Eskola-jazarpenaren arrisku- eta babes-faktoreak ikuspegi biopsikosozialetik: literaturaren berrikuspena

Argitalpenak · Dibulgazioa

4 min

Eskola-jazarpenaren arrisku- eta babes-faktoreak ikuspegi biopsikosozialetik: literaturaren berrikuspena

Eskola-jazarpena ikasle batek behin eta berriz eta denboran zehar beste ikasle baten edo batzuen ekintza negatiboak jasaten dituenean edo horretarako arriskua duenean gertatzen da. Hala, hiru ezaugarri nagusi ditu bullyingak: lehenik, nahita eragindakoa da; bigarrenik, denboran zehar iraunkorra da, eta azkenik, botere asimetrian oinarritzen da, hau da, biktimak bere burua defendatzeko zailtasunak dituela hautematen du. Era berean, fenomenoak ondorio nabarmenak ditu haurrengan, haien bizi-kalitatea eta ongizatea murrizten baititu. Haratago joanda, kasu larrienetan ideazio suizida eta saiakerak ager daitezke, eta zenbait adituk osasun publikoko arazotzat jo dute. Prebalentziari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko ikerketa baten arabera, haurren % 16,8 biktima, jazartzaile edo jazartzaile-biktima direla balioesten da.

Eskola-jazarpenaren arrisku- eta babes-faktore biologikoak sexua, adina eta hormonak dira. Sexuari dagokionez, oro har, ikusi da mutilek gehiago parte hartzen dutela bullyingean, edozein roletan. Eskola-jazarpenaren adin tarteari erreparatuta, badirudi 6-12 urte artean gertatzen dela gehien, eta, adinak aurrera egin ahala, haurren garapena dela-eta murriztu egiten da. Hormonei dagokienez, berriz, emaitzak ez dira hain garbiak. Oro har, esan daiteke hormona ikertuenak testosterona eta kortisola direla. Batetik, testosterona maila altua jokabide agresiboarekin lotu izan da. Bestetik, kortisolaren emaitzak kontrajarriak dira, ikerketa batzuetan maila baxuak lotu baitira jazarpenarekin, beste batzuetan, aldiz, maila altuak.

Eskola-jazarpenaren

Arrisku- eta babes-faktore psikologikoak berriz, aldagai kognitiboak, gaitasun sozialak, adimen emozionala, autoestimua, enpatia eta erresilientzia dira. Beste hitz batzuetan esanda, aldagai horiek eskola-jazarpenerako arriskua areagotu edo murriztu dezakete. Zehazki, zenbait nahaste edo zailtasun kognitibo izatea arrisku-faktorea da bullyingaren biktima izateko. Horrez gain, gaitasun sozialak izatea eta arazo sozialak ebazteko gai izatea babes-faktorea da, baita emozioak identifikatzeko eta erregulatzeko gaitasuna izatea ere. Horiekin batera, autoestimuak, enpatiak eta erresilientziak ere eskola-jazarpen egoerak ekiditen laguntzen dute. Hortaz, aldagai horiek garrantzitsuak dira bullyinga prebenitzeko.

Arrisku- eta babes-faktore sozialen barruan eskola-aldagaiak, familia-aldagaiak, komunitatea eta ingurugiroko beste zenbait faktore daude. Eskola-faktoreei dagokienez, ikastetxeko giroaren pertzepzio negatiboa eta kideen hierarkia maila prebalentzia altuagoarekin lotzen da. Azkenik, ikaskideekin nahiz irakasleekin harreman sendoak izatea babes-faktorea da.

Familia-faktoreek ere zeresan handia dute eskola-jazarpenean. Hain zuzen, familian egoera estresagarriak, gatazka eta indarkeria bizitzeak jazartzaile izateko nahiz biktima izateko arriskua areagotzen dute. Aldiz, guraso eta seme-alaben artean komunikazio eta harreman estua izatea babes-faktorea da. Ildo horretatik, heziketa-estilo demokratikoak eta gurasoen inplikazioak ere jazarpenean parte hartzeko arriskua murrizten dute.

