Lurraren egutegiko estratotipo globalak Euskokantauriar eskualdean

Zientzia eta Teknologiak 50 urte

Xabier Letek zioen bezala, gizakiak badu bere ingurua menperatzeko premia, baina oraingoz gizakiak denbora menperatu ezin izan badu ere, kontrolpean izateko modu bat da denbora neurtzea eta sailkatzea. Horrela, gure bizitzaren denbora eta gure arbasoen bizitzen denbora neurtzeko unitate batzuk asmatu ditugu: segundoak, minutuak, orduak, egunak, asteak, hilabeteak, urteak, eta mendeak.

Denboran atzerago gertatutakoa izan arren gizakiaren historiaren parte diren garaiei buruz hitz egiteko ere denbora sailkatu egiten dugu: Aro Modernoa, Erdi Aroa, Historiaurrea, Burdin Aroa, Brontze Aroa, Neolitoa, Paleolitoa, eta abar. Gizakia sortu aurreko denbora ere sailkatuta daukagu, Lur planetaren historia ordenatzeko erabiltzen den Denbora Geologikoaren Eskalan hain zuzen ere. Nork ez du entzun, adibidez, Jurasiko hitza? Ba Jurasikoa, besterik gabe, duela 145 eta 201.3 milioi urte arteko denbora tarteari eman zaion izena da.

Denbora-unitate geologikoak ez dira edonola definitu. Horretarako, Lurraren 4600 milioi urteko historia luzeko garai batzuetan eratutako arrokak aztertzen dituzte geologoek eta arroken arteko denbora-erlazioak ondorioztatzen dituzte, alegia, zehazten dituzte zeintzuk arroka diren zaharrenak, zeintzuk gazteenak eta zeintzuk bitartekoak. Arroka ugarienak Lurraren historiako azken 500-600 milioi urteetan eratutakoak dira. Horregatik, historia osoaren tarte hori da geologoek hobekien ezagutu ahal izan dutena eta hobekien ordenatu ahal izan dutena. Ordenamendu horretan, 100 oinarrizko denbora-unitate (hots, Adin) definitu dituzte (1. irudia).

Adin bakoitzeko arrokak lehen aldiz aztertu ziren eta hobekien azaleratzen ziren erreferentziazko lekuen izenak erabiliz izendatu zituzten XVIII-XIX. mendeetako geologoek denbora-unitate geologiko nagusiak. Adibidez, Jurasiko izena Frantziako Jura mendietatik dator, bertako arrokak erreferentzia izan baitziren duela 145-201.3 milioi urte arteko historia geologikoa ezagutzeko. Era berean, Jurasiko garaiaren barnean eratutako arroken artean Oxforden azaleratzen direnak izan ziren duela 157-3-163.5 milioi urteko denbora-tartea definitzeko oinarria, egun Oxfordiar Adina deritzoguna. Esan beharrekoa da XX. mendearen erdialdean Europa erdialdeko zenbait geologok proposamena egin zutela Biarritziar Adina (duela 38.5-41.2 milioi urte arteko denbora-tartea) definitzeko Lapurdiko Miarritzen azaleratzen diren arroketan oinarritutik; hala ere, Nazioarteko Estratigrafiako Batzordeak eta Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasunak ez zuten proposamena onartu, konturatu baitziren XIX. mendean Frantzian eta Ingalaterran definitutako beste bi denbora-unitatek hartzen zutela beren baitan Biarritziarraren denbora-tarte berbera.

Kontua da XVIII-XIX. mendeetan definitutako denbora-unitate geologikoek ez zutela gaur egungo zientziak behar duen zehaztasuna. Izan ere, arroken adina ondo ezagutu behar da Lurraren historian izandako gertakariak (lurrikarak, suntsipen biologikoak, tsunamiak, berotze globalak, meteoritoen talkak…), eta euren efektuak ondo ezagutzeko eta, honela, egungo eta etorkizuneko antzeko gertakarien eraginak aurreikusi ahal izateko.

Arroken adina ere zehatz ezagutu behar da, Lurraren barnean gordeta dauden baliabide naturalak (hidrokarburoak, mineralak, bestelako lehengaiak) ahalik eta erarik eraginkorrenean aurkitu eta ustiatzeko.

Hau guztia dela eta, azken hamarkadetan Denbora Geologikoaren Eskalako unitateak zehazki definitzen ari dira Nazioarteko Estratigrafiako Batzordea eta Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasuna. Horretarako, denbora-unitate geologiko guztien mugetako historia zehazkien gordetzen duten arroka-azaleramenduak bilatzen dira, azaleramendu horiek adin bakoitzaren mundu mailako erreferentzia bakar (hots, Estratotipo Global) izan daitezen. Adin-muga bakoitzerako aukeratutako azaleramenduan Estratotipoa zehazten duen urre-koloreko iltzea ezartzen da.

