Nola jakin noiz hasi eta noiz amaitzen den era geologiko bat?
“Gazte-galderak” egitasmoak DBHko ikasleen zalantzak, galderak eta zientzia ikusminari erantzutea du helburu. EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta The Conversation plataformaren ekimena da eta zientzialari adituen dibulgazio-artikuluen bidez ematen diote erantzuna gazteen jakin-minari.
Berrizko Berriz Ikastolako 3. DBHko ikasleen galdera: Nola jakin noiz hasi eta noiz amaitzen den era geologiko bat?
Lurraren ia 4 600 milioi urteko historia abentura liburu handi baten antzekoa da, zeinean orrialde bakoitza arroken geruza bat den. Eta, nobela on orok bezala, historia horrek ere hainbat zati ditu: kapituluak, azpikapituluak, atalak, paragrafoak… Hala, hobeto jarrai diezaiokegu narrazio hariari, hobeto uler dezakegu nola, noiz eta zergatik gertatu diren gure planeta eratu duten aldaketak.
Konparazio horrekin aurrera eginda, era geologikoak Lurraren historia kontatzen diguten azpikapituluekin pareka ditzakegu. Baina, hori ulertzeko, has gaitezen hasieratik.

Lurraren egutegi ofizial gisa erabilitako taula bat
Nazioarteko Taula Kronoestratigrafikoa, “denbora geologikoen taula” izenez ere ezaguna, Lurraren historia geologikoa ordenatzen duen eskala da. Horretarako, denboraren azpisailen hierarkia bat erabiltzen du, maila handienetik txikienera.

Geologiaren arloko erakunde zientifikoa den Estratigrafiaren Nazioarteko Batzordeak gainbegiratzen du haren definizioa eta eguneratzea. Unitate geokronologikoak dira erakunde horrek taulako banaketak definitzeko erabiltzen dituen irizpideetako bat. Hitza grekotik dator, eta “Lurraren denboraren azterketa” gisa itzultzen da.
Hortaz, unitate horiek denbora tarteak dira, eta horien hasiera eta amaiera puntuak gaur egun baino lehenago geratutako adin absolutu gisa (milioika urtetan adierazita) definitzen dira. Haien zenbakizko balioa kalkulatzeko, arroken datazio erradiometrikoa erabiltzen da. Metodo horrek “erloju atomiko” gisa funtzionatzen du, eta materiaren etengabeko desintegrazio naturala baliatzen du.
Bana ditzagun denbora unitateak geologian
Era geologikoak dira Lurraren historia banatzeko erabiliko ditugun unitate geokronologikoetako bat. Lehenik eta behin, eonak daude. Eonek ehunka milioi urtetik milaka milioi urtera arteko denbora tarteak hartzen dituzte. Erak, berez, bigarren mailako unitateak dira, eta historiaren hamarka milioi urtetik ehunka milioi urtera bitarteko tarteak hartzen dituzte.
Nazioarteko taula kronoestratigrafiko eguneratuenean, hamar era geologiko aurkitzen ditugu, zaharrenetik berrienera:
- Eon Arkearra: Eoarkearra (duela 4 031 milioi urtetik duela 3 600 milioi urtera arte). Paleoarkearra (3 600-3 200 milioi urte), Mesoarkearra (3 200-2 800 milioi urte) eta Neoarkearra (2 800-2 500 milioi urte).
- Eon Proterozoikoa: Paleoproterozoikoa (2 500-1 600 milioi urte), Mesoproterozoikoa (1 600-1 000 milioi urte) eta Neoproterozoikoa (1 000-539 milioi urte).
- Eon Fanerozoikoa: Paleozoikoa (539-252 milioi urte), Mesozoikoa (252-66 milioi urte) eta Zenozoikoa (66 miloi urtetik gaur egunera arte).
Nola definitzen dira era geologikoen mugak?
Denbora tarte geologikoen taulako banaketa handiagoak direnez, eren arteko mugak Lurraren historiako aldaketa handietan oinarritzen dira. Bestela esanda, une horretatik aurrera arroketan aurkituko duguna aurretik ikusitakoa ez bezalakoa izango da. Horrez gain, aldaketa horiek erregistro globala izan behar dute. Hau da, mundu osoko arroketan gordeta egon behar dute.
Era geologikoen arteko mugak definitzeko, hiru motatako gertaera globalak daude: aldaketa biologikoak, ingurumen-aldaketak eta aldaketa tektonikoak.
Aldaketa biologikoak desagertze masiboko gertaerak edo eboluzio prozesu handiak dira. Aldaketa horiek arroketan markatuta geratzen dira fosilei esker. Horixe da irizpide nagusia eon Fanerozoikoaren hiru eren hasiera definitzeko:
- Kanbriarreko leherketak eman zion hasiera era Paleozoikoari. Lehenengo organismo konplexuak agertu ziren, oskol sendoak zituztenak eta itsas hondoko lokatzean lurperatzeko gai zirenak.

