«The Copper Basin 300» lasterketako txakurrak

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Igeri egiten, lasterka egiten, hegan egiten

———————————————————————————————————–

Aurreko atalean ikusi dugun bezala, narra-txakurrak dira erresistentzia fisiko handienetakoa edo agian handiena duten ugaztunak. «The Copper Basin 300» izena du narra-txakurrek parte hartzen duten lasterketa horietako batek.

Irudia: “The Copper Basin 300” lasterketan txakurrek 490 km egiten dituzte 70 ordutan.

Txakurrek 490 km-ko distantzia egiten dute, eta lasterketak 70 orduko iraupena du, atsedenak barne. Beraz, 7 km h-1-koa da txakurren batez besteko abiadura. Lasterketa, -35 °C eta -10 °C tartean alda daitezkeen tenperaturetan burutzen da. Era horretako lasterketen artean ez da gogorrena, ez eta gutxiagorik ere, baina ezin esan proba samurra denik ere.

«The Copper Basin 300» lasterketan parte hartzen duten txakurrek egiten duten ahaleginaren erakusle ezin hobeak dira txakurren metabolismoaren parametro nagusiak. Txakurrek, eguneko 47.100 kJ-ko energia-gastua egiten dute lasterketa-egunetan. Kontuan hartzen badugu entrenamendu bera duten baina bizimodu normala duten txakurrek korrika egin gabe eguneko 10.500 kJ gastatzen dutela, berehala ohartzen gara 4’5 bider handiagoa dela lasterka egiteari dagokion gastua.

Energia-gastuari dagozkion horiek bat datoz aurreko atalean eman ditugun narra-txakurren bihotz-funtzioaren datuekin. Korrika egiten ari direnean 300 min-1-ko bihotz-taupada dute eta hori da gutxi gorabehera espero genezakeena, korritzen ez duen txakur baten batez besteko taupada-maiztasuna 70 min-1-ko ingurukoa dela onartzen badugu[1].

Eman ditugun energia-gastuaren datu horiek behar bezala balioztatzeko, azter dezagun kontua beste ikuspegi batetik. Baldintza artikoetan aritzen diren eta jarduera-maila oso altua duten soldaduek 29.800 kJ gastatzen dute eguneko, eta Frantziako Tourrean lehiatzen diren ziklistek 33.000 kJ. Jakina, kirolari horien masa txakurrena baino hiru bider handiagoa da gutxi gora-behera, eta datuak ezin erka daitezke besterik gabe. Egokia den zuzenketa eginez[2] ateratzen diren gastuak hauek dira: 14.000 kJ soldaduena eta 15.000 kJ ziklistena. Narra-txakurrena hiru bider handiagoa da! Harritzeko modukoa, bai, txakur horiek garatzen duten jarduera-maila, horri baitagokio egindako gastua. Hasieran esan bezala, ez dago, seguru asko, narra-txakurrak bezalako ugaztunik.

Oharra:

Lasterketan parte hartu aurretik 3 hilabeteko (1.800 km) entrenamendua egindako txakurrei dagozkie hemen aurkezturiko datuak. Txakurrek, batez beste 24’3 kg pisatzen zuten lasterketa hasi baino lehen eta 23’2 kg, bukatu ondoren. Jana ad libitum eman zitzaien lasterketan zehar, eta eguneko 44.600 kJ-eko energia metabolizagarria barneratu zuten. Kontuak atereaz gero, galdutako pisua (1’1 kg) bat dator, gutxi gorabehera, energia-balantzeari dagozkion datuekin (energia-sarrera = 44.600 kJ d-1 eta energia-gastua: 47.100 kJ d-1).

[1] Lo dauden txakurren maiztasuna 40-60 min-1-koa zen eta ibilian dabiltzanena 80-100 min-1-koa. Pentsatzekoa da bizimodu normala duen txakur baten jarduera-maila bi horien artekoa izango dela.

[2] Animalia handiek txikiek baino energia-gastu handiagoa dute, baina gastua ez da tamaina handitzen den neurri berean handitzen. Gastuaren (r) eta tamainaren (W) arteko harremana ezaguna da eta r1=r2(W1/W2)0’75 ekuazioa erabiliz kalkula daiteke W1 masa duen animalia baten energia-gastua (r1), beste animalia baten masa (W2) eta energia-gastua (r2) ezagunak badira.

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso du.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>