‘Ikusezinak’ dira landareak, baita zientziarentzat ere

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Animalien aldean, ahalegin gutxi egiten dira landareen kontserbazio politiketan, Richard T. Corlett ekologo eta biodibertsitatean adituak ohartarazi duenez.

2023ko apirilaren amaieran, Bidebarrieta Zientifikoa hitzaldi sortaren barruan, Landareekiko itsutasuna izenburupeko mintzaldia eskaini zuen Ainara Achurra EHUko biologoak —bideoa, hemen—. Achurrak bizitzaren abenturan bidaide ditugun izaki horien, inguruan izan ohi dugun indiferentzia lazgarriaz ohartarazi zuen bertan. Sinple bezain argia da arazoaren abiapuntua: gure biziraupenerako funtsezkoak izan arren, eta gure eguneroko jardueran edonon egonik ere, ez gara konturatzen landareen presentziaz. Haietaz ohartu gabe ematen dugu bizitza gehiena. Landareekiko erabateko itsutasunak jota gaude.

Halere, itsutasun hori ez da soilik gizartera mugatzen. Landare ekologo batek ohartarazi duenez, zientzia jardunean ere ematen da fenomenoa, eta hori, noski, arazo iturri garrantzitsua izan daiteke landareentzat. Baita gizateriarentzat ere.

landareak
1. irudia: landareak edonon gaude egunerokotasunean, baina gehienetan ez gara konturatzen beren presentziaz, eta espezie gutxi batzuen izenak baino ez ditugu ezagutzen. (Argazkia: Juanma Gallego)

Trends in Plant Science aldizkarian argitaratutako berrikusketa artikulu batean, Yunnango (Txina) Xishuangbanna Lorategi Botaniko Tropikaleko ikertzaile Richard T. Corlett-ek landareen gaineko ezagutzaren aldeko aldarria egin du. Ez du egin, noski, pertzepzio soilean oinarrituta, gaiaren bueltan egin diren aurreko ikerketetan baizik.

Artikuluan helarazitako mezu nagusia da landareak kontserbatzeko politiketan oso gutxi egiten dela gaur egun, batez ere animalien aldean. Zientzialariaren esanetan, erreinu begetala babestea eskura dagoen zerbait da, eta helburu hori, gainera, merkea eta erraza izan daiteke, beste behin, animalien kontserbazioari bideratutako ahaleginekin konparatuta.

Landareak mehatxatutako espezieen zerrendan

382.000 landare espezie inguru ezagutzen dira. Horiez gain, kalkulatzen da espezieen %10–25 oraindik ez direla deskribatu. Ezagutzak, halere, pixkanaka aurrera egiten du: urte bakoitzeko 2.000 espezie berri deskribatzen dira. Noski, deskribatu gabeko espezie horiek guztiak zientziarentzat eta kontserbazio ekimenenetarako «ikusezinak» dira.

Kalkuluak ez dira oso zehatzak, baina, datuen tarte zabala izanda ere, argi dago kezkatzeko moduko arrazoiak badirela. Landare baskular espezieen %21-48 desagertu daitezkeela kalkulatzen da. Besteak beste, zoruaren erabileran egindako aldaketak eta nekazaritza praktika ez jasangarriak daude arazoaren atzean, egilearen ustez.

Mundu mailako de facto estandarra da IUCN Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak kudeatzen duen mehatxatutako espezieen Zerrenda Gorria, baina, horretan ere, datuak nahiko etsigarriak dira. Ia ornodunen %100 ebaluatu dira zerrenda hori begira, baina, landareak %15 baino ez dira ebaluatu orain arte.

Egoera hala izanik ere, Corlettek dio buelta eman dakiokeela. Ez da mugatu gaiaren bueltan dauden arazoen katalogo bat osatzera. Aitzitik, irtenbideak ere proposatu ditu. Gauza berriak egiteari ekin beharrean, beharrezkotzat jo du dagoeneko martxan diren ekimen eta jardueretan sakontzea. «Jende, espazio, finantziazio eta monitorizazio gehiago, bai eta eraginkorrak diren tokian tokiko esku hartze gehiago», behar direla nabarmendu du egileak.

