Ez da erraza berdea izatea

Ikasleen begietatik · Kolaborazioak

Munduko oihan basatienean zein hormigoizko hiri eraldatuenean aurki daitezke landareak. Edonon daude, Lurreko biomasaren % 80 osatzen dute eta ezinbestekoak dira giza biziraupenerako. Hala ere, gutxitan erreparatzen diegu bizidun berde horiei eta, are gutxiago, haien garrantziaz jabetu.

Aurrekoa frogatzeko proba azkar bat. Bota segundo bakarreko begirada azpiko irudiari. Zer ikusi duzu irudian?

berde
1. irudia: Zer ikusten duzu irudian? (Argazkia: Oier Pedrera)

Ziur aski, irakurleen gehiengoak ez du arazorik izango irudiaren erdialdean kokatuta dagoen oreina gogoratzeko. Hala ere, irakurle gehienek nekez berreskuratuko dute basoko zuhaitzen gaineko edota orkatzaren parean dagoen sastrakari buruzko informazioa. Asko jota, nahaspila berde-marroi bat eratzen duen basoaz inguratuta dagoen ugaztunaren irudia etorriko zaie burura. Hala, argazkiaren zati handiena kolore, tamaina eta testura anitzeko landareek estaltzen badute ere, gizakion atentzioa, begirada eta, ondorioz, oroimena animaliara zuzenduko da inkontzienteki.

Landareekiko itsutasunaren fenomenoa

Fenomeno horri “landareekiko itsutasuna” deritzo eta duela hamarkada gutxi batzuk hasi zen haren kausa, adierazle eta soluzio posibleen gaineko ikerketa. 1999. urtean termino berori definitu zuten James H. Wandersee eta Elisabeth E. Schussler botanikarien arabera, “landareekiko itsutasunak inguruko landareez ohartzea, haiek identifikatzea bai eta haien garrantzia balioestea galarazten du”. Egun badakigu, ordea, fenomenoak ez duela soilik kotxearen gainean erortzen zaizkigun hostoak zein zuhaitzetik datozen identifikatzea eta hura izendatzea oztopatzen. Hasiera batean pentsatu zena baino konplexuagoa da. Besteak beste, eragotzi egin dezake landareekiko interesa garatzea, landareak animaliak bezain kontserbazioaren merezidunak direla ulertzea edota etorkizun jasangarri baterako bidean landareen beharrezkotasunaz jabetzea.

Gure eguneroko bizitzan ez gara horrelako fenomenoaz jakitun. Edonola ere, zeharo hedatuta dago landareekiko itsutasuna gizarte modernoetan eta ume zein helduetan ikusi da. Adibidez, 2021. urtean Journal of Biological Education aldizkarian ikerketa bat argitaratu zen Euskal Herriko hainbat gazteren landareekiko itsutasuna aztertzen zuena. Horren arabera, Bigarren Hezkuntzako ikasleek arazoak dituzte landareek betetzen dituzten zerbitzu ekologikoak identifikatzeko. % 60k baino gehiago aspergarri edo interes gabekotzat jotzen ditu. Eta ez dira 7 landare espezie baino gehiago zerrendatzeko gai. Baina, nonahi eta noiznahi ikusi baditzakegu -haien ingurune naturaletik kanpo bederen- eta gizakiok haiekin dugun menpekotasuna erabatekoa bada, zergatik jazotzen da fenomeno hori?

Giza eboluzioa, urbanizazioa eta beste gaitz batzuk

Frank Sinatra-k, Ray Charles-ek eta beste hainbat musikarik bertsio egin duten “Bein’ green” abestiaren arabera “ez da erraza berdea izatea, (…) berde kolorea gauza ordinario gehiegirekin nahas daiteke eta oharkabean pasatu”. Eta badute arrazoi pixka bat, antza. AEBn burututako “Attention ‘blinks’ differently for plants and animals” eta “It’s not easy being green: Student recall of plant and animal images” ikerketek landareekiko itsutasunaren eragiletzat jotzen dute haien morfologia, kolorea eta gizakion atentzio bisuala bereganatzeko ahalmen falta.

Ikerketon autoreen arabera, gizakien garunak landareak baztertzeko eboluzionatu du. Biziraupenaren ikuspuntutik abantailatsua suertatu zaie gure arbasoei animalien siluetak landareek eratzen dituzten paisaia berde homogeneo eta monokromatikoetatik bereizteko ahalmena garatzea. Azken finean, animalia mugikorren detekzio lasterra onuragarria izan daiteke ehizarako, babeserako, beste gizakien kontra lehiatzeko edota ugalketarako. Are gehiago, gizakion mekanismo bisuala ez da landareei erreparatzeko egokiena. Giza begiek hondotik nabarmentzen diren ainguralekuak behar dituzte eroso sentitzeko eta begirada puntu finko batean denbora luzez mantentzeko. Ostera, landareek guztiz kontrakoa eskaintzen dute. Hau da, ertz markaturik ez duen kolore berdineko irudi nahasia.

landareak
2. irudia: landareekiko itsutasunaren eragiletzat jotzen dute haien morfologia, (berde) kolorea eta gizakion atentzio bisuala bereganatzeko ahalmen falta. (Argazkia: Oier Pedrera)

Bestalde, arrazoi biologikoak ez dira fenomenoa azaltzen duten bakarrak. Arlo anitzetako ikertzaileen arabera, fenomeno honen eragile nagusienetarikoak dira faktore soziokulturalak ere.

