Isabel Joy Bear, euriaren lurrinari izena jarri zion zientzialaria
Nor ez da gelditu udako ekaitz batean lehen euri tantek lur idorra jotzean usaintzen den lurrina sakon arnastera? Lurrin fresko, lurkara eta antzinako horrek ‘petricor’ du izena, eta haren jatorria —hezetasunak askatzen duen harriei itsatsitako olio horikara— aurkitu zen Isabel Joy Bear kimikari australiarraren (1927-2021) jakin-minari esker.
Isabel Joy Bear ‘petricor’ izena sortu zuen Richard Thomas laborategiko kidearekin batera, eta grezierazko ‘petra’ (harria) eta ‘ichor’ hitzetatik dator; azken hori mitologia klasikoan jainkoen zainetan zebilen odola izendatzeko erabilia.
Baina Isabel Joy Bear ‘petricor’-aren zientzialaria baino askoz gehiago izan zen. Lan eskerga egin zuen mineralen kimikan, zazpi hamarkada baino gehiago iraun zuen ibilbide oparoan, nerabe zela laguntzaile gisa hasi zenetik, beti erakunde berean eta beti kristalezko sabaiak apurtzen.

Isabel Joy Bear 1927ko urtarrilaren 4an jaio zen, Australiako Camperdown hirian. Haren haurtzaroa gerren arteko Australiaren erresilientziak markatu zuen. Aita, Lehen Mundu Gerrako beteranoa, Europan frontean borrokatu zen, eta gatazka amaitzean etxalde baten ardura hartu zuen, gerratik itzulitako soldaduentzako finkatze eskema bati esker. Joyri goiz piztu zitzaion ikerketa zientifikoarekiko interesa, eta, 1944an, hamazazpi urteko neska batentzat ezohikotzat jo daitekeen erabaki bat hartu zuen: lanean hastea laborategiko laguntzaile gisa CSIR erakundean, egungo Commonwealtheko Ikerketa Zientifiko eta Industrialeko Erakundea–ren aurrekoa (CSIRO, ingelesezko sigletan).
Egunez lan egiten eta gauez ikasten zaildua
Joyren ibilbide profesionala ez zen samurra izan, eta erabakitasunez egin zien aurre garai hartako oztopo instituzionalei. Egunez lanean aritzen zen, eta gauez Melbourne Technical College-ren gaueko klaseetara joaten zen, ikertzaile lanpostua lortzeko aukera emango zioten diplomak lortzeko helburuaz. Sei urtez kimika aplikatua eta zientzia aplikatuak ikasten aritu ostean, ohartu zen jomugan zuen erakundearen arauak aldatu egin zirela bera graduatu baino lehenxeago. Ikerketa postuen baldintzak zorroztu ziren, eta jada diplomak ez ziren nahikoa nahi zuen mailara iristeko. Amore eman beharrean, ikusmira zabaltzea erabaki zuen, eta Erresuma Batura joan zen, 1950eko hamarkadan. Harwelleko Zientzia eta Berrikuntza Campus-ean eta Birminghameko Unibertsitatean lan egin zuen. Europan egin zuen egonaldia funtsezkoa izan zen egoera solidoko kimikan eta material mineraletan zuen interesa sendotzeko.
Harrietatik jariatzen den olioaren aurkikuntza
Berriro Australian, Isabel Joy Bear CSIROra itzuli zen, 1953an, eta Richard Thomas zientzialariarekin elkarlanean hasi zen. Lankidetzak 1964ra arte iraun zuen; hain zuzen, Nature aldizkari entzutetsuan euriaren usainari buruzko aurkikuntzak artikulua argitaratu zuen arte.
Aurkikuntza ez zen ezerezetik sortu. Artikuluaren hasierak dioen bezala:
Mineralogiako aurreko testuliburu guztiek onartzen dute buztin eta lurzoru lehor natural askok usain berezi eta bereizgarri bat askatzen dutela haien gainean arnasten denean edo urez bustitzen direnean.
Lurrin hori bereziki ohikoa zen eskualde idorretan, oso ezaguna zen, eta lehorte aldi baten ondorengo lehen euriteekin lotzen zen. Joy CSIROra itzuli zenean, Thomasek urteak zeramatzan fenomeno horren arrazoia identifikatu nahian. Emakumeak proposatu zion esperimentu bat egitea: lurrunetan destilatzea aurretik baldintza bero eta lehorren eraginpean edukitako harriak. Horrela, elkarrekin lanean deskubritu zuten usaina zetorrela harrien eta lurzoruaren poroetan harrapatutako olio horixka batetik, eta airearen hezetasunarekin edo euri-tantekin kontaktuan askatzen zela.
