Inbaditzaileei aurre egitea, lehentasun kontua

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Dagoeneko Europara sartu diren espezie inbaditzaileak desagerrarazteko eta etorkizunean sartu daitezkeenak uxatzeko, aditu talde batek lehentasunetan oinarritutako zerrenda bat osatu du. Espezie bakoitzaren araberako estrategia garatzea funtsezkotzat jo dute.

Espezie inbaditzaileen afera biologoen eremu hutsa gainditu eta gizartean dezente txertatu den gai horietako bat da. Gaur egun, gure artean, sakonki sartuta dago zebra-muskuilua arazo iturri delako ideia, eta berdina gertatzen da liztor asiarrarekin. Umetxoen artean ere kuriositatea eta beldurra parean eragiten dituen intsektua da, eta abuztuko arratsalde luzeetan, erredakzioetara berri askorik iristen ez diren horietan, albiste iturri izan daiteke ere, suhiltzaileek Asiatik etorritako liztorraren habi bat kentzen dutenean.

espezie inbaditzaileak
1. irudia: Oraindik asko zabalduta ez dagoen arren, Nasua nasua espezieko koatia Europara iritsi da. Maskota gisa ekarrita, ingurune naturalera sartu da. Espezie hori Europako naturaguneetatik desagerrarazi beharreko lau espezie garrantzitsuenen artean kokatu dute. (Argazkia: Dennis Jarvis / CC BY-SA 2.0 lizentziapean)

Baten batek esan lezake agian munduan hedatuen dagoen espezie inbaditzailea gizakia bera dela, eremu polar hotzenetatik basamortu beroenetara zabalduta baitago, eta munduan dagoen ia ekosistema orotan gailentzeko gai izan delako, gainerako espezie gehienen kalterako. Aparteko animalia da sapiensa, bai onerako zein txarrerako.

Baina kalekumeok ezagutzen ditugun espezieez kezkatzen hasten garenerako, biologoek eta ekologoek urteak daramatzate oraindik gehiegi zabaltzeke dauden espezieei adi. Batzuetan, horiei begirako kanpainetan ere parte hartzen dute. Hori gertatzen da, adibidez, bisoiekin. Bisoi amerikarraren (Mustela vison) erruz ur-ipurtatsak (M. lutreola) desagertzerako bidea hartu ez dezan, ahalegin izugarriak egiten ari dira. Gehienetan, adituak eta teknikariak estu eta larri ibili behar izaten dira, esku hartzeak hasten direnerako kaltea atzerapausorik gabekoa baita.

Hori gerta ez dadin, ikertzaile talde batek identifikatu ditu zeintzuk diren Europan ahalik eta lasterren arreta berezia behar duten inbaditzaileak. Horrez gain, eta arlo praktikoari begira, ranking bat osatu dute, espezie horien aurkako estrategiak ezartzerakoan lehentasunak argi izateko. Global Change Biology aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean eskuragarri dago zerrenda hori, modu irekian.

Europako 34 ikertzaileren artean ebaluazioak partekatu dituzte, eta adostasuna bilatu dute zerrenda egiteko. Aurreko ikerketa batean ebaluatu zuten espezie bakoitzak Europan ezartzeko zuen arriskua, eta, horren ondorioz, egon litekeen inpaktua. Oraingo ikerketan, berriz, aukeran egon daitezkeen desagerrarazte estrategiekin alderatu dute espezieen zerrenda. Estrategia horien ebaluazioan, hainbat faktore kontuan hartu dituzte: eraginkortasuna, kostua, gizartean desagerrarazte estrategia horrekiko dagoen onarpen maila, iraupena eta, azkenik, behin akabatu ondoren populazio hori berriro agertzeko dagoen probabilitatea.

Aukeran egon daitezkeen desagerrarazte estrategien gaineko azterketa egin dute, jakin ahal izateko estrategia horiek zer inpaktu eta zer eraginkortasun izan zezaketen. Dagoeneko kontinentean dauden espeziak kontuan hartu dituzte, baina berdina egin dute iristear egon daitezkeen espezieekin. Bide hori jarraituta, gauzak are gehiago okertu baino lehen, administrazioek bederen ezin izango dute esan abisatuta ez zeudenik.

95 espezie aztertu dituzte. Horietatik, 60 oraindik Europan txertatuta ez dauden espezieak dira, eta gainerako 35 dira goraka ari direnak; azken horiek lurraldean ezarrita daude, baina, momentuz, banaketa mugatua dute. Bi talde horietatik, aukeraketa bat egin dute, eta nolabaiteko ranking bat osatu dute, ahalik eta lasterren mugatu behar diren espezieez osatutakoa. Txertatuta ez daudenetatik 17 aukeratu dituzte; dagoeneko Europan daudenei dagokienez, 14 aukeratu dituzte. Horiek dira, ikerketan parte hartu duten adituen ustetan, lehentasun gehien izan behar dituzten espezieak.

espezie inbaditzaileak
2. irudia: Arrisku potentzialen artean, lehenengo postua eman diote Faxonius rusticus karramarroari. Ipar Amerikako ekosistemetan triskantza handiak egiten ari da, eta Europara sartzea ekidin nahi dute. (Argazkia: Ashour Rehana / CC BY-NC-ND 2.0 lizentziapean)

