Eraikinetan energia aurrezteko negutegiak proposatu dituzte

Dibulgazioa · Kolaborazioak

EHUko ikertzaile talde batek eraikinen efizientzia energetikoa hobetzeko sistema bat diseinatu du, berotegi efektuaz baliatzen diren egiturez osatuta.

Bi ahoko ezpata da berotegi efektua. Hari esker posiblea da bizia lurrean, behintzat gaur egun ezagutzen dugun modukoa. Kalkulatzea zaila den arren, zabalduen dagoen kalkuluaren arabera eragin hori ez balego planetaren batez besteko tenperatura -18 °C-ren bueltan ibiliko litzateke. Oreka fin hori apurtu eta demaseko berotegi efektua gertatuz gero, arazoak kontrako norabidean hasi daitezke, klima-aldaketaren sorgin zoroa abiatuz, azken hamarkadetan soberan ikasi dugun moduan.

Eremu geografiko batean klima lagungarria ez denean ere aspalditik erabili izan da efektu hori, negutegien bitartez landareak garaiz kanpo hazteko, bai eta berez ez dagozkien latitudeetan ere. Alabaina, nekazaritza ez da aukeran dagoen erabilera bakarra, gaurkoan hona ekarriko dugun esperientziak agerian uzten duenez: EHUko ikertzaile talde batek berotegi efektuan oinarritutako sistema bat proposatu du eraikinen efizientzia energetikoa hobetzeko.

negutegiak
1. irudia: Iruñean dagoen eraikin bat hartu dute abiapuntutzat. Teilatuan irudikatu dira negutegiak liratekeen moduluak. (Irudia: Gainza-Barrencua et al.)

Journal of Building Engineering aldizkarian argitaratutako artikulu batean proposatu dutenez, eraikinetan berotegi efektua baliatzen duen egitura bat jartzeak modu nabarmenean hobetu dezake eraikin horien jokabide energetikoa.

Egileek babestu dute eraikinetako ezaugarri askok eragiten dutela beraien energia kontsumoan, baina, halere, normalean soilik klimatizatze sistemei eta eraikuntza materialei erreparatzen zaizkiela. Alabaina, aireztatzen sistemak ere “funtsezko eragina” duela nabarmendu dute.

Eta horri atera nahi izan diote probetxua, hain zuzen. Diotenez, aireztatze sistemek eraikinaren barruan erabilitako airea botatzean bero asko galtzen da. Faktore hau gero eta garrantzitsuagoa da, eraikin berriek isolatze hobea dutelako.

Bide honetan sakontzeko, negutegi baten prototipoa diseinatu dute. Eguzkitik jasotako erradiazioa harrapatuz, negutegi horren barruko airea “modu sinple, merke eta eraginkor batean” berotu nahi dute, EHUk argitaratutako prentsa ohar baten arabera.

Triangelu angeluzuzen baten itxura du proposatu duten negutegiak, eta hegoaldera zuzenduta dago, ahalik eta eguzki erradiazio gehien jasotzeko.

Modu berdinean, kristalak eguzkiarekiko zut egon daitezela saiatu behar dira. Baina hori ez da lan erraza, Eguzkiaren kokapena aldatuz doalako urtean zehar. Egoera horri egokitzeko, angelurik hoberena lortzen saiatu dira. Espainia gehienean tenperatura altuena lortzeko angelurik egokiena 55 gradukoa dela ondorioztatu dute. Alde praktikoari begira, eraikinaren estalduran kokatuta leudekeenez, kristaleria nahi den angeluan jarri daiteke, Eguzkiaren erradiazioa ahalik eta hoberen xurgatzeko.

Negutegi horiek soilik ez dira nahikoak, noski: konbinatu behar dira aireztapen mekanikoko sistema batekin, aire beroa eraikinaren barrura eraman ahal izateko.

Negutegiak prototipo

Ez pentsa teoria edo simulazio hutsetan geratu direnik: prototipo bat eraiki dute ere. Modularra izanik, zenbait konfigurazio ezberdin probatzeko moduan egon dira, klima desberdinetan duen jokabidea aztertu aldera. Ohartarazi dute aurrezkia zenbait faktoreren araberakoa dela. Logikoa denez, horien artean nabarmenena da eraikina kokatuta dagoen eremu geografikoaren klima bera da.

negutegiak
2. irudia: negutegiak osatzen duten sistemaren konfigurazioa probatzeko prototipo bat eraiki dute Donostian. Halako moduluez osatuta leudeke proposatu dituzten negutegiak. (Argazkia: Gainza-Barrencua et al.)

Kokapenei dagokienez, Malaga, Valentzia, Bartzelona, Madril, Iruñea eta Burgos hiriak hartu dituzte erreferentziatzat. Horiek aintzat hartuta, ordenagailu bidezko simulazioak egin dituzte, eta, horretarako, prototipoan hartutako neurketak aintzat hartu dituzte. Simulazio hauen bitartez, eguraldi mota desberdinekin negutegi sistema honek duen portaera aztertzeko moduan egon dira, bai giro eguzkitsua dagoenean bai eta hodeiak daudenean ere.

Sistema hau jarriko litzatekeen tokiaren eta klimaren arabera sortuko zen aurrezki energetikoa aurreikusi dute. Berokuntza gutxi behar duten eremuetan negutegi hauen beharrik ez dagoela ondorioztatu dute, baina eskualderik hotzenetan abantaila nabarmena izan daitekeela babestu dute. Espainiako eremurik hotzenetan ─Burgosen─ urteko eta metro koadroko 38,48 kWh aurrezten direla kalkulatu dute, berokuntzan %58 aurreztuz ─beti ere, sistemaren konfiguraziorik onenaren kasuan─.

Zenbait aldaera edo hobekuntza ere proposatu dituzte, beharren arabera. Adibidez, iradoki dute probetxua atera dakiokeela ere eraikinetik ateratzen den aire kutsatuak duen beroari, hori berreskuratuz.

“Lortu ditugun emaitzek erakusten dute negutegiek modu nabarmenean hobetu ahal dutela eraikinen jardun portaera energetikoa”, laburbildu du Joseba Gainza-Barrencua EHUko ikertzaileak.

Erreferentzia bibliografikoa:

Gainza-Barrencua, J., Odriozola-Maritorena, M., Hernandez_Minguillon, R., Gomez-Arriaran, I. (2021). Energy savings using sunspaces to preheat ventilation intake air: Experimental and simulation study. Journal of Building Engineering, 40, 102343. DOI: 10.1016/j.jobe.2021.10234


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..