Hain zuzen ere, kultura tradizionalek modu artesanalean baliatu zuten usain hori, hala nola Indiako “matti ka attar” delakoa, lur bustiaren lurrina, hezetutako adreilu lehorretatik ateratakoa. Industriak berak ere lortu zuen sandalo olioaren usaina harrapatu eta xurgatzea. Dena dela, inork ez zekien usain hori nondik zetorren… harik eta Joyk eta Thomasek silizean eta burdin oxidoetan aberatsak diren materialak ‘haitz olio’ hau sortzeko gai direla deskribatu zuten arte.
Mineralen kimikaren aurreiritziei aurre eginez
Isabel Joy Bear mineralen kimikaren arloko figura nagusi bihurtu zen. Haren lanak gai ugari jorratu zituen, zirkonioa eta hafnioa bezalako elementuen propietate kimikoetatik hasi eta mineral industrialetan aurki daitezkeen sulfuro konplexuetaraino. Lehen ekarpen garrantzitsuenetako bat izan zen zirkonio sulfatozko hidrato metaegonkorrak identifikatzea (heptahidrato bat eta pentahidrato bat) eta egitura kristalinoak eluzidatzea, eta konposatu horiek hobeto ulertzen lagundu zuen horrek.
1967an, ordurako metatutako eskarmentuari eta jarraikitasun zientifikoari esker, CSIROko Kimika Mineraleko Dibisioko ikertzaile taldeko kide izendatu zuten. Lehen andrazkoa izan zen hori helburu zail hori lortzen. Ohartarazi zioten CSIROn ikertzaileek berrogei urte bete aurretik ematen zutela ikerketa lan sortzailean beren onena, eta zaila izango zela, beraz, behin adin horretara helduta talde horretara iristea. Joyk aurre egin zion aurreiritzi horri eta berrogei urterekin, hain zuzen ere, lortu zuen nahi zuen postura iristea, berrikuntzarako haren gaitasuna agortzetik urrun zegoela erakutsiz.
1978an, Joyk doktorego ikasketak amatu zituen zientzia aplikatuaren alorrean, Victoria Institute of Colleges-en, eta zientzialari senior nagusi izendatu zuten. Ordutik aurrera, ekarpen teorikoaz gain, prozesu industrial praktikoak garatu zituen; hala nola, beruna lortzeko galena hauts trinkotuzko anodoen erabilera, eta berun sulfatoaren hondakinak eta galdaketa lohiak tratatzeko metodo berriak. Egokitzeko gaitasunak eraman zuen titanio dioxidoan efektu fototropikoak aztertzera, eta meatze enpresekin lankidetzan aritzera, litioa ateratzeko Australiako mineraletatik.
Zazpi hamarkadako ondarea
Isabel Joy Bearren ibilbidea modu askotara aitortu zen, eta aitortza horiek Australiako kimikari garrantzitsuenetako bat bihurtu zuten. 1988an, historia egin zuen, Royal Australian Chemical Institute erakundearen Leighton Domina jaso zuen lehen emakumea bihurturik. 1986an, Australiako Ordenako kide izendatu zuten, zientziari eskainitako zerbitzuengatik. Gainera, 2005ean, Victorian Honour Roll of Women aitortza jaso zuen, estatu horretako emakume nabarmenen ekarpenei eskaintzen zaiena.
Joyk, heldutasun profesionalera iritsita, ikertzen eta argitaratzen jarraitu zuen, ekarpenak eginez, kimikari ez ezik, baita Australiako zientziaren historia instituzionalari ere. CSIROko Kimika Mineraleko Dibisioaren historia dokumentatu eta unitate horren ondare zientifikoa gordetzen lagundu zuen. 2015ean hartu zuen erretiroa, 88 urte zituela, eta zazpi hamarkadako ibilbidea itxi zuen, nerabe laguntzaile gisa hasi zen erakunde berberean.
Isabel Joy Bear 2021eko apirilaren 8an hil zen, 94 urte zituela. Hari zor diogu udako ekaitzen lehen euri tantek lur lehorra jotzean hautematen dugun usaina izendatzen duen hitza. Haren ibilbideak erakusten digu nola pertseberantziak eta jakin-minak emakumeei lagun diezaieketen gizonen artean bidea urratzen.
Egileaz:
Edurne Gaston Estanga elikagaien zientzia eta teknologiako doktorea da. Gaur egun, zientzia eta teknologiaren ezagutza zabaltzea sustatzen duten erakundeen proiektuak kudeatzen ditu.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko urtarrilaren 22an: «Isabel Joy Bear, la científica que puso nombre al aroma de la lluvia».
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.