1. irudia: Denbora Geologikoaren Eskala. Urre-koloreko iltzeak dauzkaten Adinek ofizialki definitutako Estratotipo Globalak dauzkate. Horietako bost Euskokantauriar eskualdean daude. (Iturria: Nazioarteko Estratigrafia Batzordea)

Gure eskualde geologikoa (hots, Euskokantauriar eskualdea) txikia da, kontinenteen azaleraren %0.02 inguru baino ez baitu osatzen. Hala ere, Nazioarteko Estratigrafiako Batzordeak eta Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasunak bertan definitu dituzte Lurraren historiaren azken 600 milioi urteetako 100 denbora-unitate geologikoen (Adinen) bost Estratotipo Global. Hau da, bost denbora-unitate geologikoren mundu-mailako erreferentzia bakarrak dauzkagu gure eskualdean eta horrek agerian uzten du gure geologiaren aberastasunaren isla. Zaharrenetik gazteenera berrikusiko ditugu denbora-unitate hauek.

Santoniarreko Estratotipoa

Santoniar Adina Frantziako Cognac eskualdeko Saintes herriko arroketan oinarriturik definitu zuen Henri Coquand geologoak 1857an. Nazioarteko Estratigrafiako Batzordeak 2012an adierazi zuen eta Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasunak 2013an berretsi zuen Santoniar Adinaren hasiera markatzen duela Platyceramus undufatoplicatus bibalbio inozeramidoaren lehen agerraldiak, duela 86.3 milioi urte gertatu zenak. Gertakari hori gorde duten hainbat arroka-azaleramendu mundu osoan aztertu ondoren, ikusi zen hobekien zegoela erregistratuta Nafarroako Olatzagutia herriko tupa-harrobian, eta bertan definitu zen Santoniarreko Estratotipo Globala (2. irudia). Urre-koloreko iltzea arroketan ezartzeko ekitaldi ofiziala 2015ean egin zen, zientziako adituen eta gizarteko agintari zibilek hartu zutelarik parte.

2. irudia: Santoniarreko Estratotipo Globala Olatzagutiko harrobian definitzeko 2015ean egindako ekitaldian ezarri ziren panela eta urre-koloreko iltzea. (Argazkia: Aitor Payros)

aastrichtiarreko Estratotipoa

Maastrichtiar Adina Belgikako André Hubert Dumont geologoak definitu zuen 1849an, Herbehereetako Maastricht herri inguruko arrokei buruz aritzeko. Nazioarteko Estratigrafiako Batzordeak eta Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasunak 1999 eta 2001 urteen artean adierazi zuten Maastrichtiar Adinaren hasiera markatzen dutela Pachydiscus neubergicus izeneko amonitearen eta Belemnella lanceolata izeneko belemnitearen lehen agerraldiek, duela 72.1 milioi urte gertatu zirenek. Gertakari horiek gordetzen dituzten hainbat arroka-azaleramendu mundu osoan aztertu ondoren, ikusi zen hobekien erregistratu zirela Akitaniako Landetako Tercis les Bains herriko harrobi batean, Baionatik 40 km inguru NE-rantz (3. irudia). 2017an harrobi hau Erreserba Geologiko izendatu zuten eta Estratotipo Globalaren oroitarria ezartzeko ekitaldi ofiziala egin zen.

3. irudia: Tercis les Bainseko harrobian definitutako Maastrichtiarreko Estratotipo Globalaren inguruan 2017an egindako ekitaldia. (Iturria: Sudouest)

Selandiarreko Estratotipoa

Selandiar Adina Alfred Rosenkrantz geologoak definitu zuen 1924an, Danimarkako Zealand uharteko arrokak izendatzeko. Nazioarteko Estratigrafiako Batzordeak eta Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasunak 2008an onartu eta berretsi zuten Selandiar Adinaren hasiera definitu zutela faszikulitido nanofosil karetsuen bigarren erradiazioak eta honekin batera gertatutako itsas mailaren beherakadak, duela 61.6 milioi urte gertatu zirenek. Gertakari horiek gordetzen dituzten hainbat arroka-azaleramendu mundu osoan aztertu ondoren, erabaki ikusi zen Gipuzkoako Zumaiako Itzurun hondartzan daudela hobekien erregistratuta (4. irudia). Bertan Selandiarreko Estratotipo Globala definitu eta markatzen duen urre-koloreko iltzea ezartzeko ekitaldi ofiziala 2010ean egin zen, zientziako adituen eta gizarteko agintari zibilek hartu zutelarik parte.

