Edith Klemperer, «garun argiztatua» izeneko eredua asmatu zuen neurologoa
Munduko lehen emakume neurologo eta psikiatretako bat izan zen Edith Klemperer. “Garun argiztatua” izeneko eredua asmatzeagatik da ezaguna, baita hipnosi bidezko terapiaren arloan aitzindari izateagatik ere.
Edith Klemperer Vienan jaio zen 1898ko abuztuaren 9an. Karl Klemperer eta Marianne Deutsch-en alaba bakarra zen. Medikuntza ikasi zuen Vienako Unibertsitatean.
Gradua bukatu zuenean, neurologia kognitiboan aitzindari zen Otto Pötzl-en laguntzaile lanetan aritu zen. 1924 eta 1938. urteen bitartean, Vienako Psikiatria eta Neurologia Institutuan jardun zuen ikertzaile. Julius Wagner-Jauregg zientzialariaren ekipoko sei emakume medikuetako bat izan zen, hark 1927. urtean Fisiologia edo Medikuntzako Nobel saria jaso ondoren. Klempererez gain, hauek ziren gainerako bost emakumeak: Alexandra Adler (1901-2001), Annie Reich (1902-1971), Lydia Sicher (1890-1962) eta Edith Vincze (1900-1940), ibilbide akademikoa Estatu Batuetan egin zutenak, eta Fanny Halpern (1899-1952), zeinak 18 urte egin baitzituen Shanghain, psikiatria txinatar modernoaren oinarriak finkatu zituelarik Kanadara lekualdatu baino lehen.

1930eko hamarkadan, Wagner-Jaureggek bere egin zituen arraza higienearen eta eugenesiaren ideiak, eta nazismoarekin bat egin zuen.
Vienan ikertzaile lanetan egindako urteetan, Klempererek 24 artikulu argitaratu zituen, horietako bederatzi Max Weissmann neurologiarekin batera. Garai hartako ikerketetan honako alderdi hauek aztertu zituen batez ere: nahasmendu psikiatrikoa edota garuneko nahasmendua zuten pertsonei egindako odol, gernu eta likido zefalorrakideoaren analisi kimikoak; intsulinaren erabilera delirium tremens sindromearen tratamenduan (alkoholaren abstinentziari lotutako sindromea); organismoak hipnosiaren aurrean duen erantzuna; eta diabetesa intsulina bidez tratatu ondoren sortutako Korsakoven sindromea (B1 bitamina faltak eragindako memoria nahasmendua). Lan aitzindari horiek agerian utzi zuten lotura zuzena dagoela emozio psikikoen eta odolaren aldaketa kimikoen artean.
1938ko martxoan, Alemania naziak egindako Austriaren anexioaren ondoren (Anschluss), judu izateagatik jazarria, New Yorkera ihes egin zuen aitarekin, eta neurologia eta psikiatria arloetan lanean jarraitu zuen bertan.
“Garun argiztatua”
Robert Exner neurologoak, Siberian gerrako presoentzako eremu batean gatibu zegoela, garun baten eredua sortu zuen egurra, kableak, koloreetako hariak eta bestelako materialak erabiliz. Bada, behin Estatu Batuetara iritsita, harekin batera garun ez-luminiszente batean lehendabiziko eredua eraiki zuen Klempererek, kableen bitartez nerbio bideen ibilbide zehatza erakutsiz.

