Narra-txakurren balada

Animalien aferak · Dibulgazioa

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Igeri egiten, lasterka egiten, hegan egiten


Ruper Ordorikaren Memoriaren mapan diskoko lehen kantaren hitzak balada batekoak dira. Diskoan esaten denaren arabera, Guram Sulakauri abenturazale eta iraultzaile georgiarrak idatzitako balada bateko hitzak dira.

Irudia: Erresistentzia fisiko handienetakoa edo agian handiena duten ugaztunak dira narra-txakurrak.

Diskoko testuaren arabera, Guram Sulakauri inuitekin bizi izan zen Groenlandian eta baliteke geroago ere inuitekin bizi izana, Errusiako iraultzaren ondoren, Stalin-engandik alde egin zuenean. Ondo ezagutu zituen inuitak eta inuiten txakurrak, zalantzarik ez dago. Ruper Ordorikak abesten duen baladaren hitzak 1914 urtekoak dira eta narra-txakurrak ditu protagonista:

«Balea hezurrez eginiko lera daramazuen
zakur begi urdinok, aiaiai,
zer dela eta zoazte ipar haizearen kontra
elur eternalezko lautadetan barrena.

Izotzezko itsaso mortuari azkura egiten diozuen
zakur salbaia eta gosetuok, aiaiai,
nor da zuen jabe, zein dama zuri zerbitzatzen duzue
latigopean, aho behelainozko bidean.

Zein helburu, zein mandatu, zein fantasiagatik
lehertzen zarete ekinean, aiaiai,
baldin eta helburua, mandatua, fantasia
ez bada sekula zeuena izanen.

Gizajendea igloo tipira sartuko denean
zuek kanpoan geratuko zarete, aiaiai,
zeuetako lagun ahulena akabatu beharko duzue
gosea berdindu beharrez.

Itzal luzeen herrialdeko zuritasun eternaleko
zakur zuri proletariook, aiaiai,
ez duzue zaunka egiten eta, uluka,
oihan epeletako otsoen antza duzue.»

Baladak ederki adierazten du zein gogorra den narra-txakurren bizitza. Seguru asko, ez dago txakur horiek baino ugaztun gogorragorik eta erresistentzia handiagokorik. Narra-txakurrak baitira erresistentzia fisiko handienetakoa edo agian handiena duten ugaztunak. Inuitek betidanik erabili dituzte garraiorako, eta Kanadako Iparraldea eta Alaska kolonizatu zuten europar jatorrikoentzat ere, ezinbestekoak gertatu ziren, ez baitzegoen beste animaliarik antzeko zereginak baldintza gogorrenen menpe bete zezakeenik.

Hainbat tokitan oraindik garraiorako erabiltzen badituzte ere, lera-lasterketetan parte hartzeagatik ikertu izan dira txakurrok. Horri esker dakigu txakur horiei buruz dakigun guztia edo gehiena. Datozen hiru ataletan haien fisiologia-ezaugarri nagusiak aurkeztuko ditugu.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.