4. irudia: Selandiarreko Estratotipo Globala seinalatzen duen urre-koloreko iltzea Zumaiako Itzurun hondartzan ezarri zeneko 2010eko ekitaldia. (Argazkia: Aitor Payros)

Thanetiarreko Estratotipoa

Thanetiar Adina Eugéne Renevier geologo suitzarrak definitu zuen 1873an Ingalaterraren hegoaldean zegoen Thanet uharte-ohiko arroka batzuk izendatzeko (egun ez dago uharterik, Ingalaterratik banantzen zuen kanala padura bihurtu baita). Nazioarteko Estratigrafiako Batzordeak eta Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasunak 2008an onartu eta berretsi zuten Thanetiar Adinaren hasiera markatu zuela duela 59.2 milioi urte gertatu zen eremu geomagnetikoaren alderanzketa batek (C26n deritzon magnetokronaren hasierak hain zuzen ere). Gertakari horiek gordetzen dituzten hainbat arroka-azaleramendu mundu osoan aztertu ondoren, erabaki zen Gipuzkoako Zumaiako Itzurun hondartzan daudela hobekien erregistratuta (5. irudia). Bertan Selandiarreko Estratotipo Globala definitu eta markatzen duen urre-koloreko iltzea ezartzeko ekitaldi ofiziala 2010ean egin zen, zientziako adituen eta gizarteko agintari zibilek hartu zutelarik parte.

5. irudia: Thanetiarreko Estratotipo Globalaren kokapena adierazten duen plaka Zumaiako Itzurun hondartzan. (Argazkia: Aitor Payros)

Lutetiarreko Estratotipoa

Lutetiar Adina Albert Auguste De Lapparent ingeniariak definitu zuen 1883an Paris inguruan nagusi diren arrokak izendatzeko (Lutetia zen Paris hiriaren antzinako izena). Nazioarteko Estratigrafiako Batzordeak eta Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasunak 2011n adierazi eta berretsi zuten Lutetiar Adinaren hasiera markatzen duela Blackites inflatus nanofosil karetsuaren agerpenak, duela 47.8 milioi urte gertatu zenak. Gertakari hori gorde duten hainbat arroka-azaleramendu mundu osoan aztertu ondoren, erabaki zen Bizkaiko Getxo herriko Gorrondatxe hondartzako labarretan dagoela hobekien erregistratuta, eta bertan definitu zen Lutetiarreko Estratotipo Globala (6. irudia). Urre-koloreko iltzea arroketan ezartzeko ekitaldi ofiziala 2012an egin zen, zientziako adituen eta gizarteko agintari zibilek hartu zutelarik parte.

6. irudia: Lutetiarreko Estratotipo Globalaren kokapena seinalatzen duten urre-koloreko iltzea eta plaka Getxoko Gorrondatxe hondartzan. (Argazkia: Aitor Payros)

Bestelakoak

Ofizialki gure eskualdean definitutako Estratotipo Global horietaz gain, bere sasoian Daniar (66 milioi urte) eta Ypresiar (56 milioi urte) Adinetako estratotipoak Euskokantauriar eskualdean definituak izateko proposamenak ere egin ziren.

Nazioarteko Estratigrafiako Batzordeak ez zituen proposamen horiek onartu eta adin horietako Estratotipoak beste lurralde batzuetan definituta daude. Hala ere, Euskokantauriar Arroko azaleramenduen kalitatea balioesteko, horietako batzuk Estratotipo ofizialen osagarri izendatu ditu Nazioarteko Estratigrafiako Batzordeak. Bestalde, Nazioarteko Estratigrafiako Batzordea eta Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasuna oraindik definitzeke dauden estratotipoak aukeratzen ari dira gaur egun. Horrela, Bartoniar (42.1 milioi urte) Adineko Estratotipoa definitzeko aukeretako bat Euskokantauriar eskualdearen mendebaldeko muturrean dago (Oyambreko azaleramendua, San Vicente de la Barquera, Cantabria).

Gehiago jakiteko

  • García-Cortes et al. (2017). “Los estratotipos GSSP españoles: actuaciones para su conservación, acondicionamiento y puesta en valor”. Non: Valenzuela, & Mediavilla (ed.) “El programa internacional de geciencias en España”, Instituto Geológico y Minero de España (Madril), ISBN 978-84-9138-047-4, 31-49 or.
  • Apellaniz, E. et al. (2014). “Euskal kostaldeko estratotipoak: luxu geologiko bat”. Non: Bodego et al. (ed.) “Euskokantauriar arroko eboluzio geologikoa”, Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua (Leioa), ISBN 978-84-9082-056-8, 183-185 or.
  • Payros, A. et al. (2016). “The relevance of Iberian sedimentary successions for Paleogene stratigraphy and timescales”. Non: Montenari (ed.) “Stratigraphy & Timescales 1”, Elsevier (Amsterdam), ISBN 9780128115497, 393-489 or.
  • Gradstein et al. (2012). “The geologic time scale 2012”. Elsevier, Amsterdam.

Egileaz: Aitor Payros irakaslea da UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Estratigrafia eta Paleontologia Sailean.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.