Hidrogenoa, irtenbidea ote da?
Planeta finitu batean bizi garenez, erregai fosilak agortuko dira laster edo beranduago. Gainera, klima-aldaketaren lehenengo zantzuak jasotzen hasiak gara jadanik. Horren eraginez, gizartearen eredu energetikoa aldatzeko premia areagotzen ari da. Bide horretan, energia-iturri garbiagoen eta iraunkorragoen erabilera handitu behar da, gizartearen deskarbonizazioa erraztuz. Testuinguru honetan, erakunde publikoek eta enpresa pribatuek hidrogenoak trantsizio-energetikoa gauzatzeko zutabe garrantzitsua izango dela errepikatzen digute etengabe. Baina, benetan, hidrogenoa gure arazoen soluzioa izango ote da?
Deskarbonizazioan aurrera egiteko, gizarteko prozesu asko elektrifikatzeko asmoa dago. Baina eguzkitik eta haizetik jasotzen dugun energia berriztagarriaren ekoizpena aldizkakoa izan ohi da. Argindarra eraginkorki biltegiratzea oso problematikoa denez, hidrogenoak argindar hori biltegiratzeko aukera ezin hobea eskaintzen du. Gainera, hidrogenoaren erabileran ez da elementu kutsakorrik askatzen, soilik ura, eta hori oso onuragarria da.
Hidrogenoa elementu kimiko ezaguna da, taula periodikoaren lehenengoa. Hainbat prozesu industrialetan erabiltzen da aspalditik, gehien bat industria kimikoan (erregai fosilei sufrea kentzeko, ongarriak egiteko, metanola sortzeko, eta abar). Izatez, hidrogenoa ez da energia-iturria, baizik eta energia-bektorea (energia biltzeko eta askatzeko substantzia). Hidrogenoa energia-bektore modura erabiltzean, ziklo itxia eratzen du: ekoizpena, biltegiratzea/garraioa eta erabilera.

Azken urteetan, hidrogenoari kolorea esleitu izan zaio ekoizpenaren arabera (ekoizpen-prozesua, erabilitako lehengaia, eragindako igorpenak eta abar). Gaur egun, erregai fosilak dira hidrogenoa ekoizteko lehengai nagusiak (% 96). Beraz, ekoizten den hidrogeno gehiena grisa da, eta kostu baxua dauka. Aldiz, elektrolisiaren bitartez sortzen den hidrogenoa, berdea, garbiena da. Horrek ez du gas kutsakorren igorpenik sortzen bere ekoizpenean, baina garestia da. Hori dela eta, momentu honetan, oso gutxi ekoizten da (ekoiztutako hidrogeno guztitik % 1 baino gutxiago). Hidrogeno grisetik berderako trantsizioan, hidrogeno urdinaren garapena ezinbestekoa izango da. Horregatik, momentu honetan industria petrokimikoa hidrogeno urdina bultzatzen ari da.

Hidrogenoa biltegiratzeko hainbat metodo daude: gas konprimatua, likido kriogenikoa eta materialetan. Berez, ez dago aplikazio guztietarako biltegiratze-metodo bat egokiena dena. Hori dela eta, biltegiratze-sistema desberdinak garatzen ari dira, baina horietariko asko oraindik garapen-fasean daude.

Hidrogenoa garraiatzeko honako hiru aukeretan ari dira pentsatzen ikertzaileak: kamioiak (kantitate gutxi, distantzia txikiak), gasbideak (kantitate handiak, kontinenteetan) eta itsasontziak (kantitate handiak kontinenteen artean). Hala ere, gaur egungo azpiegiturak ez daude hidrogenorako prestatuta, eta egokitzeak kostu handiak izango ditu.
Gauzak horrela, Europar Batasunak hidrogenoaren ekonomia bultzatzeko beharra mahai gainean jarri du, 2050erako karbono neutraltasuna lortzeko estrategiaren barruan. Hidrogenoaren eredu ekonomiko-energetikoaren etorkizuneko bilakaera faktore askoren menpe dago. Alde batetik, oztopo teknikoak daude, eta bestetik, ekonomikoak. Momentu honetan, hidrogenoa ez da ekonomikoki bideragarria, eta bere erabileraren garapena laguntza ekonomikoen bidez bultzatzen ari da. Izan ere, oraindik ez dago argi merkatu lehiakorra osatuko duen ala ez.
Zalantzarik gabe, hidrogenoak hainbat abantaila eskaintzen ditu zenbait sektoretan deskarbonizazioa lortzeko (adibidez, altzairugintzan edo industria kimikoan), baina ez da irtenbide miragarri bat. Trantsizio energetikoak teknologia desberdinen konbinazioa behar izango du, hala nola bateriak, kondentsadoreak, energia hidraulikoa, energia termikoa, eta abar. Beraz, etorkizuna multienergetikoa izango dela uste dugu. Denborak esango du.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 48
- Artikuluaren izena: Hidrogenoa, irtenbidea ote da?
- Laburpena: Azken urteetan, hidrogenoa nonahi azaltzen ari da. Erakunde publikoek eta enpresa pribatuek etengabe errepikatzen digute hidrogenoa izango dela trantsizio energetikoa gauzatzeko zutaberik garrantzitsuena. Baina, benetan, hidrogenoa izango ote da gure arazoen irtenbidea? Izatez, industria petrokimikoaren etorkizuneko apustua da hidrogenoa, aukera ematen duelako gaur egungo azpiegitura erabiliz klimatikoki neutroa den erregaia merkaturatzeko. Hidrogenoak abantaila batzuk eduki badauzka, eta ekonomiaren sektore batzuk deskarbonizatzeko aukera erraztuko du, baina erronka propioak ere baditu. Horregatik, hidrogenoa ez da mirarizko irtenbidea izango. Trantsizio energetikoa ezin da hidrogenoan soilik oinarritu, bestelako «eragile» batzuk ere tartean egon behar izango dira (bateriak, kondentsadoreak, energia termikoa, etab.). Hori dela eta, problematika energetikoari aurre egiteko, irtenbideen konbinazioa jarri beharko da indarrean. Dokumentu honetan, hidrogeno-ekonomiaren berrikuspen orokorra aurkezten da, ekoizpenaren, biltegiratzearen, garraioaren, aplikazioen eta oraingo ekonomiaren erronka nagusiak azalduz.
- Egileak: Leire Casas Camacho eta Jose Miguel Campillo-Robles
- Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 321-341
- DOI: 10.1387/ekaia.27191
Egileez:
Leire Casas Camacho eta Jose Miguel Campillo-Robles EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
