Zelulekin elkar ekin eta haien erantzuna denbora errealean neurtzeko teknologia berria

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

2 min

Zelulekin elkar ekin eta haien erantzuna denbora errealean neurtzeko teknologia berria

Microfluidics Cluster EHU ikertaldearen lanak aurkezten duen plataforma berria gai da zelulekin elkar ekin eta haien erantzuna denbora errealean neurtzeko. Horrek bide berriak zabaltzen ditu biomedikuntzan. CellStudio pentsatuta dago bateragarri izateko biologia laborategietan erabiltzen diren ohiko teknikekin. Lana ACS Applied Materials & Interfaces aldizkarian argitaratu da, eta azalerako hautatu dute.

Zelulak elkarren artean nola komunikatzen diren ulertzea biomedikuntzaren egungo desafio handienetako bat da. Norabide horretan, Microfluidics Cluster EHUko ikertzaileek urrats handia egin dute, lehen aldiz sortu baitute zelulekin elkar ekitea eta aldi berean inguruan duten erantzuna neurtzea ahalbidetzen duen teknologia bat. Lana duela gutxi argitaratu da ACS Applied Materials & Interfaces aldizkari zientifikoan. Ikerlanaren garrantzia zientifiko eta bisualaren erakusgarri, aldizkariaren azaletako batean agertu da.

elkar
Irudia: ikerlanaren garrantzia zientifiko eta bisualaren erakusgarri dela eta, ACS Applied Materials & Interfaces aldizkariaren azalean agertu da. (Iturria: ACS aldizkaria)

CellStudio izeneko teknologia oinarritzen da mikroesfera txiki-txikien erabileran. Mikroesfera horiek antolatzen dira zelulen inguruan, eta ingurune oso kontrolatu bat sortzen dute. Mikroesfera batzuk “mezulari” gisa aritzen dira, eta seinale espezifikoak igortzen dizkiete zelulei. Aldiz, beste batzuek “sentsore” gisa jarduten dute, eta zelulek erantzun gisa askatzen dituzten molekulak atzitzen dituzte.

Horrela, sistemak aukera ematen du, zelulak era lokalizatuan estimulatzeko ez ezik, baita detektatzeko ere zer jariatzen duten eta nola erreakzionatzen duten, hori dena espazio eta denbora berean. Gaitasun horri esker, komunikazio zelularraren ikuspegi askoz zehatzago bat dugu, funtsezkoa ehunen birsorkuntza edo gaixotasun batzuen (hala nola minbizia) garapena bezalako prozesuetan.

“Gure helburua zen sortzea tresna bat, aukera emango ziguna, ez bakarrik zelulak behatzeko, baita haiekin elkar ekiteko eta haien erantzuna denbora errealean ulertzeko ere. Lan honek erakusten du hori egin daitekeela era erraz eta egoki batean”, azaldu du Lourdes Basabe doktoreak, Microfluidics Cluster EHUren arduraduna eta Ikerbasqueko irakaslea dena.

Plataformaren ezaugarri nabarmenetako bat da haren moldakortasuna. Hainbat motatako mikroesferak konbina daitekeenez, ikertzaileek diseina ditzakete neurrira eginiko ingurune esperimentalak, eta modu errazean egokitu azterketa baldintzak.

Gainera, CellStudio teknologia sortu da bateragarri izateko biologiako laborategietan erabiltzen diren teknikekin, eta ekipamendu konplexu edo garestirik gabe erabil daiteke, horrenbestez.

Teknologia honen potentziala dela-eta, bi nazioarteko patente eskatu dira, haren fabrikazioarekin eta aplikazioarekin loturikoak, eta funtsezko urratsa izango da hori etorkizunean alor kliniko eta industrialera transferitzeko.

Iturria:

EHU prentsa bulegoa: “EHUren Microfluidics Clusterrek teknologia berri bat garatu du, zelulekin “elkarrizketan” aritzeko eta haien portaera ulertzeko”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Azuaje-Hualde, Enrique; Lartitegui-Meneses, Naiara; Alonso-Cabrera, Juncal; Alvarez-Braña, Yara; Martínez de Pancorbo, Marian; Benito-Lopez, Fernando; Basabe-Desmonts, Lourdes. Analyzing the Relationship between Solid-Phase Molecular Presentation and Cell Proliferation, Morphology and Secretion Using CellStudio. ACS Applied Materials & Interfaces, 18 (4), 6423-6432. DOI: 10.1021/acsami.5c18270

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.