Eraikinen energia-jarrera modelatzeko simulazio dinamikoa.
Europar Batasuneko energia-kontsumoaren % 40 eraikuntza-sektorean kontsumitzen denez, energia-eraginkortasuna hobetzeko beharra dago.
Behar horren aurrean, Europako, Estatuko edota tokiko energia-araudiak bultzatzen dira. Esaterako, 2024/1275 eta 2012/27/CE Europako Zuzentarauak, Eraikuntza Kode Teknikoa eta 390/2021 Errege Dekretua Espainian eta Euskal Autonomi Erkidegoan, 4/2019 Legea. 80/2014 Dekretuak eraikinen ikuskapen teknikoa arautzen du, 25/2019 Dekretuak eraikinen eta etxebizitzen energia-eraginkortasun ziurtagiria arautzen du, bai eraikuntza berrietan bai eraikitako etxeetan, eta 2015/03/16 Aginduak, Euskadiko energia-eraginkortasun ziurtagirien kontrola eta erregistroa arautzen ditu.
Ziurtagiria nahitaezkoa da higiezinak saldu eta alokatzeko, eta, kontzientziazio-tresna ere bada jabeentzat eta maizterrentzat. Energia-ziurtagiria A- letran hasten da, zeinek eraikinik eraginkorrena adierazten baitu (egungo ia Energia Kontsumorik Gabeko Eraikina), eta G letran bukatzen da, eraginkortasunik txikiena adieraziz, eta, kalifikatzeko energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa ( [kWh/m²·urte]) zein CO2 isuriak ( [kg/m²·urte]) ebaluatzen dira.

Alde batetik, adierazleak eraikin baten berokuntza-, hozte-, ur bero sanitario (UBS), aireztapen- eta argiztapen-eskariak asetzeko energia primario ez-berriztagarriaren kantitate espezifikoa adierazten du, azalera unitateko. Horrela, guztizko energia-kontsumoa kalkulatzen da energia berriztagarriaren kontsumoa gaineratuz. Bestetik, adierazleak ingurumen-ikuspegia du eta eraikinaren energia-kontsumoak isurtzen duen karbono dioxido kantitatearekin bat dator.
Espainiako Ministerioak CE3X eta HULC programak eskaintzen ditu energia-kontsumoa ebaluatzeko eta eraikinek efizientzia-estandarrak betetzen dituztela ziurtatzeko. Programa hauekin higiezin baten energia-portaera ebaluatzen da, berotzeko, hozteko, UBS sortzeko eta aireztatzeko energia-eskaria nahiz energia berriztagarrien ekarpena kontuan hartuta. Programetan eraikinaren parametro teknikoak sartzen dira, hala nola, eraikuntza-ezaugarriak, klimatizazio-instalazioak, energia berriztagarriko sistemak eta tokiko klima-baldintzak. Hala ere, askotan, ez dira ezagutzen energia-portaera baldintzatzen dituen funtsezko aldagaiak, eta, kasu horietan, datu horiek balioetsi edo defektuz ezarri behar dira. Alde batetik, berokuntza garaian, bero-galerak eraikinaren inguratzailetik doaz, transmisio bidez galduz, bai eta aireztapen-baldintzen eta aire-infiltrazioen ondorioz galduz ere. Bestalde, irabaziak eguzki-irradiazioak eta pertsonen, ekipo elektrikoen eta argiztapenaren, barne-irabazien arabera daude.
