Asteon zientzia begi-bistan #293

Uxue Razkin

Biologia

Baleek zuri-beltzean eta gardentasun oso txikiarekin ikusten dutela ondorioztatu du UPV/EHUko Elena Vecino Biologiako eta Histologiako katedradunak eta haren taldeak. Iaz Sopelan agertu zen balearen begia izan dute ikergai. Euren helburua hasieratik izan zen jakitea nola funtzionatzen duen balearen begiak. “Ikusi duguna da balearen begiak nola funtzionatzen duen glaukomarekiko, egokitzapenarekiko, eta nola ikusten duen”, azaldu du Vecinok Berrian egindako elkarrizketan.

Gu al gara unibertsoko espezie adimendun bakarra? Guztik bakarrik al gaude? Ez litzateke harritzekoa izango beste planetetan bizi adimenduna garatu izana. Baina oraindik ez daukagu horren frogarik. Argumentu ugari mahaigaineratu dira hori argitzeko asmoz. Adibidez, planteatu izan da Lur Bereziaren hipotesia, hau da, beharbada gure planetako baldintzak ohiz kanpokoak direla, eta oso planeta gutxi daudela horrelako ezaugarriak dituztenak. Badaude ere proposamen apokaliptikoak. Ez galdu artikulu interesgarri hau!

Intsektuei bakarrik alde txarra ikusten diogu maiz eta ideia horrekin bukatu nahi du Beatriz Diaz entomologoak. Erakutsi nahi digu naturarentzat eta gizakiarentzat intsektuek duten garrantzia. Horretarako, Aranzadi zientzia elkarteak bi urteko proiektu bat abiatuko du apiril-maiatzean; entomologiazaleak sortu nahi dituzte, lehen urtean espezie horiek nolakoak diren erakutsiz, eta bigarrenean haiei laguntzeko ekintzak eginez. Elkarrizketa interesgarria egin diote Berrian, ez galdu!

Genetika

Basoek arazo ugariri aurre egin behar diote klima-aldaketaz gain: deforestazioa, izurriteak, etab. Bada, horiei aurre egiteko genetika gakoa izan daiteke. Testuan azaltzen digutenez, basoen gene-dibertsitatea erabil daiteke klima-aldaketari aurre egiteko. Baina, oro har, zuhaitzen gene-datuak urriak dira. Hori aldatzeko asmoz jarri zen abian GenTree egitasmoa. Bertan, 14 herrialdetako ikertzailek lagindu dituzte, Europan zehar, ekonomikoki eta ekologikoki garrantzitsuak diren 12 zuhaitz-espezie. Bilduma handia sortu dute eta genetikari esker, lanabes berri bat lortu da klima-aldaketari aurre egiteko.

Kimika

Lurzorua baliabide berriztaezina da giza eskalan; adituek diote mila urte baino gehiago behar direla lurzoru berria eratzeko. Hortaz, oso garrantzitsua da lurzoruen kalitatea eta osasuna bermatzea. Metodo fisiko-kimiko tradizionalek kutsatzaileak lurzorutik guztiz ezabatu ditzakete modu azkar batean baina lurzoruaren ezaugarri fisiko, kimiko eta biologikoak suntsitzen dituzte. Fitorremediazioa, berriz, eskala handian aplikatu daitekeen ekoteknologia ez-suntsitzaile eta ekonomiko bat da. Honen ingurukoak testuan.

Astrofisika

Astronomia modernoak planteatzen duen galderetako bat da: Nola gertatu zen Eguzki Sistemaren eta bertako planeten sorrera? Hori aztertzean, Eguzki Sistemaren geometriak pista garrantzitsuak ematen ditu. Planetak plano berean daude eta euren periodo orbitala gero eta handiagoa da Eguzkitik urruntzean. Asteroideen Gerrikoko edo Kuiperren Gerrikoko objektu txikienek, ordea, orbita eliptikoagoak eta makurtuagoak izaten dituzte. Planetaren sorrera ez ezik, izarren sorrera ere irakurgai duzue honetan. Ez galdu!

Ekologia

Suteen kudeaketarako animaliek duten garrantzia azpimarratu dute Australiako zientzialariek. Hegaztiak, intsektuak edota ugaztun handiak aintzat hartzeko beharra azpimarratu dute. Ikertzaileen esanetan, animalia horien jardunari esker, suteak izateko aukerak gutxitu daitezke. Elhuyar aldizkarian aurkituko dituzue xehetasunak.

Emakumeak zientzian

Irati Romero Garmendia biologoa elkarrizketatu dute honetan. Biologia Molekularra eta Biomedikuntza masterra egin zuen, gaixotasun zeliakoa ikertzen duen talde batekin. Doktore-tesia ere egin zuen; “gogorra” egin zitzaion eta “nekatuta” bukatu zuen, gustura aritu bazen ere. Egun, gliobastomak ikertzen ari da. Zeliakia gaixotasunaren prozesuak ere ikertu izan ditu, zer aldaketa gertatzen diren gaitza garatzean, hain zuzen.

Astrofisika

Ilargiaren alde ezkutuaren egitura azaleratu du zientzialari talde batek. Hiru geruza bereizi dituzte Von Karman kraterraren azpian. CNSA Txinako Espazio Administrazio Nazionalaren Yutu-2 robotak eskuratutako lehen datuetan oinarrituta egin dute analisia. Zeintzuk dira neurriak? Nolakoa da lurra? Elhuyar aldizkarian topatuko dituzue geruza horiei buruzko xehetasunak. Ez galdu!

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————————-

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>