Anais Möller: «Kosmologia oso arlo poetikoa da»
Anais Möller Melbourneko (Australia) Swinburne of Technology Unibertsitatean irakasle titularra da. Fisika ikasi zuen Venezuelako Simón Bolívar Unibertsitatean, eta doktoregoa Université Paris Diderot unibertsitatean egin zuen, Sorbonan (Frantzia).
Kosmologia behatzailean, denbora domeinuko astronomian eta datu base handietarako adimen artifizialeko metodoen erabileran egiten du lan. Fink proiektuaren ikertzaile nagusia da. Fink kode irekiko broker astronomikoa da, Vera C. Rubin Behatokiaren datuak denbora errealean prozesatzen dituena. 28 herrialdetako 130 ikertzaile eta ingeniari baino gehiago konektatzen ditu, Unibertsoan gertatzen diren gertaera leherkorrenak eta misteriotsuenak bilatzeko.

Zein da zure ikerketa arloa?
Nire espezialitatea kosmologia da; hau da, gure Unibertsoaren funtsezko elementuak aztertzen dituen zientzia. Eta, zehatzago esanda, izarren leherketekin lan egiten dut, supernoba izenekoekin, Unibertsoa nola hedatzen den neurtzeko. Neurketa horiek gure Unibertsoko osagairik handienaren eta misteriotsuenaren eragina erakusten digute: energia ilunarena.
Nire ibilbidean zehar, neurketa horretan ez ezik, supernobak eta Unibertsoko muturreko beste eztanda batzuk aurkitzeko eta ulertzeko modua hobetzeko metodo berriak garatzen ere espezializatu naiz. Datuak beste modu batera aztertzeko hainbat metodo garatu ditut, bereziki adimen artifizialeko metodoak datu base astronomiko handietan aplikatzeko.
Zergatik aritzen zara arlo horretan?
Jakin-minagatik! Beti izan dut jakin-min handia. Unibertsoak nola funtzionatzen duen ulertzea gustatzen zait, baina, batez ere, erantzunak ez ditugula jakitea gustatzen zait, eta galdera handiei pixkanaka erantzuteko metodoak garatu behar ditugula. Kosmologia, gainera, oso arlo poetikoa da. Gure Unibertsoa funtsean zerk osatzen duen ari gara deskubritzen, eta horretarako teleskopioen irudi ikusgarriak erabiltzen ditugu.
Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?
Jende askorekin izan dut elkarreragina, eta neure buruari erronka egiten, ohikoaz harago pentsatzen eta inoiz interesatuko zitzaizkidala uste ez nuen gaiekiko gogo handia pizten lagundu didan jende asko ezagutu dut. Zientzia jarduera kolektiboa da. Oso gutxitan egiten dugu lan bakarrik, bakoitza bere txokoan. Hori beharrean, askotariko gaitasunak, ezagutzak eta esperientziak dituzten talde handietan egiten dugu lan.
Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?
Galdera asko. Datozen urteetan, Unibertsoaren hedapena behar bezain zehaztasun handiz neurtzea espero dut, energia iluna denbora kosmikoan zehar konstantea den ala ez jakin ahal izateko. Duela gutxi, horri buruzko ebidentzia posibleak ikusi ditugu, baina neurketa hobeak eta zehatzagoak behar ditugu. Bestalde, oraindik ez dugu oso ondo ulertzen izarrek nola eztanda egiten duten, ezta zer izar sistemak eragiten dituzten eztanda horiek ere. Izugarri gustatuko litzaidake hori guztia datozen urteetan argitzea.
Asko motibatzen nauen beste gauza bat da lanean ari naizen teleskopio berriei esker izarren eztanda berriak eta inoiz ikusi ez ditugun muturreko gertaerak ikusi ahal izango ditugula. Fenomeno berriak eta fisika berria deskubritzea oso zirraragarria izango litzateke!
Zein aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?
Gauza asko datozkit burura! Jakin-mina landu behar da, eta ez dugu beldurrik izan behar galderak egiteko, ezta batzuetan huts egiteko ere. Zerbait berria probatzea oso garrantzitsua da; izan ere, inoiz ez dakigu zein bidetatik etorriko diren emaitzak. Ikerkuntza lana oso ederra da, baina baita oso zorrotza ere. Ez da nahikoa ilusioa izatea: hilabeteak eman ditzakezun egindako neurketak ulertu gabe edo emaitzak nola interpretatu jakin gabe. Eta halako lanean eroso egoten jakin behar da. Oso garrantzitsua da ezezaguna den horrekin eroso sentitzea. Eta iraunkortasun handia behar da. Ikerketan beti izaten dira une zailak, dena gaizki ateratzen denean edo aurrera egiten ez duzunean. Baina zein ederra den bidearen zati txiki bat egitea lortzen duzunean!
Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko irailaren 19an: Anais Möller: «La cosmología es un área muy poética».
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.
Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.