Landareekiko itsutasuna: gehienoi eragiten digun fenomenoa

Ekitaldiak

landareekiko itsutasuna

Landareek gure inguruan eta eguneroko bizitzan berebiziko garrantzia daukaten arren, horien inguruan daukagun ezagutza urria da. Sarritan ez dugu erreparatzen inguruan landarerik dugun edo, asko jota, deigarriak gertatu ez eta atzealdean geratzen diren elementuak dira. Zer dela eta gertatzen zaigu hori landareekin eta ez animaliekin? Landareez osatutako paisaia ia monokromatikoak zerikusirik dauka?

Fenomeno horri “landareekiko itsutasun” deitu zioten James H. Wandersee eta Elisabeth Schussler botanikariek 1999. urtean eta, ordutik, hainbat ikerketa egin dira fenomeno hori ulertzeko.

Landareekiko itsutasuna hainbat faktore biologiko eta soziokulturalen eraginpean dagoela adierazi dute ikerlanek. Alde batetik, gizakien ikusmen sistema deseroso sentitzen da begirada puntu zehatz batean ezin duenean finkatu; bestetik, uste da gizakiaren garuna eta ikusmena animaliak landareak baino azkarrago detektatu ahal izateko garatu zirela.

Horrek guztiak ondorioak izan ditu eta, adibidez, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Aranzadik egindako ikerketak agerian uzten duen bezala, gaur egun gazteek 10 animalia izendatzeko arazorik ez duten bitartean, %7a baino ez da gai hamar landare izendatzeko.

Horren inguruan arituko da Ainara Achurra ikertzailea “La ceguera a las plantas: un fenómeno que sufrimos la mayoría” (Landareekiko itsutasuna: gehienoi eragiten digun fenomenoa) hitzaldian Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak antolatutako Bidebarrieta Zientifikoa zikloaren barnean.

Ainara Achurra Biologian doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean irakaslea da.

Hitzaldia apirilaren 26an, asteazkena, arratsaldeko zazpietan izango da Bilboko Bidebarrieta Liburutegian. Sarrera librea izango da edukiera bete arte eta streamingez jarraitu ahal izango da Bidebarrieta Kulturgunean.

Hizlaria

Ainara Achurra Biologian doktorea da eta zoologiaren arloan doktoratu ondoko ikerketan aritu zen Frantziako Zientzia Ikerketarako Gunean (CNRS). Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean irakaslea da Gasteizen. Horretaz gain, KOMATZI taldeko kidea da eta landareekiko itsutasunaren inguruan ikertzen du.

Landareekiko itsutasuna: gehienoi eragiten digun fenomenoa

Data
Ordutegia
19:00etatik 20:30etara
Tokia
Bidebarrieta Liburutegia
Helbidea
Bidebarrieta kalea, 4, Bilbo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.