Adituaren esanetan, gakoetako bat izan daiteke landareetan aditu gehiago trebatzea, jardun horretan nahikoa ez daudela uste duelako. Batez ere eremu tropikaletan omen dira beharrezkoak, bertan ikertu gabeko espezie asko daudelako; horietako batzuk, gainera, oraindik deskribatu gabe daude. Ezaugarritu gabeko landare horiek zientziarentzat «ikusezin» direla dio egileak. Ondorioz, espezie horiek desagertu daitezke gizakiok horren jakitun izan gabe. Egilea sinetsita dago horrelako «iraungipen ilunak» gertatu direla dagoeneko.

landareak
2. irudia: munduko leku askotan hazien bankuak sortu dira, espezie eta barietateen kontserbazioa erraztu aldera. Halere, hazi guztiak ezin daitezke kontserbatu. (Argazkia: Juanma Gallego)

Modu berean, landareentzako babesleku txikiak sortzearen alde azaldu da. «Existitzen diren babesleku gehienak paisaia karismatikoak edo eta ornodunak babesteko izendatu ziren“, idatzi du artikuluan. «Ondorioz, askotan ez dute modu egokian babesten arriskuan dauden landare taxonak».

Espeziearen eta arloaren araberako erabakiak hartu beharko direla sinetsita dago. Kasurako, espezie bat babesteko kontserbazio eremu bat ezarri daiteke, baina, aldi berean, beharrezkoa izan daiteke ere espeziearen hazi izoztuak mantentzea, badaezpada ere. Halere, hoberena da landareentzako babeslekuak izatea. Modu horretan, espezieak aukera izango du eboluzionatzeko, aldaketa eta erronka berrietara egokituz; agerikoa denez, klimarena da aldaketa horietako bat.

Hazien bankuen kontserbazio erronkak

Hazi biltegiei dagokienez, zientzialariak dio haziak dituzten landare espezieen %17 inguru gordeta daudela hazien bankuetan, baina horiek kontserbatzeak ere erronka bat suposatzen du. Landare motaren arabera, zabaltzen diren aukerak oso mugatuta egon daitezke. Bereziki kontserbatzeko zailak dira tropikoetako landareen haziak. Kalkulatzen da espezieen %10 ezin direla ez lehortu ez izoztu, eta, horrela, kontserbatzeko aukera ezinezkoa bilakatzen da. Prozesu horietan lagungarri diren teknikak garatzen ari diren arren, oraindik erronka tekniko handia da hazi horien kudeaketa.

Nabarmendu du ere informazio baliogarria eskura izatearen garrantzia. Dioenez, uneotan informazio fidagarri gehiena espezieetako aleetatik eskuratzen da, baina egoera horrek ez du errazten distantziatik ikerketa egitea. Dagoen ezagutza optimizatu aldera, online jarritako metaherbario bat osatzea proposatu du, herbario desberdinetako informazioa elkar lotzeko. Halako proiektu batean, noski, are beharrezkoagoa izango da katalogazio eta ikerketa estandarretara jotzea.

Herbarioen arteko informazio trukaketarako estandar batzuk finkatuta dauden arren, egileak dio erreferentzia asko ez daudela digitalizatuta, eta horietako asko denetariko «estilo idiosinkratiko» batzuen bidez jasota daudela; askotan, geoerreferentziak ere falta bide dira. Landareak kokatzeko eta identifikatzeko iNaturalist bezalako proiektuen garrantzia eta potentziala aitortuta ere, hiritar zientziaren baitan aritzen diren halako proiektuek gabeziak dituztela azaldu du. Besteak beste, halako egitasmoek datu base erraldoiak sortzen dituzte, baina gutxitan egiten dira laginketa sistematikoak, eta horrek mugatzen du datu horiekin zer egin daitekeen.

Erronkak erronka, zientzialariak itxaropena agertu du, eta eremu geografiko zehatzetan egitasmoak abiatzeko garrantzia nabarmendu du. «Landare espezieen zero desagertzea helburu global batek urruneko asmoa eman dezake, baina tokiko, eskualdeko eta nazio mailako zenbait helburu potentzialki lorgarriak dira orain».

Erreferentzia bibliografikoa:

Corlett, Richard T. (2023). Achieving zero extinction for land plants. Trends in Plant Science. DOI: 10.1016/j.tplants.2023.03.019


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

4 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.