitate-sistemako B linfozito izeneko zelulek ariketa fisikoan duten eragina deskribatu du.

Gure gorputzak bi mekanismo ditu erasoetatik babesteko: berezkoa edo naturala eta hartua edo adaptatiboa. Berezkoa edo naturala da eraso baten aurrean gure gorputzak sortzen duen hasierako erantzuna. Ez da espezifikoa, eta azkarra da. Hor parte hartzen dute muga fisiko-kimikoek —azala, mukia, malkoak, urdail-azidoak—, zelulek —makrofagoak, NK linfozitoak, neutrofiloak— eta hanturak, adibidez. Erantzun horrek ez du memoriarik; hau da, denboran aurrerago eraso berdina jasaten bada, gure immunitate-sistema naturala ez da prest egongo, eta denbora berbera beharko du erasoari aurre egiteko. Hartua edo adaptatiboa erantzun geldoagoa da. B linfozito eta T linfozito izeneko zelulek parte hartzen dute, eta memoria du. Linfozito horiek erasotzailearekin kontaktuan jartzen dira, gehienetan, beste zelula bitartekari batzuen laguntzaz (zelula dendritikoak, adibidez); eta entrenamendu-denbora bat behar izaten dute mehatxuari aurre egiteko. Behin haien lana bukatuta, gutxi batzuk erreserban gelditzen dira, etorkizunean agente erasotzaile berdina baletor azkarrago aurre egiteko —hori da txertoen oinarria—.

immunitate
Irudia: ikertalde batek immunitate-sistemako B linfozito izeneko zelulek ariketa fisikoan duten eragina deskribatu du. (Iturria: Mao, Youxiang; et. al. (2026) moldatuta)

Max Cooper-ek eta Jacques Miller-ek B linfozitoak aurkitu zituzten 1960ko hamarkadan. B linfozito izena jarri zieten, hegaztien Fabrizioren poltsan aurkitu zituztelako. Gizakiok ez dugu Fabrizioren poltsarik; gure B linfozitoak, batez ere, hezur-muinean sortzen eta garatzen dira. Zelula horiek desberdintasun nagusi bat dute T linfozitoekiko: erasotu beharreko elementuaren aurka ez dute zuzenean jarduten, baizik eta antigorputz izeneko proteinak sortzen dituzte, eta horiek dira erasoa egiten dutenak. Zelula horien funtzioa funtsezkoa da immunitate-sistema osasuntsu bat izateko, eta sakon aztertu eta ikertu izan dira gure gorputzaren defentsa-sistemaren ikuspegitik; baina, oraingoan, beste esparru batean duten eragina deskribatu da.

Peng Jiang doktoreak gidatutako ikertaldeak B linfozitoen ekoizpena murriztu zien sagu batzuei. Kasu batzuetan genetikoki eraldatuta, eta, beste batzuetan, substantzia kimikoak erabiliz. B linfozito kopurua murriztuta zuten saguek korrika egiterakoan erresistentzia murriztua erakutsi zuten B linfozito kopuru normala zuten saguekin konparatzean. Aurkikuntza hori ikuspegi molekularretik ikertzean, konturatu ziren B linfozitoek TGF-β1 izeneko proteina sortzen zutela eta proteina horrek gibelak ekoitzitako glutamato kopuruak igotzea eragiten zuela. Glutamato-maila altuagoak energia sortzen duten mitokondrioen funtzionamendu eraginkorragoa dakar muskulu-zeluletan, eta horien funtzioa eta eraginkortasuna hobetzen ditu. Modu horretan, aipatutako ikertzaileak gai izan dira immunitate-sistemaren eta jarduera fisikoaren arteko harreman zuzena demostratzeko.

Ikerketa horrek Jesús Álvarez-Herms kirol-prestatzaileak aipatzen duen osasun sistemikoa kontzeptuan sakontzen du. Álvarez-Herms doktorearen esanetan, kirola egitea, nahiz eta eliteko kirola izan, ez litzateke kontrajarria izan beharko osasuntsu egotearekin; izan ere, osasun orokorrak, luzera, kirol-errendimendu hobea bermatuko digu.

Erreferentzia bibliografikoa:

Mao, Youxiang; Xia, Ziyan; Pan, Xu; Xia, Wenjun; Jiang, Peng (2026). B cell deficiency limits exercise capacity by remodeling liver glutamate metabolism. Cell, 28; 189 (11), 3254-3269 . DOI: 10.1016/j.cell.2026.03.039


Egileaz:

Iker Badiola Etxaburu (@ikerbadiola.bsky.social) EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.