Koloneko minbiziak eragindako gibeleko metastasia arratoietan %80 txikitzea lortu dute

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Nanopartikulak baliatuta odol hodien hazkuntza txikitu eta modu honetan arratoietan koloneko minbiziak eragindako gibeleko metastasia %80 gutxitzea lortu dute.

Irudia: Nanopartikulak baliatuta gibeleko metastasia %80 gutxitzea lortu dute, tumore zeluletara iristen diren odol hodiak murriztuta. (Iturria: Marko Petek)

Nanopartikulak erabili dituzte arratoietan gibeleko tumore zeluletara iristen diren odol hodietako zelulen hazkuntza geldotzeko eta, hala, minbizi zelulen oxigeno eta elikagai horniketa murrizteko, hazkuntza ere txikiagoa izan dezaten. Ondorioz, koloneko minbiziak eragindako gibeleko metastasia %80 gutxitu dute arratoiengan.

Organo batean hazten ari den tumore bateko zenbait zelula askatu, beste organo batera iritsi eta hura kolonizatzen dutenean gertatzen da metastasia. Kolonizazio prozesu horretan ezinbestekoa da odol hodiak sortzea, minbizi zelulek behar dituzten elikagaiak eta oxigenoa eskura ditzaten. Angiogenesi deritzo odol hodiak sortzeko prozesu horri eta zelula endotelialak dira horren arduradunak. Ohiko odol hodietan ez bezala, tumore zelulek bidaltzen dizkieten seinale batzuk tarteko, zelula endotelial normalak baino gehiago hazi, metastasi masarantz mugitzen dira eta tumore zelulei hazten laguntzen diete.

Zelula endotelialek jasaten duten aldaketa hori zer dela eta gertatzen den argitzeko asmoz saguekin ikerketa jarri dute martxan. Zelula endotelialen aldaketa hori leheneratzea lortuz gero angiogenesian eragina eginda metastasi prozesua etetea da ikerketaren azken helburua.

Saguei gibeleko metastasia eragin diete koloneko minbizi zelulekin eta masa horretatik zelula endotelialak erauzi dituzte. Tumoreetako zelula endotelialak eta zelula endotelial osasuntsuak konparatu dituzte orduan. Bi alderdi izan dituzte kontuan konparazioa egiterakoan:

  1. Proteina mailan zelula batzuek eta besteek zein proteina zituzten eta zein ez, eta zer mailatan ageri diren bakoitzean.
  2. MikroRNA mailan ere gauza bera. Elementu txikiak dira mikroRNAk eta garai batean funtziorik ez zutela uste bazen ere, ikusi da proteinak erregulatzen dituztela.

Bioinformatika tresnak baliatuta egin dituzte proteina eta mikroRNA elementu garrantzitsuen aukeraketa eta azken urratsean miR-20a mikroRNA aukeratu dute. Zelula endotelial osasuntsuetan agertzen da elementu hori, baina ez tumorearen eraginpean daudenetan. miR-20a desagertzearen ondorioz, zelula endotelialetan proteina batzuk agertzen direla eta orduan aldatzen dela haien portaera, orduan hasten direla hazten eta mugitzen ikusi dute ikertzaileek.

Nanopartikulak miR-20a leheneratzeko

Tumore zelulak hornitzen dituzten zelula endotelialetan miR-20a gehituz gero portaera leheneratuko ote zen argitzeko esperimentuei ekin diote jarraian. Nanopartikulak sortu dituzte horretarako, gibeleko zelula endotelialetara bideratzeko diseinatuak, eta miR-20a-rekin kargatuak. Metastasia eraginda duten saguei eman dizkiete lehenengo, eragina ikusteko. Tratatutako kasuetan tumoreen barruan askoz odol hodi berri gutxiago sortu direla ikusi dute analisi patologikoan. Horrez gain, metastasi masen kopurua eta tamaina %80 jaitsi dela ere egiaztatu dute.

Metastasiaren tamaina %80 jaistea emaitza ona bada ere, inoiz tratamendu gisa erabiliko balitz, tratamendu osagarri moduan izango litzateke. Izan ere, metastasiak %20 hazten jarraitzen du eta, gainera, tratamenduak ez ditu tumore zelulak suntsitzen, ez die zuzenean eraso egiten. Metodo honek elikagai eta oxigeno ekarpena mugatzean datza, metastasiari aurre egiteko laguntza mugatzean.

Iturria: UPV/EHU prentsa bulegoa: Gibeleko metastasia % 80 txikiagoa, tumore-zeluletara iristen diren odol-hodiak murriztuz

Erreferentzia bibliografikoa

Marquez, Joana et al., (2018). Targeting liver sinusoidal endothelial cells with miR-20a-loaded nanoparticles reduces murine colon cancer metastasis to the liver. International Journal of Cancer, 143(3), 709-719. DOI: https://doi.org/10.1002/ijc.31343

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.