Labanak egiteko erabiltzen dugun sutik sortutako beira

Dibulgazioa · Kolaborazioak

4 min

Labanak egiteko erabiltzen dugun sutik sortutako beira

A Song of Ice and Fire (Izotz eta Suzko Abestia) izeneko eleberrien sagan edo, lehenengo eleberriaren izenarekin telesail bihurtutako bertsioan, Game of Thrones (Tronuen Jokoa edo Tronuen Dema), azaltzen digute ibiltari zuriak akabatzeko gai den material bakarra bidriagoia dela, valyrio hizkuntzan su izoztutzat ere ezaguna. Material natural hori Valyria eta Mendebaldeko sumendi guneetatik dator, eta asko dago Dragonstonen. Steven Universe animazioko telesailean, Steven, Granate, Ametista eta Perla pertsonaiek bat egiten dutenean, beltz koloreko pertsonaia ikaragarria sortzen da. Honek barnetik labazko ibaiak ditu eta ahotik suzko ezpata, Obsidiana, ateratzeko gai da. Eta Minecraft bideojokoan aritzen bagara eta laba metatzeko putzu bat eraiki eta ura botatzen badiogu, jokoak saritu egingo gaitu, ezohikoa, oso gogorra baina aldi berean hauskorra den material batekin, zeina, hara! obsidiana den.

Obsidiana
1. irudia: obsidiana beltzaren zatia; azaleran maskor itxurako haustura ikus daiteke (kurba itxurak emanez) eta goialdean aho mehea. Argazkia: James St. John. Iturria: Wikimedia Commons

Kultura herrikoian material geologiko erreala agertzen den hiru adibide eman dizkizuet, gizakiaren garapen sozial eta historikoan zein garrantzitsua izan den azpimarratzeko eta, gaur egun, deigarria izaten jarraitzen duela erakusteko. Obsidiana arroka bolkanikoa da, silize (SiO2) ugari duen laba oso azkar hozten denean sortzen dena. Hori gertatzen denean, laba osatzen duten molekulek ez dute nahikoa denbora kristal egitura ordenatuaren arabera antolatzeko. Hala, solido amorfoa denez, ezin dugu obsidiana mineraltzat hartu, eta beira bolkaniko gisa sailkatu ohi da. Eta, nahiz eta normalean beltza eta dirdiratsua den, kolorea materialaren osaeran dauden elementu kimikoen araberakoa da. Burdinak ematen dio beltz kolore hori; magnesioak, adibidez, berdexka kolorea ematen dio; eta kaltzioak tonu marroi eta grisaxkak ematen dizkio.

Hala ere, obsidianaren ezaugarri nagusia da geologian maskor itxurako haustura deritzoguna duela. Horrek esan nahi du zatitzen dugunean kurba sortzen duela; ondorioz, ertz oso mehe eta zorrotza duten harri puska finak askatzen ditu. Ezaugarri horren ondorioz, historian zehar gizakien hainbat zibilizazio askorentzat objektu material oso interesgarria izan da, obsidiana labanak, lantza puntak, geziak eta beste objektu zorrotz batzuk egiteko erabili baita.

Mundu osoko aztarnategietan aurkitutako proba arkeologiko batzuek erakutsi dute arroka bolkaniko hori mozteko tresna gisa erabili zela Paleolitikoaren amaieratik eta Neolitikoaren hasieratik. Hala ere, batez ere armetan obsidiana erabiltzeagatik ospea lortu duten zibilizazioak Erdialdeko Amerikako maia eta aztekak izan dira. Zibilizazio horien aztarnategietan honako hauek aurki ditzakegun: labanak ─zeremonialak nahiz egunero erabiltzekoak─, lantza puntak eta geziak, edo gehien txunditzen nauena, macuahuitl izenekoa, egurrezko lantza baten modukoa. Azken hau bi eskuekin erabiltzen zen, eta bi muturretan obsidianazko puska oso zorrotzak zituen. Horiei esker historia osoko japoniar katana ugari baino zorrotzagoa zen.

Obsidiana
2. irudia: José Antonio Casanova Menesesek egindako macuahuitl baten birsorkuntza, XVII. mendeko espainiar kodexetan dauden deskribapenetatik abiatuta. (Argazkia: Arjuno3. Iturria: Wikimedia Commons)

Obsidianaren beste bitxikerietako bat da antzinako herrien artean merkataritzako eta materialak trukatzeko jardueren froga arkeologiko gisa hartu izan dela. Hori frogatzeko, obsidianaren osaera kimikoan dauden eta lehen aipatu ditudan aldakuntza txikiak erabili dira, obsidianaren kolorean eragiten dutenak. Zehatzago, erupzio bolkaniko bakoitzak obsidianan aztarna kimiko bereizgarria uzten duenez, tresna litiko bakoitza parekatu daiteke arroka erauzi zen kolada bolkanikoarekin; hala, materialak nondik datozen jakin dezakegu.

Baliagarritasun horren adibide bat emango dizuet, eta, horretarako, berriz ere aztekak aipatuko ditut. Duela gutxi artikulu bat argitaratu da non ikertaldeak ehunaka tresna zorrotz eraikitzeko erabili ziren obsidianen osaera kimikoa aztertu den. Tresna horiek zeremonialak nahiz erabilera arruntekoak dira, eta Mexikoko Tenochtitlan herri handian aurkitu ziren. Aztarna kimiko horren arrastoari jarraikiz, taldeak arroka horietako askoren jatorria aurkitu zuen beste herri batean, baita inperio Aztekaren mugetatik kanpo ere. Lorpen horietako asko ezin zirenez herri etsaiei lapurtutako gerra garaikur hutsak izan, azken ondorioa izan da azteken merkataritza sarea uste baino askoz konplexuagoa zela.

Obsidiana
3. irudia: obsidianaz eginiko xafla duen laban zeremonial azteka. (Argazkia: Daderot. Iturria: Wikimedia Commons)

Hala ere, objektu zorrotzak egiteko obsidiana erabiltzeko ohitura ez zen antzinaroan bakarrik egon. Gaur egun, medikuntzako gero eta profesional gehiagok material geologiko horrekin eginiko tresna kirurgikoak erabiltzen dituzte, hala nola bisturiak edo eskalpeloak. Izan ere, obsidianarekin aho mikroskopiko ia perfektua egin daiteke, ebakidura garbi eta oso zehatzak egiteko, oso azkar orbaintzen direnak. Gainera, obsidiana erabiltzeak ez du erreakzio alergikorik sortzen gizakien ehunetan, eta arazo hori ezin da guztiz ekidin altzairuzko tresnekin.

Testua borobiltzeko lehenengo paragrafora itzuliz, ez nau harritzen obsidiana gure kultura ondarean hain errotuta egoteak Azken finean, nork esan zezakeen benetako mineraltzat jo ezin den produktu amorfo horrek gure eboluzio sozialerako hain garrantzitsuak ziren tresnak ekarriko zituela? Beti diodan moduan, gizakiok naturak ematen digun guzti-guztia erabil dezakegu.

Erreferentzia bibliografikoa:

Matadamas-Gomora, Diego; Nesbitt, Jason; Aguilar Tapia, Rodolfo; López Luján, Leonardo; Sjödahl, Julia; Murakami, Tatsuya; Pastrana, Alejandro (2025). Compositional analysis of obsidian artifacts from the Templo Mayor of Tenochtitlan, capital of the Mexica (Aztec) Empire. Proceedings of the National Academy of Sciences of the United States of America, 122. DOI: 10.1073/pnas.2500095122


Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2025eko urriaren 9an: “El vidrio surgido del fuego con el que hacemos cuchillos“.

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.