Joseph Nagler fisikariak, une hartan Vienako Museo Teknikoko kontserbatzaile zenak, neon hodiak erabiliz eredu bat sortzea proposatu zuen. Klempererek onartu egin zuen erronka eta beira argiztatuz garun eredu bat eraikitzeari ekin zion bere kabuz, Nagleren ikuskapen teknikopean. Eredu hura bi metro zen garai, bi metro luze, eta metro eta erdi zabal. Berrehun neon hodi zituen, beira putzegileek banan-banan egindakoak, eta horien bidez garuneko neurona bideak iruditzen ziren, banaka nahiz multzoka argizta zitezkeenak. Garuneko eremuak beren funtzioen arabera zeuden koloreztatuta. 1931. urtean amaitu zuten garunaren eredua, eta Klempererek komunitate zientifikoari aurkeztu zion emaitza; Bernan lehendabizi, First International Neurological Congress izeneko biltzarrean (nazioarteko lehendabiziko neurologia kongresua) eta, ondoren, 1939. urtean Chicagon, Annual Meeting of the American Psychiatric Association delakoan (Estatu Batuetako psikiatria elkartearen urteko bilkuran). Ordurako, asmakari honen patentea aurkeztua zuen (1934. urtean).

Urte hartan bertan, Popular Science aldizkarian artikulu bat argitaratu zen, zeinak zehaztasunez deskribatzen baitzuen garunaren kristalezko eredu hura, medikuntzako ikasleei nahiz zientzian interesa zuen orori garunaren nerbio bulkadak azaltzeko diseinatuta zegoena.
Koadro elektriko baten bidez kontrolatuta, garunaren ereduak ondo erakusten zituen “pentsamendu bristadak”, mugimendu automatikoak (arnasketa, kasu) edo bulkada neuronal desordenatuak, buruko zenbait gaixotasunekin lotura zutenak.
1938. urtean Edith Klempererek Austriatik ihes egin zuenean, berekin eraman zuen garun argiztatuaren eredua; izan ere, “naziek ondasun materialetan soilik zuten interesa, eta ez zitzaizkien interesatzen ondasun kulturalak, juduenak”. Halaxe idatzi zuek hark berak 1953. urtean, Neues Österreich egunkarian argitaratutako gutun batean. Hala, garunaren eredua Estatu Batuetara eraman zuten, Klempereren altzariekin batera. Han, neurologoak jarraipena eman zion bere irakaslanari eta, 1940an, kontsulta pribatu bat ireki, eta zenbait ospitaletan jardun zuen lanean. Gainera, beste lau asmakari patentatu zituen, bi eredu anatomiko barne.
Estatu Batuetan egindako lana
Klemperer psikiatriako kontsultari lanetan aritu zen Workers’ Compensation Board batzordean (langileentzako konpentsazio batzordea), baita New Yorkeko gizarte zerbitzuen sailerako ere (Department of Social Services).
Estatu Batuetan egindako ikerketa, neurri handi batean, garai hartan sortzen ari ziren hainbat eremutan zentratu zen, hala nola hipnosian, hipnoterapian eta hipnoanalisian. 1954 eta 1969 bitartean, hitzaldiak emateaz gain, zenbait artikulu argitaratu zituen Journal of Clinical and Experimental Hypnosis aldizkarian. Hipnosiak erretzeari uzteko zituen onurak ikertzen ere jardun zuen. 1968. urtean, Past Ego States Emerging in Hypnoanalysis liburua argitaratu zuen (iraganeko niaren egoera emergenteak hipnoanalisian).
Edith Klemperer 1987ko irailaren 23an hil zen New Yorken.
Iturriak:
- Olson, Alexandra J. (2019). Dr. Edith Klemperer, Carlson Caspers.
- Triarhou, Lazaros C. (2019). Women neuropsychiatrists on Wagner-Jauregg’s staff in Vienna at the time of the Nobel award: ordeal and fortitude, Hist Psychiatry 30(4) (2019) 393-408
- Lysen, Flora (2020). Brainmedia: One hundred years of performing live brains, 1920–2020, Thesis, Universiteit van Amsterdam, 2020
- Klösch, Christian (2021). Gehirn eines Riesen, TMW, 22 marzo 2021ko martxoaren 22a
- Edith Klemperer, Wikipedia (ingelesez eta alemanez)
Egileaz:
Marta Macho Stadler, (@martamachos.bsky.social) EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko otsailaren 18an: Edith Klemperer, la neuróloga que inventó un modelo de «cerebro luminoso».
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.