Plaken tektonikaz

Zientziaren historia

Plaken tektonikaren teoria XX. mendeko 60ko hamarkadan proposatu zen. Teoriak baieztatzen du plaka zurrun batzuen ―oso meheak Lurraren diametroarekin alderatuta― sorrera, mugimendua eta suntsipena direla planetaren kanpo-azalaren itxuraren eragileak. Argitaratu eta gutxira iraultzatzat jota, XX. mendeko aurkikuntza zientifikorik nabarmenenetako bat da zalantzarik gabe.

1. rudia: Iraultzailea izan zen plaken tektonikaren teoria. (Argazkia: Evelyn Proimos).

Plaken tektonikaren formulazioa eragin zuten aurkikuntzak paleomagnetismotik eta ozeanografiatik etorri ziren. 50eko urteen amaieran, fisikari talde txiki baina eragin handiko bat ―Ingalaterrako Londres eta Newcastleko unibertsitateetakoak eta Australiako Nazio-Unibertsitatekoak― lurraren paleomagnetismoa ikertzen ari zen. Polo magnetikoaren kokapen itxuraz alderraia globalki azaltzeko, garai geologikoetan, aintzat hartu behar zutela kontinenteak mugitu egin zirela elkarrekiko ondorioztatu zuten. Onarpen hori beste froga bat zen kontinenteen jitoaren hipotesiaren alde; teoria hori Alfred Wegener-ek 1912an proposatu zuen eta artean biziki eztabaidatzen zen, unibertsitate britainiarretan eta australiarretan bereziki, Arthur Holmes-en 1945eko Principles of Physical Geology testuari esker.

Bien bitartean, ozeanografoak arituak ziren itsas hondoa kartografiatzen eta bero-fluxuaren, grabitatearen eta magnetismoaren anomaliak neurtzen. Bruce Heezen-ek eta Marie Tharp-ek dortsal ozeanikoak existitzen zirela ikusi zuten datu horietan. Itsaspeko mendilerro erraldoi horiek hainbat ezaugarri fisiko oso deigarriak dituzte, hala nola, anomalia magnetikoen pautak eta bero-fluxu handia duen erdiko haran bat (rift izenekoa). 60ko hamarkadaren hasieran, Harry Hess-ek iradoki zuen dortsalak tentsio-hausturak zirela, zeinetan zehar laba isurtzen zen, itsas hondo berria sortuz eta hedatuz. Susmo horrek atxikimendua jaso zuen handik oso gutxira, bi iragarpen berretsi zirenean.

1963an, Fred Vine-k eta Drummond Matthews-ek aurreikusi zuten dortsal ozeanikoaren albo banatan behatutako anomalia magnetikoek inbertsio magnetiko globalak erregistratzen zituztela laba solidotuaren itxuran. Fisikariek erregistratuak zituzten inbertsio magnetiko globalak kontinenteetan erradiaktibitatea baliatuta eta, beraz, bazuten denbora-eskala bat. Hortaz, dortsalen alboetan zeuden anomalia magnetikoen lerro paraleloak aurkitu behar ziren soilik. Bestalde, 1965ean, Hessen ikasle zen J. Tuzo Wilson-ek, aurreikusi zuen itsas hondoa hedatzen ari baldin bazen posible izango zela faila mota berri bat —“faila eraldatzailea” izenaz bataiatu zuena— sismologikoki aurkitzea. 1966an, Lamont Doherty Geological Observatoryko ikertzaile batzuek bi iragarpenen frogak aurkitu zituzten.

