Nerbio sistema oso sinplea izan arren, marmoka espezie txiki bat ikasteko gai dela frogatu du ikertzaile talde batek.
Zaila da atzean dagoen arrazoia argitzea, baina, egiari zor, gizakiari ez zaio gelatina gustatzen. Munstroak irudikatzean, askotan itxura hori eman zaie, adurrez eta elementu likatsuez osatuaz. Filmetan ere, beldurra eta higuina eragin nahian, horiei askotan soinu berezia eransten zaie, platerean tomate gehiegi duten makarroi horiek mugitzean egiten duten soinu berdinarekin.
Baina, hala ere, gorputz likatsua izateak abantaila nabarmenak ditu, batez ere uretan bizi izaten denean. Marmoken kasua da. Besteak beste, sinpletasuna. Proteina bakar batzuk antolatu, polisakarido batzuekin osatu, eta, hara! Organismo bat eraiki dugu. Organismo urtsu bat, egia esanda. Botilaratutako ura saltzen duten enpresek esan ohi dute gizakiok ur garela, eta, horretan bederen, arrazoia eman behar zaie: kalkulatzen da gure organismoaren %65 ur dela. Baina marmokek muturrera eraman dute hau: %95 ur dira. Richard Conniff idazlearen hitzetan, marmokak funtsean “antolatuta dagoen itsasoko ur” dira. Hortaz, elikagaia soberan dagoenean, arin hazi daitezke, baina aise har dezakete kontrako norabidea ere, behi meheen garaia iristen bada. Hainbeste ur izanda, flotagarritasuna nahieran erabili dezakete, ur zutabean gora eta behera egiteko.
Gelatinan oinarritutako egitura honek marmokei eta beren antzeko organismori ahalbidetu die duela 500 milioi inguru urtetik baino gehiagotik planetan irautea. Dudarik ez dago hori arrakasta ebolutibo baten adierazle dela. Halere, denak ez dira abantailak. Gehienetan ozeanoan talka egiteko arrisku gutxi dago, baina, adibidez, arrisku honetaz ez dira libratzen mangladien artean ehiza egiten duten marmokak. Tripedalia cistophora espeziearen kasua da. Karibeko mangladietan bizi diren tamaina txikiko marmoka hauek —azazkal baten tamainakoak, hain zuzen— elikatzeko zooplaktonaren parte diren kopepodo ñimiñoak bilatzen dituzte mangladietan.
Horiek atzemateko, 24 begiz osatutako ikusmen sistema daukate kubozooen klasearen parte diren animaliatxo pozoitsu hauek. Kanpaiaren beheko aldean dauden puntu beltz horiek rhopalia izena dute, eta, begiak baino, animaliaren ikusmen sentsoreak direla esan daiteke. Horietako batzuk besteak baino garatuago daude, ikusmen ahalmenak emanez.
Kontua da mangladien sustraiak arriskutsuak izan daitezkeela marmoka txikientzat, hain justu, gorputz likatsu oso leunak dituztelako. Hortaz, sustraietara hurbiltzean buelta eman behar dute, minik ez hartzeko. Hori dela eta, ehiza egiteko eta, aldi berean, sustraien kontra talka eginez ez hiltzeko, oso koordinazio ona garatu behar dute. Gertuegi hurbilduz gero, hil daitezke. Baina gerturatzen ez badira, ezingo dute elikatu. Beraz, distantziak ondo kalkulatzea hil ala biziko kontua da animalia hauentzat.
Bada, halako portaera behatuta, zientzialari talde bat konturatu da hori soilik ikasketa prozesu baten ondorioa izan daitekeela. Current Biology aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean azaldu dute ikasitakoa.
Behaketa laborategian egin dute, naturaren baldintzak errepikatzen ahalegindu den esperimentu batean. Horren bitartez behatu dutenez, marmokatxoei nahikoa zaie hiru edo bost maniobra iheskorretan huts egitea beren portaera aldatzeko eta sustraien kontra ez jotzeko. Diotenez, ozpin-euliek edo arratoiek egiten duten huts egite kopuru berdina egiten dute ikasi baino lehen. Behaketa soilean ez ezik, elektrofisiologiaren eta baldintzapen klasikoko bestelako esperimentuen bitartez ere berretsi dute marmoek benetan ikasi izan dutela.
