
“Intsektuak. Kontatzen duten guztia” erakusketa irailaren 19an iritsiko da Bilbora, intsektuen aparteko aniztasuna herritarrei hurbiltzeko. Animalia-talde horrek ezagutzen diren espezie guztien % 60 eta % 70 artean biltzen ditu. Erakusketa honek, intsektuak zer diren, non bizi diren, nolako anatomia duten eta ingurunearekin zein pertsonekin nola erlazionatzen diren ezagutzeko gonbidapena luzatzen du. EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Nafarroako Unibertsitatearen Zientziak Museoa antolatu dute jarduera hau.
Erakusketaren helburua intsektuekiko jakin-mina piztea bada ere, harago doa: haien biologia, portaera eta ekologia aztertzeaz gain, elikadura-katean eta ekosistemen orekan egiten duten ezinbesteko ekarpena ere erakusten du. Era berean, erakusketa ikuspegi inklusibo eta irisgarri batetik diseinatu da, eta hainbat baliabide eskaintzen ditu intsektuen mundu liluragarria ahalik eta pertsona gehienengana hurbiltzeko.
Bisitariek erleen, kakalardoen, tximeleten, eulien, inurrien edo burruntzien forma eta kolore harrigarriak ezagutzeko aukera izango dute; baita uretan, airean, basoetan edo labore-lurretan bizitzeko garatu dituzten egokitzapen konplexuak ere. Erakusketak intsektuekiko miresmena pizteaz gain, haien babesa, habitatak mantentzeak eta biodibertsitatea zaintzeak duen garrantziaz kontzientziatu nahi du.
Espazioa irailaren 19tik urriaren 4ra egongo da ikusgai Bilbon, Bizkaia Aretoa-EHUko Axular erakusgelan eta sarrera doakoa izango da. Erakusketaren ordutegia honakoa izango da: astelehenetik ostiralera 08:00etatik 20:00etara, larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara. Azken egunean, alegia, urriaren 4an, Sergi Romeu entomologoak tailer bat eskainiko du erakusketa borobildu eta ekimena ixteko.
Erakusketa inklusibo eta irisgarria
Erakusketa publiko guztiari zuzenduta dago, baina bereziki kontuan hartu dira ikastetxeak eta familiak. Ibilbidea modu koherentean antolatuta dago bisitaria gidatzeko. Gainera, informazio-panelak eta grafikoak, proiekzioak, terrarioak, lupak, intsektu-kutxak eta esperientzia aberasten duten beste hainbat elementu interaktibo uztartzen ditu.
Gainera, erakusketak irisgarritasun-baliabide ugari eskaintzen ditu, besteak beste, irakurketa errazeko testuak, kontraste, kolore eta antolamendu irizpide egokituak dituzten irudiak; azpitituludun ikus-entzunezkoak, braillezko informazio-liburuxkak, ukitzeko moduko 3D elementuak eta gurpildun-aulkiaren altueretara egokitutako beira-arasak.
Jarduera hau Bilbo Zientzia Plaza (BZP) 2026 festibalaren parte da. Irailaren 16tik urriaren 4ra bitartean, BZPren bederatzigarren edizioak zientziaz beteko du Bilbo, hitzaldi, erakusketa, ikuskizun, tailer eta beste hainbat jarduerekin.
Intsektuak. Kontatzen duten guztia
- Data
- Ordutegia
- 10:00etatik 14:00etara
- Tokia
- Bizkaia Aretoa – EHU. Axular erakusgela.
- Helbidea
- Abandoibarra etorbidea, 3. , Bilbo.