Itsas hondoa hedatzen ari bazen, non kokatzen ari zen material berria? Akaso Lurra ere hedatzen ari zen? Zientzialariek serioski aztertu zuten aukera hori. Dena den, berehala baztertu zen 1967 eta 1968 urteetan, hurrenez hurren, Jason Morgan-ek eta Dan Mckenzie-k, nork bere aldetik, plaken tektonikaren teoria proposatu bezain laster. Biek proposatzen zuten plaka zurrun batzuek ―100 kilometro inguruko lodierakoak― Lurraren azala estaltzen zutela. Plaka horiexek ziren Lurraren azalaren egitura-ezaugarri benetan garrantzitsuak, eta ez mendiak edo ozeanoak. Dortsal ozeanikoetan sortzen ziren, eta haietatik bereiziz joaten ziren, harik eta hondoratu eta “subdukzio zonetan” suntsitzen ziren arte; bertan jarduera sismiko bizia eta grabitate negatiboko anomaliak zeuden. Plaken mugimenduen eredu matematikoak eta lekuan bertan egindako behaketak ia bat zetozen. 70eko urteen hasieran geologo gehienek onartua zuten plaken tektonika egitatea zela (Sobietar Batasunean eta herri sateliteetan salbu).

2. irudia: Plaken tektonikaren teoriaren arabera, plaka zurrun batzuek ―100 kilometro inguruko lodierakoak― Lurraren azala estaltzen zutela. Plaka horiexek ziren Lurraren azalaren egiturazko ezaugarri benetan garrantzitsuak, eta ez mendiak edo ozeanoak.

Gehigarri filosofikoa

Zientzialarien komunitateak hain azkar onartu zuen plaken tektonika, ezen jende gehienaren jakin-mina piztu baitzuen. Geologo batzuk hasi ziren zientzia jendarteratzeko aldizkarietan argitaratzen, telebista saioetan agertzen, eta testuliburuak orrazten. Baina behin hasierako euforia igarota, ordea, geologo askok konfiantza-krisi bat izan zuten: Hain oker egon al ziren kontinenteen jitoaren teoria berrogeita hamar urtetan errefusatzean? Eta, zientziak aurrera egiten baldin bazuen gertaeren metaketa motelari esker ―haietako gehienek hala uste zuten―, zientifikotzat jo liteke urte gutxitan pasatzea kontinenteak estatikoak zirela pentsatzetik mugitzen zirela pentsatzera?

Lehen galderari dagokionez, geologo askok (gehienak gazteak) zalantzan jartzen zuten nola litekeen beren aurretikoek kontinenteen jitoaren teoria baztertu izana eta sasizientifikoa zela egotzi izana, teoria berresten zuten frogak egonda; hala nola, antzekotasunak Atlantikoaren bi aldeetako kostaldeko paleontologian eta litologian eta kontinenteen puzzlearen egokitzea. Bistan denez, jarrera hori presentismo-kasu bat zen, hau da, historia orainaldiko balio eta ezagupenekin epaitzea. Kontinenteen jitoa oso serio hartu zen baina ez zen bere horretan onartu, frogak “zirkunstantzialak” baino ez zirelako. Plaken tektonikak, aldiz, oinarri askoz sendoagoa zuen eta geroago berretsitako iragarpenak egin zituen. Gainera, ideia ezberdina zen: plakak sartzeak garrantziarik gabeko ondorio bihurtzen zuen kontinenteen mugimendua eta ez baieztapen teorikoaren giltzarri.

Gorago esan dugunez, geologoei kostatu egiten zitzaien asimilatzea teoria berria hain azkar onartu izana eta denboran zeharreko datu-metaketaren gainean eraikitako zientzia batean egokitu izana. 1962an Thomas Kuhn-en Iraultza zientifikoen egitura argitaratu zen, auzian interesa zuten geologoek besoak zabalik hartutako liburua. 60ko urteen amaieran, J. Tuzo Wilson eta Allen Cox, adibidez, argi eta garbi mintzatzen ziren plaken tektonikaz Kuhn erako iraultza gisa eta paradigmen aldaketaz. Hori zerbait ageriki eztabaidagarria zen (paradigmak, iraultzak existitzea, eta existitzekotan, plaken tektonika halaxe izatea).


Egileaz: Cesár Tomé López (@EDocet) zientzia dibulgatzailea da eta Mapping Ignorance eta Cuaderno de Cultura Cientifica blogen editorea.

Itzulpena: Leire Martinez de Marigorta

Hizkuntza-begiralea: Gidor Bilbao

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.