Lan honetan energia-aldagai ezezagunak doitzeko metodo sinple bat proposatzen da. Horretarako, ikerketa kasu bezala “C” energia-kalifikaziodun Gernika-30 izeneko eraikina modelatzen da Trnsys softwarearen Trnbuild interfazearen bitartez, ondoren haren instalazio termiko zentralizatua optimizatzeko. Berokuntza-eskaria kalkulatzeko bero-galeren eta -irabazien arteko oreka-ekuazioa aplikatzen da, eta ezagutzen errazak diren eraikinaren geometria, orientazioa eta bero-transferentzia koefizienteak definitzen dira. Gainerako aldagaien doiketak, alegia, infiltrazio- eta aireztapen-galerak zein okupazio-, argiztapen- eta ekipo-irabaziak, oinarrizko sei doikuntza-etapen emaitzetatik lortzen dira, betiere Eraikinen Kode Teknikoaren jarraibideak aintzat hartuz.
Emaitzen arabera, barne-irabaziek energia-kontsumoa % 72 murrizten dute, eta aireztapen-galerek, berriz, % 24 igo. Saiakuntza horiek erreferentziatzat hartzen dira eraikinaren azken eredu adierazgarria doitzeko. Ondorioz, simulazio dinamikoaren gaitasuna funtsezko tresna gisa agertzen da energia-kontsumoa optimizatzeko eta energia-birgaitzeko estrategiak garatzeko, eraikinen iraunkortasuna eta epe luzeko eraginkortasuna sustatuz.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 48
- Artikuluaren izena: Eraikinen energia-jarrera modelatzeko simulazio dinamikoa. Energia-ziurtagirien balioztapena Trnsys softwarearen bidez.
- Laburpena: Hirien energia-kontsumo handiak bistaratzen du eraikuntza-sektorean energia-efizientzia hobetzeko beharra. Behar horren aurrean, Europako, Estatuko edo tokiko energia-araudiak bultzatzen dira, hala nola eraikinak A-tik G-ra kalifikatzen dituen energia-ziurtagiriaren beharra, zeinak energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa eta CO2 isuriak ebaluatzen dituen. Bestalde, askotan ez dira ezagutzen energia-portaera baldintzatzen duten funtsezko aldagaiak, eta, kasu horietan, datu horiek balioetsi edo defektuz ezarri behar dira. Lan honek traba hori gainditzea du helburu, eta energia-aldagai ezezagunak doitzeko metodo sinple bat proposatzen du. Ereduzko ikerketa-kasu gisa «C» energia-kalifikaziodun Gernika-30 izeneko eraikina modelatu da Trnsys softwarearen bitartez, eta ondoren haren instalazio termiko zentralizatua optimizatu. Berokuntza-eskaria kalkulatzeko bero-galeren eta -irabazien arteko oreka-ekuazioa aplikatzen da, eta ezagutzen errazak diren eraikinaren geometria, orientazioa eta bero-transferentzia koefizienteak definitzen dira. Gainerako aldagaien doiketak, alegia, infiltrazio- eta aireztapen-galerak zein okupazio-, argiztapen- eta ekipo-irabaziak, oinarrizko sei doikuntza-etapatako emaitzetatik lortzen dira, betiere Eraikingintzaren Kode Teknikoaren jarraibideak aintzat hartuz. Emaitzen arabera, barne-irabaziek energia-kontsumoa % 72 murrizten dute, eta aireztapen-galerek, berriz, % 24 igo. Saiakuntza horiek erreferentziatzat hartzen dira eraikinaren azken eredu adierazgarria doitzeko. Ondorioz, simulazio dinamikoaren gaitasuna funtsezko tresna gisa agertzen da energia-kontsumoa optimizatzeko eta energia-birgaitzeko estrategiak garatzeko, eraikinen iraunkortasuna eta epe luzeko efizientzia sustatuz.
- Egileak: Arrate Hernandez-Arizaga, Mikel Garro-Aguila eta Ana Picallo-Perez.
- Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 299-320
- DOI: 10.1387/ekaia.27130
Egileez:
Arrate Hernandez-Arizaga EHUko Gipuzkoako Ingenieritza Eskolako Ingeniertitza Energerikoko saileko ikertzailea da.
Mikel Garro-Aguila eta Ana Picallo-Perez EHUko ENEDI ikerketa-taldeko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