Aldagai horiez gain, beste zenbaitek ere eragiten dute eskola-jazarpenaren agerpenean. Zehazki, ikusi da komunitatearen parte sentitzea faktore babeslea dela biktima izateko. Aldiz, maila sozioekonomiko baxua izateak eskola-jazarpenean parte hartzeko arriskua areagotu dezake. Horiez gain, beste aldagai batzuk ere eskola-jazarpenaren arrisku-faktoretzat jotzen dira, hala nola, gutxiengoak diren sexu- eta genero-identitate eta orientazioa izatea eta obesitatea izatea. Azkenik, bizi-ohitura osasungarriak izatea babes-faktoretzat jotzen da.

Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da prebentzioa sustatzea eta esku-hartzeak eguneratzea, baita zorroztasunez ikertzea ere. Eskola-jazarpenak ondorio larriak eragin ditzake haurren ongizate eta garapenean; are gehiago, suizidioaren eragile garrantzitsuenetarikoa da nerabeetan. Hortaz, funtsezkoa da gaiari dagokion garrantzia ematea.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 48
  • Artikuluaren izena: Eskola-jazarpenaren arrisku- eta babes-faktoreak ikuspegi biopsikosozialetik: berrikuspen narratiboa.
  • Laburpena: Eskola-jazarpena haurtzaroan ohikoena den jokabide agresiboa da, eta ikasle batek beste ikasle baten ekintza negatiboak modu iraunkorrean eta berariazkoan jasaten dituenean edo horretarako arriskua duenean gertatzen da. Gainera, eskola-jazarpenaren prebalentzia eta inpaktua kontuan hartuta, osasun publikoko arazotzat jo dute zenbait adituk. Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoan haurren % 16,8 biktima, erasotzaile edo erasotzaile-biktima direla balioesten da. Bestalde, haur eta nerabeen ongizate eta garapenean ondorioak eragin ditzake, besteak beste, funtzio exekutiboen garapen urriagoa eta arazo afektibo-emozionalak. Ildo horretan, lan honetan jaso dira eskola-jazarpena agertzeko probabilitatea areagotzen edo murrizten duten aldagai biologiko, psikologiko eta sozialak. Hala, sexua, adina eta hormonak dira eskola-jazarpenean eragin dezaketen aldagai biologikoak. Era berean, arrisku- edo babes-faktore izan daitezkeen aldagai psikologikoak dira zailtasun kognitiboak, gaitasun sozialak, adimen emozionala eta egokitzapen soziala, autoestimua, enpatia eta erresilientzia. Aldagai sozialei dagokienez, azkenik, eskola-aldagaiak, familia-aldagaiak, komunitatea eta maila sozioekonomikoa daude; baita bestelakoak ere, hala nola ariketa fisikoa, obesitatea edo sexu- eta genero-identitatea. Hortaz, eskola-jazarpenaren prebentzioa eta esku-hartzea hobetzeko, beharrezkoa da kausazko harremanak ezarri ahal izateko ikerketa-diseinuak erabiltzea, baita aldagaien arteko elkarrekintzak aztertzea ere.
  • Egileak: Lierni Tolosa, Nerea Lertxundi Iribar, Ane Arregi eta Izaro Babarro
  • Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 129-145
  • DOI: 10.1387/ekaia.27532

Egileez:

  • Lierni Tolosa EHUko Psikologia Fakultateko ikertzailea da.
  • Nerea Lertxundi Iribar EHUko Psikologia Fakultateko, Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuko eta Epidemiologia eta Osasun Publikoko ikerketa biomedikoen zentroen sareko (CIBERESP) ikertzailea da.
  • Ane Arregi EHUko Psikologia Fakultateko eta Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuko ikertzailea da.
  • Izaro Babarro EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko eta Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuko ikertzailea da

Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.