Animalien digestio-hodiaren bidezko landareen sakabanatzeari buruzko bi kasu harrigarri

Dibulgazioa · Kolaborazioak

4 min

Animalien digestio-hodiaren bidezko landareen sakabanatzeari buruzko bi kasu harrigarri

Animaliok elkarrekin kolaboratzen dugu aktiboki landareak sakabanatzeko. Fenomeno horri zookoria esaten zaio. Kasu askotan, harremana mutualista izaten da eta bi aldeentzako onurak ekartzen ditu berekin. Landareek beren sakabanatze esparrua zabaltzen dute eta haien arteko lehia murrizten da. Horren ordez, animaliok saria jasotzen dugu fruitu jangarrien bidez. Endozookoria da haziak animalien digestio hoditik igarotzen direnean eta, gero, ingurumenera itzultzea gorozkien edo berrahoratzearen bidez.

Duela oso gutxi bi artikulu argitaratu dira endozookoriako bi kasu harrigarri deskribatzeko. Lehenengoak buelta bat ematen dio prozesuari; izan ere, jasotzen du karraskarien elikadurara bideratutako haziak kriskitin-sugeek (Crotalus atrox) erreskatatzen dituztela patu horretatik (1. irudia). Fenomeno horri diploendozookoria esaten zaio, eta berriki deskribatu du biologo estatubatuarren talde batek.

kasu
1. irudia: ezkerrean, Parkinsonia microphylla landarea (Argazkia: Stan Shebs, CC BY-SA 3.0 lizentziapean). Eskuinean, goiko aldean, Geomys bursarius karraskaria, paparo bikoitzetan hazien kantitate handia pilatzen duena /Argazkia: jabari publikoa). Beheko aldean, Crotalus atrox kriskitin-sugea. (Argazkia: Gary Stolz – jabari publikoa)

Parkinsonia microphylla (1. irudia) Ipar Amerikako mendebaldeko basamortuetako zuhaixka bat da. Haziak lurrera askatzen ditu maiatza-ekainean, eta udako aldizkako euriteak aprobetxatuta ernamuintzen dira. Karraskari asko, Geomysak, adibidez (1. irudia), hazi horiez elikatzen dira, eta beren paparo bikoitzetan gordetzen dituzte (masailetako poltsak). Eta hortxe sartzen dira jokoan kriskitin-sugeak, karraskariak harrapatzen baitituzte. Harrapakina jan eta digeritzean, haziak 5-7 egunen buruan kanporatzen dira gorozkien artean. Baina, hazi horiek oraindik dira bideragarriak hainbesteko gorabeheraren ondoren?

Ikerketa horretan, desizoztutako laborategiko saguak eman zizkieten sugeei. Eta, sagu horietan Parkinsonia microphyllaren haziak sartu zituzten. Gerora, sugeen gorozkietan berreskuratu ziren hazi horiek. Ondoren, haziak baldintza naturaletan erein zituzten, eta lurretik zuzenean jasotako haziekin alderatu ziren. Jasotako hazien % 28 ernamuindu ziren, eta ehuneko hori sugeen gorozkietatik berreskuratutako hazien ehunekoaren ia berdina izan zen. Are gehiago, haziak sugeen gorozkiekin batera erein zirenean (gernuko uratoak barne), arrakasta ehunekoa % 40ra igo zen. Hau da, sugeek, saguek haziak elikatzeko erabiltzeaz erreskatatzeaz gain, horien bideragarritasuna ere hobetu zuten, ongarritu baitzituzten.

