Asteon zientzia begi-bistan #195

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Antropologia

Afrikako ekialdean duela 300.000 urte inguru bizi ziren gizakiek distantzia handietan lehengaiak garraiatzen zituztela proposatu du ikertzaile talde batek. Lehen “merkataritzaren” hastapenak lirateke hauek. Tresnen artean, bereziki deigarriak dira landutako obsidianak. Obsidiana sumendien inguruan magma arin hoztearen ondorioz sortzen den beirazko arroka da. Science aldizkarian garai horretan izandako ingurumen aldaketak aztertu dituzte. Aurkitutako animalien fosilei esker berreraiki ahal izan dute kliman izandako bilakaera. Duela 800.000 bat urte ingurune hezea zegoen; baina eskualdeak lehorrera jo zuen. Hipotesiak dio elikagaien eskuragarritasunean egondako gorabeherak zirela eta, gizakiek etorkizunean etor zitezkeen bolada txarren aurrean prestatu zituztela haien buruak.

Biokimika

Beldurraren eta antsietatearen mekanismoak ikertzeko Caenorhabditis elegans zizarea erabiltzen ari dira. Bere predatzaile naturalak jariatzen dituen sulfolipidoak lurrean jarrita, bere burua babesten du: sulfolipidoak sumatzen dituenean, norabidea aldatzen du eta arrautzak jartzeari uzten dio. Jariakin horien presentzia hutsak lau zirkuitu neuronal aktibatzen ditu! Salk Institutuak egin du ikerketa eta ondorioztatu du erantzun neuronala oso antzekoa dela zizare eta gizakietan.

Biologia

Ez dago narra-txakurrak baino ugaztun gogorragorik eta erresistentzia handiagokorik. Are gehiago, posiblea da erresistentzia fisiko handiena duten ugaztunak izatea. Inuitek betidanik erabili dituzte garraiorako, eta Kanadako Iparraldea eta Alaska kolonizatu zuten europar jatorrikoentzat ere, ezinbestekoak izan ziren, ez baitzegoen beste animaliarik antzeko zereginak baldintza gogorrenen menpe bete zezakeenik. Datozen asteotan, haien fisiologia-ezaugarriak azalduko dizkigute. Adi!

Erleak bizirik mantentzea da erlezain askoren kezka egun. Udaberriro berritu behar dute erle kopurua; urtero %30 eta %40 inguru galtzen dituzte, eta, gaur egun normaltzat hartzen bada ere, Mikela Untsain erlezainak ohartarazi du hori ez dela normala. Zeintzuk dira arrazoiak? Ugari daude: lore barietate gutxiago, kutsadura, eritasunak eta Asiako liztorra. Horietan artean bada bat adituek azpimarratu dutena: prestakuntza. Aurtengo negua hezea eta luzea izan denez, horrek ere eragina izan du. “Erlea multzo txiki bat izaten da neguan, 10.000 eta 15.000 ingurukoa, eta gero, eguraldi onarekin, handitu egiten da, kopuruz zein tamainaz, 40.000, 50.000 edo 60.000ko kolonia izateraino. Hori atzeratu egin da”, azaldu du Egoitz Galartza Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko albaitariak.

Bioteknologia, mikrobiologia aplikatua

Lupulurik gabe garagardoari lupulu-zaporea ematea lortu dute. Nola? Garagardoa egiteko erabiltzen den legamia eraldatuta. Ikertzaileek geraniola eta linaloola sortzeko gai den legamia sortu dute. Bi molekula horiek lupuluaren olio esentzialaren parte dira, eta lupulu-zaporearen erantzule nagusiak. Mendaren eta albakaren DNA txertatu dute legamiarenean eta horrela lortu dute lupulu-zaporea. Elhuyar aldizkariak kontatu digu horren inguruko lana.

Ingeniaritza

MIT-Massachusettseko Teknologia Institutuko (AEB) ikertzaileek Twitter sarean 2006tik 2017ra zabaldu diren 160.000 mezu jario aztertu dituzte. Guztira, 3 milioi lagunek ingelesez zabaldutako mezuak kontuan hartu dituzte. Emaitza, etsigarria: albiste faltsuak azkarrago eta zabalago hedatzen dira benetakoekin alderatuz gero. Horretaz gain, konturatu dira gizakiak omen direla albiste faltsu gehien zabaltzen dutenak eta ez botak. Albiste horiek eragiten dituzten emozioak ere ikertu dituzte. Zurrumurru faltsuek, adibidez, sorpresa, beldurra eta atsekabea eragiten dituzte. Benetako albisteak, berriz, tristura, ikusmin, alaitasun eta konfiantza iturri dira.

Matematika

Robert Langlands kanadarrak irabazi du 2018ko Abel saria, matematikaren hainbat diziplina bateratu izanagatik. Orain saritu duten teoria 1967an garatu zuen eta hartan matematikaren bi esparru lotu zituen: zenbakien teoria eta analisi armonikoa. Norvegiako Zientzien eta Letren Akademiaren arabera, “pentsatzeko modu berria ekarri du” alorrera.

Medikuntza

Minbizia sakonean ezagutzeko beste atal bat izan dugu aste honetan irakurgai. Kasu honetan, minbizi-zelula amak izan dira protagonistak. Baina tumoreetan daude zelula horiek azaldu aurretik, testuaren egileek lehenik tumoreen heterogeneotasuna zer den azpimarratu dute. Tumore baten barruan, minbizi-zelula guztiak ez dira berdinak eta azpipopulazio desberdinak aurki daitezke. Minbizi-zelula amak dira azpipopulazio horietako bat. Hainbat zelula ama desberdindu ahal ditugu beren potentzialitatearen arabera. Horrela, badaude zelula ama totipotenteak, pluripotenteak, multipotenteak, eta unipotenteak. Horrela garatzen goazen heinean gure gorputzeko zelulek potentzialitatea galtzen dute eta azkenik gure organoetan multipotente edo unipotenteak baino ez dira gelditzen ehunak berriztatzeko. Ama-zelulek garapenean egiten duten bidea ondo irudikatu zuen Waddingtonek. Irakurri artikulua osorik jakiteko zein den minbizia eta Waddingtonek egin zuen irudiaren artean.

Nanopartikulak baliatuta odol hodien hazkuntza txikitu eta modu honetan arratoietan koloneko minbiziak eragindako gibeleko metastasia %80 gutxitzea lortu dute. Organo batean hazten ari den tumore bateko zenbait zelula askatu, beste organo batera iritsi eta hura kolonizatzen dutenean gertatzen da metastasia. Ohiko odol hodietan ez bezala, tumore zelulek bidaltzen dizkieten seinale batzuk tarteko, zelula endotelial normalak baino gehiago hazi, metastasi masarantz mugitzen dira eta tumore zelulei hazten laguntzen diete. Zelula endotelial horiek jasaten duten aldaketa hori ikertu dute. miR-20a aukeratu dute –zelula endotelial osasuntsuetan agertzen da elementu hori, baina ez tumorearen eraginpean daudenetan– eta elementu hori desagertzearen ondorioz, zelula endotelialetan proteina batzuk agertzen direla eta orduan aldatzen dela haien portaera, orduan hasten direla hazten eta mugitzen ikusi dute ikertzaileek.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.