Txorien kantuek sortzen duten plazeraren atzean dagoen zientzia
Ikertzaile talde batek argitu du zeintzuk diren gizakiek gustukoen dituzten txorien kantuak. Horretarako, pertsonen gustuak eta txorien ezaugarri akustikoak alderatu dituzte.
Inguru natural batetik paseatzea ikuskizun ederra izan ohi da. Jakina denez, gizakioi ikusmena da informazio gehien ematen diguna, eta hori da edertasunaz gozatzeko daukagun bide zuzenetako bat. Ez da bakarra, ordea. Are, sarritan, hainbat zentzumen batera elkartzen direnean, une magiko deitu daitekeen horietako bat bizi daiteke. Horretan, zalantzarik gabe, entzuten duguna —edota ezer ez entzutea, kasu askotan— gako izan daiteke. Haizeak, uraren mugimenduak edota animalien soinuek agertoki bikain bati soinu banda ederra jarri dakieke. Eta, horretan, noski, hegaztien kantuek zeresan handia dute.

Gustuko ditugu kantu horiek, eta hori egunaren hasieratik igartzen da. Unearen arabera, iratzargailuak jotzen duenean goizean goiz esnatzea ez da normalean batere atsegina, baina ia jende gehiena bat etorriko da inguruan txorien kantu ederrak entzunez gero esnatze hori politagoa delako ideian.
Baina txio guztiak ez zaizkigu maila berean gustatzen, eta ikertzaile talde batek horretan sakondu nahi izan du. Zehazki, hegaztien kantuen ezaugarriak aztertu dituzte, eta saiatu dira argitzen horietatik guztietatik zeintzuk diren gizakiei gehien gustatzen zaizkienak. Frontiers in Bird Science aldizkarian argitaratutako ikerketa batean azaldu dute aurkitu dutena.
Esperimentu batean oinarritu dute ikerketa. Hainbat astez zenbait laguni txorien kantuak entzuteko eta baloratzeko eskatu diete. Parte hartzaileek kantu bakoitza gustuko zuten edo ez erantzun diete ikertzaileei. Orotara, 84 parte hartzailek emandako erantzunetan oinarritu dute gaiari buruzko azterketa. Horiei Alemanian ohikoak diren 123 basa hegaztien kantuak entzunarazi dizkiete, eta entzundako kantu bakoitza batetik bostera arte doan eskala batean puntuatzeko eskatu diete. Modu berean, ikertzaileek parte hartzaileei galdetu diete hegaztiei buruzko ezagutzak ote dituzten.
Behin inkesta horren datuak eskuratuta, txioen ezaugarri akustikoak aztertu eta identifikatu dituzte. Besteak beste, anplitudea, frekuentzia eta kantu bakoitzaren konplexutasuna aztertu dituzte. Logikoa denez, bi informazio multzoak alderatu dituzte, horien artean korrelazioak aurkitu nahian: parte hartzaileen gustuak, ornitologiari buruz duten ezagutza eta hegaztien kantuen ezaugarriak.
Espeziez espezieko ondorioei dagokienez, zozoen kantua izan da atseginetako bat: banda zabalera meheagoa dute hauek, bai eta konplexutasun handia ere. Oro har, giza entzumena oso sentikorra den frekuentzia tarte batetik urrun egoten dira espezie honen txioak. Kontrako tokian daude, adibidez, hontz espezieak, horiek baitira puntuazio baxuena lortu dutenak.
Pertzepzioari erreparatuz, konturatu dira soinu baxu eta indartsuagoak —anplitude eta frekuentzia gutxiagoa dutenak— hobetu entzun direla. Txorrotxio guztiak ez dira berdin atzematen, espezie bakoitzak berezko ezaugarriak garatu dituelako eboluzioan zehar, izan dituzten beharren arabera hobe egokitu direnak faboratuz. Hainbat dira txorrotxioen ezaugarrietan eragiten duten faktoreak: hegaztiaren anatomia, habitata edota transmititu behar duen informazio mota. Soinu baxuenak, bestetik, altuak baino urrutiago transmititu daitezke. Azkenik, konturatu dira parte hartzaileen hautuek giza entzumena bereziki sentikorra den frekuentzia tartea saihesten dutela, horietan soinua desatsegina delako.