- Era Paleozoikoaren eta Mesozoikoaren arteko muga Permo-Triasikoko iraungipena izan zen, Lurraren historian erregistratu den suntsipen masibo handiena. Planetako espezieen % 95 baino gehiago desagertu ziren, eta horrexegatik deitzen zaio “Heriotza Handia”.
- Eta era Mesozoikoaren eta Zenozoikoaren arteko muga azken 500 milioi urteetako bosgarren eta azken suntsipena izan zen, alegia, Kretazeo-Paleogenoko iraungipena. Espezieen % 75 baino gehiago desagertu ziren, bai eta ospetsu egin duen multzoa ere: dinosauro ez hegalariak (hegazti ez zirenak).
Bigarrenik, muturreko ingurumen edo klima-aldaketek barne hartzen dituzte planeta osoan atmosferaren edo ozeanoen osaera aldatu zuten gertaerak.

Oso adibide adierazgarria da era Paleoproterozoikoari hasiera eman zaion Oxigenazio Gertaera Handia. Laburbilduz, oxigeno gaseosoaren kopuru handiko atmosfera bat sortu zen, zianobakterio izeneko mikroorganismoen jarduera fotosintetikoari esker. Horrek baldintzatu egin zuen, une horretatik aurrera, bizitzaren bilakaera gure planetan.
Eta hirugarrenik, aldaketa tektonikoak plaka tektonikoen mugimenduaren ondorioz sartutako prozesuak dira. Bereziki, superkontinente eta mendikate handien sorrera dira. Era Eoarkearraren eta Paleoarkearraren arteko muga definitzen duen gertaera multzo honetan sartzen da; orduan sortu zen Lurraren historiako lehenengo superkontinentea: Vaalbara.

Urrezko iltzeak
Aztertu dugun denbora tarte geologikoen taulan, txintxeta hori batzuk agertzen dira maila baxueneko azpibanaketen biren arteko mugen adin absolutuaren ondoan. Urrezko iltzeak dira.

Sinbolo horrek adierazten du, azpibanaketa horretarako, estratotipo bat definitu dela. Izen konplexu horrekin izendatzen dira mundu osoan muga hori hobekien erregistratzen duten arroka geruzak. Eta hori ez da batere erraza; izan ere, arroka horiek bete egin behar dituzte betekizun geologiko oso zorrotzak:
- Denbora erregistro jarraitua eta zehatza izan behar dute, kontatzen diguten historian etenik gabea.
- Ondo kontserbatuta egon behar dute, eta guztiontzat eskuragarri den leku batean egon.
- Mundu mailan argiak eta ezaguterrazak diren seinaleak izan behar dituzte, hala nola zenbait fosil agertzea edo desagertzea, aldaketa kimikoak edo gertaera geologiko oso garrantzitsuak.
- Adin absolutu zehatz baten bidez (milioika urtetan adierazita) datatzeko modukoak izan behar dute. Hala, munduko gainerako lekuetarako “erloju geologiko” gisa funtzionatzen dute.
Ezaugarri horiei esker, geologoek denbora aldaketa horiek antzeman ditzakegu planetako beste leku batzuetan aurkitzen ditugun arroketan. Estratotipo horiek nabarmentzeko modua da urrezko iltzea jartzea.
Iberiar penintsulan zazpi estratotipo definitu dira, eta urrezko iltzea jarri zaie. Honako probintzia hauetan aurki ditzakegu: Murtzia, Sevilla, Guadalajara, Nafarroa, Bizkaia eta Gipuzkoa (bi).
Eon Fanerozoikoaren hiru era geologikoek urrezko iltzeak dituzten sekzioak dituzte; aurreko eretan, ordea, oraindik ez da aurkitu lekurik arroka zaharrenek lehen aipatutako betekizun guztiak betetzen dituztenik. Oro har, oso hondatuta egoten dira, ez dute ia fosilik, ez dira agertzen denbora sekzio jarraituetan, eta ez dira ondo kontserbatuta egoten.
Beraz, nahiz eta Lurraren historiaren zatirik handiena kontatzen diguten, ez dute “txintxeta horirik” izaten.
Egileaz:
Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
Artikulu hau The Conversation plataformako Júnior atalean irakur daiteke gaztelaniaz: ¿Cómo se sabe cuándo empieza una era geológica y cuándo acaba? 12-16 urte bitarteko ikaslea bazara eta zientziaren inguruko galderarik izanez gero, bidali helbide honetara: kzk.komunikazioa@ehu.eus