Endozookoriaren beste kasua ere ohiz kanpokoa da, baina horretan ez daude tartean haziak. Kasua ñame (Dioscorea melanophyma) espezie bati buruzkoa da. Landare hori Txinako eta Asiako beste herrialde batzuetako eremu menditsu eta subtropikaletan sortzen da eta tuberkulu formako sustraiak ditu. Bada, ñameek sexuaren bidez ugaltzeko gaitasuna galdu dute, eta bulbilo edo propagulu klonalen bidez —indibiduo berri bat sortzeko gaitasuna duten zelulen multzoak— ugaritzen dira. Landareen artean ez da fenomeno arraroa. Ugalketa asexualak, birkonbinazio genetikoari uko egiten badio ere, bikotea izatearen errekerimendua eta polinizazio-mekanismoak bazter uztea ahalbidetzen du. Eragozpena da propagulu klonalen bidez ugaltzen diren landareek ahalmen oso mugatua dutela sakabanatzeko.

kasu
2. irudia: Dioscorea melanophyma ñamearen bulbiloak (A) Cipadessa bacciferaren baien (B) berdin-berdinak dira. Eskuineko goialdean, ñamearen bulbiloen tamainen tartea (banda arrosa) arlo geografiko horretan hazten diren landareen baien gehiengoaren tamainarekin gainjartzen dira (barra bertikalak). Beheko aldean, bulbiloen (linea gorriak) 300 eta 700 nm arteko argi espektroko erreflektantzia (ultramorea – gorri urruna) baien erreflektantziarekin gainjartzen da. Txertatuak gainjartze berbera azaltzen du datuak mailaketa multidimentsional ez-metrikoaren bidez irudikatzen direnean. Horrek adierazten du hegaztiek kolore berdinez ikusten dituztela bulbiloak eta baiak. (Iturria: Chen et al. (2026); aipu osoa erreferentzietan, CC BY-NC-ND 4.0 lizentziapean)

Dioscorea melanophymaren sakabanatzeko estrategia da, beraz, eremu geografiko berean loreak eta fruituak dituzten beste landare batzuen baien kolorea eta forma ematea bere bulbiloei (2. irudia). Txinako ikertzaileen ikerketa batek erakutsi du antzekotasun hori absolutua dela. Hegaztien 22 espezie artek nahasten dituzte ñamearen bulbiloak beren elikaduraren parte diren baiekin. Hori bai, heste-igarotze labur baten ondoren (orduerdi ingurukoa), bulbiloak gorozkiekin ateratzen dira, digeritu gabe, eta beren ernetzeko ahalmen osoa mantentzen dute. Egiaztatu ahal izan zen bulbiloen % 86,5 hegaztiek libratu ondoren ernamuintzen direla, ñameetatik zuzenean jasotakoen % 92aren aurrean. Aldea ez zen estatistikoki nabarmena izan. Beste alde batetik, egiaztatu zen hegaztiek, batez bestez, 230 metrora sakabanatu zituztela bulbiloak. Bulbiloen % 6 sorburuko landarearengandik 500 metrotik gora erori ziren. Eta balio horiek sakabanatze hori lortzeko hegaztientzako sari diren benetako baiak dituzten landareen balioen berdinak dira.

Kasu harrigarria da, eta gogora ekartzen digu Bates-en mimetismoa, zeinean espezie batek toxikoa edo arriskutsua den beste baten itxura hartzen duen jan ez dezaten. Baina, kasu honetan, alderantziz gertatzen da: landare espezie batek fruitu jangarrien itxura ematen die bere propagulu digeriezinei, hain zuzen ere, jan ditzaten. Naturak zur eta lur utzi gaitu berriro ere.

Erreferentzia bibliografikoa:

Acevedo; Mariana; Salywon, Andrew M.; Blackwell, Steven A.; Hodgson, Wendy C.; Hughes, Zachary S.; Davis, Mark A.; Schuett, Gordon W. (2026). The potential for seed rescue and secondary dispersal in rattlesnakes. R Soc Open Sci. DOI: 10.1098/rsos.251226

Chen, Zhi; Chomicki, Guillaume; Li, Ying; Peng, Xingrong; Chen, Gao (2026). Berry Batesian mimicry enables bird dispersal of asexual bulbils in a yam. Proc Natl Acad Sci U S A. DOI: 10.1073/pnas.2528094123


Egileaz:

Ramón Muñoz-Chápuli Oriol Animalien Biologiako Katedraduna (erretiratua) da Malagako Unibertsitatean.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2026ko otsailaren 9an: “Dos casos sorprendentes de dispersión vegetal a través del tracto digestivo animal“.

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.