Batetik, bizimodu modernoak naturarekiko alienazioa emendatu du, ingurune hiperurbanizatuetan bizitzeko bultzadak eta aisialdi-denboraren zati handiena gailu elektronikoekin pasatzeko joerak eraginda, besteak beste. Egun, hirietako gazteek naturarekin dituzten kontaktu gehienak esperientzia bikarioen bidezkoak dira (telebista, sare sozialak, etab.). Elkarrekintza zuzenak izateko aukerak murriztu egin dira ingurune naturalak bereiztearekin eta hormigoiarekin ordezkatzearekin batera. Ondorioz, 2022. urtean argitaratutako gizaki-landare erlazioak aztertzen dituen errebisio sistematiko batek salatzen du hirien hedapen eta dentsifikazioak eragin negatiboa duela landareekiko jarreran, ezagutzan eta kontserbatzeko prestutasunean.

Bestetik, gure gizarteak etengabe indartzen du animaliak landareak baino interesgarriagoak eta ikusgarriagoak direlako ideia. Ohikoa da, batez ere gazteei zuzendutako produktu eta zerbitzuetan, animaliei giza ezaugarriak edota izenak egokitzea. Animaliak -eta, bereziki, ugaztun exotiko antropomorfizatuak- gailentzen dira kamisetetan, iragarkietan, pelikuletan bai eta testuliburuetan. Aldiz, landareek espazio kultural horien zati oso txiki bat betetzen dute, eta kontserbazio-kanpainetan ere gutxietsi egiten dira, anfibio edo ornogabeekin batera.

Hortaz, adostasun zientifikoak onartzen duenaren arabera, landareekiko itsutasuna elkarri eragiten dioten faktore anitzek eragindako fenomenoa da. Hala ere, nagusiki mendebaldeko gizarte modernoetako gaitza dela dirudi. Izan ere, oraindik ere naturarekin eguneroko kontaktuari eusten dioten gizarte indigena eta landatarretan ez da horrenbesteko zoozentrismorik eta landareen bazterketarik antzeman.

Benda berdea kentzearen premiaz

Fenomenoaren sintoma, kausa eta konponbideen gaineko ikerketak bide luzea du aurretik. Haatik, argi dagoena da landareekiko itsutasuna arazotsua dela. Arazotsua bezain urgentea. Esaterako, landareen babeserako bideratzen den finantzaketa halako hiru erabiltzen da animalien kontserbaziorako. Horrez gain, oraindik ere ugariak dira ezezagunak diren eta kontserbazio-egoera ebaluatu gabe duten landareak, zientzia ere ez baita gaitz honetatik libratzen.

Gainera, landareekiko itsutasuna ez du soilik landareen kontserbazioa eta ekosistemen osasuna mehatxatzen. Gizateriaren ongizate eta biziraupena ere arriskuan ipintzen du. Alexandros Amprazis ikerlari greziarrak ohartarazten du landareekiko itsutasuna oztopo larria dela etorkizun jasangarri bat lortzeko. Horren ondorioz, Lurreko landareen % 21 desagertzeko arriskuan dagoen momentu zehatz honetan, ezinbestekoa da arazo horri aurre egitea.

Lehenik, azpimarratzekoa da hezkuntza abagune paregabea dela helburu hori lortzeko. Gizakiek erraztasun handiagoz antzematen eta identifikatzen dituzte aurretik ezagutzen dituzten gauzak. Horrela, nazioarteko ikerketa anitzek erakutsi dutenez, emaitza arrakastatsuak lortu dira landareen garrantzia ezagutaraztera eta gertuko ingurunean topa daitezkeen landareak seinalatu eta izendatzera bideratutako hezkuntza esku-hartzeetan.

Hala ere, alfabetatze botanikoa ez da benda berde hori kentzeko erremedio bakarra eta, agian, nahikoa ere ez. Banakoek ere asko egin dezakegu. Adibidez, termino horren asmatzaileen arabera, landareekin ditugun eguneroko kontaktuen maiztasuna eta barietatea emendatu beharko genuke. Hala, landareei buruz gehiago hitz eginez bai eta haiekin dugun kontaktu zuzena emendatuz desberdintasun nabaria egin ahalko genuke gure inguru hurbileko landareen atentzio eta ezagutzari bultzada emateko; eta, aldi berean, gure osasun fisiko zein mentala hobetzearen alde. Azken finean, naturarekin eta landareekin kontaktua handitzeak eragina izan dezakeelako estresean, antsietatean, umorean edota ongizate orokorrean.

berde
3. irudia: bertako eremu urbanizatuetako landareak balioan ipintzeko “More than weeds” proiektuaren adibidea (Argazkia: Jill Mead/The Guardian)

Oro har, oraindik ere ugari dira landareekiko itsutasunaren inguruan ez dakizkigunak. Alabaina, agerikoa dena zera da: gure garunak zangotrabak jartzen badizkigu ere, fenomenoa ez dela ez unibertsala ez saihestezina. Berdea kolore ikusezina izateaz gain itxaropenaren kolorea ere bada. Beraz, artikulu honen esperantza landareen balioa agerian jartzea da. Batetik, landareen tokiko desagerpen-tasak zerora murrizteko aukera potentziala dagoelako oraindik. Eta bestetik, jabetu behar dugulako ez dagoela etorkizun jasangarririk landareekiko itsua den gizarte batentzat.


Egileaz:

Oier Pedrera biologoa da eta zientziaren didaktikaren alorrean doktorego-tesia egiten ari da UPV/EHUko Zientzia- eta Jasangarritasun-Hezkuntzarako Ikerketa Taldean.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.