“Gure esperimentuek erakusten dute marmokek kontrastea erabiltzen dutela distantziak ebaluatzeko; hots, sustraiak urarekiko noraino ilunak diren [kalkulatzen dute]. Horrek ahalbidetzen die une egokian igerian atzera egitea”, adierazi du Kopenhageko Unibertsitateko Anders Garm neurobiologoak. Baina esanguratsuena da distantziaren eta kontrastearen arteko erlazioa aldatuz doala egunaren arabera, euriko uraren, algen eta olatuen jarduna aldatzen diren heinean. Hots, egile hauen arabera, ikertu dituzten marmokek egoerari buruzko ikasketa bat egiten dute. Zenbait inpresio lerrokatzen direnean, marmokak gai dira horien artean lotura bat dagoela ikasteko. Diotenez, marmokak dituen rhopalia edo begiak ikaste zentrotzat ere har daitezke.
Honetan, gakoa da beti uste izan dela marmokak adimen gutxiko animaliak direla. Izan ere, gero eta nerbio sistema garatuagoak eduki, orduan eta ikasteko potentzial gehiago dute animaliek. Mila bat nerbio zelula baino ez izanda —alde nabarmena gizakien garunak dituen 100.000 milioi neuronei konparatuta—, eta garunik gabeko animaliak izanik —ez behintzat garun zentralizatua, beste animalia askok dutenaren parekoa—, marmokek ikasteko gaitasun gutxi dutela uste izan da, beren ikasketa ahalmena oso gauza sinpleetara mugatuz. Funtsean, jarraian jasotzen den estimulu baten aurrean ohitzeko baino ez zirela gai pentsatu izan da orain arte. Baina Garmek uste du egindako akatsetatik ikasteko gai direla, bai eta horren ondorioz beren portaera aldatzeko ere. Horrek esan nahi du marmoka espezie honek bederen ikasketa asoziatiboa egiten duela.
Ikasketa ez-asoziatiboaren bitartez, estimulu bakar bat errepikatzen denean ikasten da. Izenak dioen bezala, ez da zertan estimulu hori ezerekin lotu. Errepikapenaren ondorioz, ohitu gaitezke, ala, kontrara, sentsibilizatu gaitezke. Horregatik, etxean txakurra dutenek ez dute inoiz beren txakurraren usainik nabaritzen. Soberan ohitu dira. Ikasketa asoziatiboan, berriz, seinale bakoitza portaera jakin bati lotuta dago modu fidagarrian. Patata frijituen poltsa ireki eta berehala, hor azaltzen da berehalakoan txakurra, zintzo-zintzo, soinu horren ostean zerbait erori daitekeela jakitun.
“Ohiko garun zentralizatu beharrean T. cistophora-k nerbio sistema zentral sakabanatuta duenez, gure lan honek zalantzan jartzen du zirkuitu ikasketa asoziatiboak neuronal konplexuak behar dituelako nozioa”, laburbildu dute zientzia artikuluan. Neurozientziarentzat garrantzi handiko aurkikuntza dela babestu dute ikertzaileek, “nerbio sistema sinple batekin egin daitekeenari buruzko perspektiba berria” ematen duela iritzita.
Ikasketan eta memorien eraketan parte hartzen duten zelula zehatzak identifikatzea jarri dute ikertzaile hauek hurrengo erronka gisa. Ondoren, argitu beharko dute ikasketa mekanismo hau marmoketara mugatzen ote den, ala beste animalietan ere antzeko prozesuak gertatu ote daitezkeen.
Erreferentzia bibliografikoa:
Bielecki, Jan; Dam Nielsen, Sofie Katrine; Nacham, Gösta; Garm, Anders (2023). Associative learning in the box jellyfish Tripedalia Cystophora. Current Biology, 33, 4150–4159. DOI: https://doi.org/10.1016/j.cub.2023.08.056
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.
2 iruzkinak
[…] Marmoka espezie txiki bat ikasteko gai dela frogatu du ikertzaile talde batek, nerbio-sistema oso sinplea izan arren. Tripedalia cistophora da espeziea, eta Karibeko mangladietan bizi da. Mangladietako sustraien ondoan elikatzen dira baina horiek arriskutsuak izan daitezke marmokentzat. Sustraietara hurbiltzean […]
[…] lotzen da, eta ondorioz, nerbio-sistemaren garapenarekin eta burmuinaren konplexutasunarekin. Baina zerbait “ikastea” prozesu askoz ere sinpleagoa izan daiteke, eta hala frogatu zuen Physarum polycephalum onddo lirdingatsuak. Onddo hori bizidun zelulabakarra […]