Ezarritako espezieen zerrendaren goiko aldean daude, hurrenez hurren, Acridotheres tristis txoria, Bufo mauritanicus apoa, Nasua nasua koatia eta Pycnonotus cafer txoria. Lau horiei lehentasun altuko estatusa eman diete, eta ikertzaileen aburuz, agintariek horiek desagerrarazteari ekin beharko liekete. Oraindik ezarrita ez dauden espeziei dagokienez, gehienei lehentasun berdina eman diete, baina bati lehentasun mailarik altuena eman diote: Faxonius rusticus espezieko karramarro herdoilduari, Ameriketan ematen dioten izen arruntaren arabera. Espezie hau luze eta zabal hedatzen ari da Ipar Amerikatik, eta 2019an aurrenekoz aurkitu zuten Frantzian. Zerrenda hauek FBIk landutako Most wanted horietako bat izango balira, karramarro hori agertuko litzateke Public Enemy Number One gisa. Kontua ez da soilik jatorrizko beste espezieentzako izan dezakeen arriskua, baizik eta lehen momentuetan Europan erraz akabatzeko modukoa izango litzakeela, oraindik hedatuta ez dagoelako.

“Hoberena litzateke espezie inbaditzaile guztiak desagerraraztea, baina baliabideak, bai jendez zein diruz, urriak dira; are gehiago orain, beste lehentasun batzuk daudela”, adierazi du prentsa ohar batean Kordobako Unibertsitateko Pablo Gonzalez Moreno ikertzaileak. Gaiaren inguruan administrazioek hartu behar dituzten erabakietan ikerketa hau lagungarri izatea espero dute zientzialariek. Behar hau zientzia artikuluan bertan azpimarratu dute, kudeaketa egiteko garaian datuak eskura izatearen garrantzia nabarmenduta: “Espezie asko izanda, eta baliabideak mugatuak direnez, erabakiak hartzen dituztenek tentuz ebatzi beharko dute zein espezieren kudeaketari eman lehentasuna, eta nola”.

Ikerketak argi utzi du egoera gero eta konplexuagoa dela. Batetik, momentuz zenbait espezieri buruzko informazio nahikorik ez dagoelako. Bestetik, espezie bakoitzaren ezaugarrien arabera estrategia bat garatu behar delako. Adibidez, espezie batzuen aurrean, prebentzioa egitea oso zaila dela nabarmendu dute egileek. Plotosus lineatus arrainaren adibidea jarri dute. Itsaso Gorritik Mediterraneora igaro da espeziea, Suezko kanalen bitartez, eta bereziki Israel inguruko itsasoko ekosistemetan kalte nabarmenak eragiten ari da. Itsaso zabalean dabilen arraina izanik, ez da batere erraza izango arrainaren zabalpena mugatzea. Antzeko zerbait gertatzen da Pterois miles arrainarekin: Suezetik sartu da Mediterraneoan, eta, behin ezarrita, espeziea uxatzea oso zaila izango da.

Horretaz jakitun, zientzialariek ohartarazi dute oraindik iritsi ez diren zenbait espezierekin prebentzioa bai izan daitekeela guztiz beharrezkoa. Homarus americanus otarrainaren kasua jarri dute adibidetzat: Europan sartuko balitz, espeziea akabatzea guztiz zaila izango litzateke, eta, horregatik, prebentzioa lehenetsi beharko litzateke. Kasu honetan, eta Atlantikoaren beste aldekoa den krustazeoa izanik, ez gara hitz egiten ari kanal artifizial batetik etor daitekeen espezie bati buruz, gizakiak nahita mugiarazitako krustazeo bati buruz baizik. Hortaz, mugimendu artifizial hori ekiditea premiazkoa izan daiteke.

Aurrean aipatutako kasu horiek guztiak itsas espezieak dira, eta mota horretakoak dira, hain justu, kudeatzeko zailenak. Adituek diote itsas espezieen populazioak eskala txikietan kudeatzea erraza dela, baina, behin zabalduta daudela, arras zaila da horiek kontrolpean edukitzea. Lur espezieen kasuan, ostera, errazagoa omen da kudeaketa, lurraldean zabalduta egon arren. Horregatik nabarmendu dute espezie baten zabalpena ez dela zertan izan behar irizpide nagusia arazoa jorratzerakoan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Booy, Olaf et al. (2020). Using structured eradication feasibility assessment to prioritize the management of new and emerging invasive alien species in Europe. Global Change Biology, 26 (11), 6235-6250. DOI: https://doi.org/10.1111/gcb.15280


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

  • […] Espezie inbaditzaileen aferari helduz, ikertzaile talde batek identifikatu ditu zeintzuk diren Europan ahalik eta lasterren arreta berezia behar dutenak eta horiekin ranking bat osatu dute. Estrategiak garatu ahal izateko, hainbat faktore ezarri dituzte: eraginkortasuna, kostua, gizartean desagerrarazte estrategia horrekiko […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.