Tübingengo (Alemania) unibertsitateko ikertzaile Christoph Randlerrek azaldu du banda zabalera estuagoko eta konplexutasun handiagoko kantuak hartu izan direla atseginagotzat. Hegaztiei buruzko ezagutzei dagokienez, gehien ezagutzen dutenek joera handiagoa izan dute puntuazio altuagoak emateko, baina berez ez dute harremanik aurkitu ezagutza eta kantuen inguruko balorazioen artean.
Hortaz, argitu dute zeintzuk diren gustuko ditugun ezaugarri akustikoak, baina zientzialariek oraindik ez dute lortu jakitea zergatik garunak batzuk besteen gainetik lehenesten dituen. Dena dela, uste dute horren oinarria musikaren gainean jendek izan ohi dituen preferentzietan egon daitekeela. Susmoa dute egitura akustiko batzuk bereziki nahiago ditugula, agian soinu horiek prozesatzeko errazagoak direlako. Oro har, erdibideko tonuak lehenesten dira, altuegiak edo baxuegiak direnak alboratuz.
Esperimentuaren beste pasarte batean, lorategi batetik paseoan ari zirenak bi multzotan banandu dituzte. Talde bati eskatu diete arreta berezia jartzeko txorietan kantuetan. Talde honetan, egiaztatu dute estres gutxiago izan dutela; zientzialariek ondorioztatu dute horrek adierazten duela inguruneaz jabetzeak ondorio fisiologikoak dituela.
Ikerketa hau hara bideratuta egon ez bada ere, egileek gogora ekarri dute lehenago egindako beste zenbait ikerketak ondorioztatu dutela txorien kantuek gizakien ongizate psikologikoan onerako eragin dezaketela. Ikertzaileek argudiatu dute beren asmo praktikoa dela parkeak hobetzea, bai eta estresa eragin dezaketen tokien diseinua gauzatu ere.
Egileek babestu dute hegazti asko gai direla haien artean komunikatzeko; are, arrisku baten berri emateko espezieen arteko komunikazioa egon daitekeela sinetsita daude. Kasurako, aurkitu dute kaskabeltz handiaren (Parus major) ohartarazpen deiak desberdinak direla aurrean daukaten harrapakariaren arabera.
“Baliteke gu baldintzatuta egotea anplitude handiagoko eta frekuentzia baxuagoko soinuak nahiago izateko, horiek ingurune segurua, osasungarria eta lasaigarriago baten adierazle direlako; erlaxatu ahal izateko modukoak, hain zuzen”, iradoki du Nadine Kalb ikertzaileak.
Testuingurua ere aintzat hartu beharra dagoela uste dute. Ideia horren arabera, naturan hegaztien kantua entzuten dugunean, jakin badakigu soinu hori bizirik dagoen animalia batena dela, eta zein espeziekoa den ezagutzeko jakingura sor dakiguke. Horrek eragin dezake “ingurune naturalarekiko lotuta sentiaraztea”, Kalben arabera. Aurreratu dute etorkizunean kultura desberdinetako parte hartzaile gehiago aztertu nahi dituztela, bai eta esperimentuetan hegaztiekiko esperientzia gehiago duten pertsona gehiago sartu ere.
Erreferentzia bibliografikoa:
Kalb, Nadine; von Lücken, Gesa; Lukanowski, Judith; Dechant, Florian; Randler, Christoph (2026). Analyzing the acoustic parameters of bird vocalizations and their perceived pleasantness by humans. Front. Bird Sci, 5. DOI: 10.3389/fbirs.2026.1794594
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.